Nola eragiten dio COVID-19k hiriko ekonomiari?. Zer neurri hartzen ari dira hiriak eragiten ari diren ondorioak arintzeko?

COVID-19ak eragin duen osasun krisia dagoeneko krisi ekonomikoa eta lan merkatukoa bihurtu da, zaurgarritasun handiko eragile bat tartean dela: hiriak. Zergatik? Borroka latzenetako asko hirietan gertatuko direlako. Lehenengo, hiriak epidemiaren inkubagailu bihurtu dira, askoz ere azkarrago ari da jendea hirietan kutsatzen. Espainian, eskualderik kaltetuena, bai termino absolutuetan eta bai erlatiboetan, Madril izan da. Martxoaren 30eko datuak hartuta, AEBetan kutsatu diren pertsona guztien % 45 inguru New Yorkeko metropoli eremukoak ziren, herrialde hartako eskualderik handien eta jendetsuenekoak. Era berean, horrelako krisi batek ondorio ekonomikoak ditu hiriaren funtzionamenduan oso garrantzitsuak diren bi elementutan: aglomerazioa eta konektagarritasuna.

Hirien jarduera ekonomikoaren oinarria, neurri handi batean, pertsona, enpresa eta erakunde kopuru handi bat biltzea da. Ekonomian, aglomerazio ekonomia esaten zaio fenomeno horri. Horren barne daude kafetegiak, jatetxeak, merkatuak eta denak, hotelak, merkataritza guneak, museoak, kirol ekitaldiak, biltzarrak, ikastetxeak… Pertsonen kontzentrazioak, aldi berean, enpresei aukera ematen die langileak kontratatzeko eta talentua erakartzeko, kualifikazio eta espezializazio handikoa, gainera. Baina aglomerazioaren garrantzia ez da soilik pertsonen, enpresen eta erakundeen kontzentrazioan oinarritzen; aitzitik, horien guztien arteko konexioa ere funtsezkoa da. Hiriak kapital berriaren, sorkuntzaren eta berrikuntzaren epizentro bihurtu dira, hurbiltasunak serendipia sortzen duelako, “spillover” eragina, eta ideia eta aukera berrien iturburu diren konexioak. Konfinamenduak denok etxean itxi gaitu, eta, kolpe bakarraz, aglomerazioak eskaintzen digun guztia ezerezean utzi du. Gainera, eta aurrekoarekin lotuta, hiriak gakoak dira nazioarteko sareetan, eta turismoa, inbertsioa edo kultura erakartzen dute. Gakoak dira, halaber, merkataritza globalean eta nazioarteko lan eta profesionalen sareen garapenean. Krisiak mugikortasunari jarri dizkion mugak eta, ziur aski, irteera ere mailakatua izateak ondorioak izango ditu dimentsio horretan.

Egoera horren aurrean, hiri asko lanean hasiak dira krisiaren eraginak arintzeko neurri multzoak prestatzen. Orkestran, Bilbao Next Lab proiektuari lotuta, benchmarking bat egiten ari gara beste hiri batzuetan aurrera eramaten ari diren ekintzak eta politikak ezagutzeko. Analisi horretatik ondorioztatu dugu, orain arte, behintzat, krisiaren bi faseetarako neurriak ari direla definitzen.

Tokian tokiko gobernuak, erresistentzia fase honetan, nazio, eskualde eta probintziako gobernuek bultzatutako neurriak bideratzen ari dira, nagusiki. Aztertu ditugun kasu guztietan, tokiko gobernuak eskaintzen ari diren laguntza ekonomiko gehienak beste administrazio batzuetatik datoz eta hiriak laguntza horiek egoki banatzeko lanean ari dira, enpresentzat, autonomoentzat eta herritarrentzat, oro har, leihatila bakarreko zerbitzuak eskainiz. Politikaren ikuspegitik, horrek erakusten du hiriak mapa globalean gero eta garrantzitsuagoak badira ere, beste lurralde errealitate zabalago batzuen mende daudela. Horregatik, hirien garapenerako funtsezkoa da lurralde errealitate zabalago horiekin lantzen den lotura.

Horretaz gainera, udal erakundeak tokiko enpresen beharren eta eraginen diagnostikoa egiten ari dira (Toronton, esate baterako, onlineko inkesta baten bidez) eta horrek erakusten digu hurbiltasuneko eragile nagusiak direla.

Toki askotan ikusten diren beste neurri batzuk dira udal tasak atzeratzea edo salbuestea, kultur jarduerari eta aisiari lotutakoari berariaz laguntzea, funtsezkoak baitira hirietan, eta gizarte izaerako beste zenbait neurri. Helsinkin, adibidez, call center bat jarri da abian 80 urtetik gorako herritarrei laguntzeko. Tallinen, bestalde, onlineko hackathon bat antolatu da krisi honetan zailtasunak dituzten kolektiboei laguntzeko moduak bilatzeko. Irtenbideetako bat izan da COVID-Help plataforma sortzea, tokiko boluntarioak beren komunitateko pertsona zaurgarrienekin lotzen dituena.

Lehenengo fase hau amaituta, hiriek suspertze neurriak bilatu beharko dituzte. Horretarako, gure galderei erantzun dieten hiriek adierazi digute krisiaren eraginak xehetasun handiagoz aztertuko dituztela eta berariazko laguntza neurriak garatuko dituztela, baina oraindik zaila dela neurri horiek nolakoak izango diren aurreikustea. Ekonomiaren ikuspegitik, bi arazok kezkatzen ditu gehien: ekoizpen ehunaren likideziari eutsi ahal izatea eta langabeziari aurre egitea. Hain zuzen ere, hiriek aglomerazioaren eta hurbiltasunaren abantailak berreskuratuko dituzte beren politikak planteatzeko. Era berean, fase honek aukera berriak ekarriko ditu gizarte eta ekonomia erronkei –besteak beste, iraunkortasunerako trantsizioari edo digitalizazioari– aurre egiteko.

Hainbat adibide ikusi ditugu ildo horretan. Bartzelonan, pentsatzen ari dira living lab-eko ekimenak COVID-19aren krisiak ekarriko dizkigun erronketara bideratzea, horrela enpresa eta teknologia ekosistemari laguntzeko; Helsinkik hartuko dituen neurriak ‘climate friendly’ apustuarekin lerrokatuko ditu; Rotterdamek kontsumitzaileen tokiko plataformak garatu nahi ditu, hurbileko merkataritzaren digitalizazioa bultzatzeko. Erronka horiek konplexuak dira oso; horregatik, inoiz baino gehiago, behar-beharrezkoa da irtenbideak elkarlanean garatzeko ereduak lantzea.

Hiriek, historian zehar, hainbat eta hainbat pandemia bizi izan dituzte, baina horietako batek ere ez du inoiz zalantzan jarri beren erresistentzia. Nahiz eta orain, konfinamenduaren erdian, “hiri mamuak” diruditen, ikus ditzagun beste modu batera: gizarte sareetako hizketaldi eta eztabaida horiek guztiek, memeek, gifek, balkoietako banakako eta taldeko ekintzek eta abarrek espazio publikora eta elkarrekin egotera itzultzeko beharra erakusten dute. Krisi honek zerbait, bederen, erakutsi digu: partekatzen dugun espazioaren gizarte, eta, ondorioz, ekonomia, balioa ikaragarria da, neurtezina.


Mikel Albizu

Mikel Albizu

Mikel Albizu Orkestrako doktorego aurreko ikertzailea da.

Enplegua eta hura bultzatzen duten faktoreak ditu aztergai nagusi, eskualde eta tokiko mailan. Hirigintzaren eta lurralde antolaketaren esparruan ere lan egin izan du.

Perfil osoa ikusi


miren estensoro

Miren Estensoro

Miren Estensoro Ekonomian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzailea. Deusto Business Schooleko irakaslea ere bada.

Perfil osoa ikusi