Orain dela urte batzuk hainbat melodia hasi ginen entzuten, aditzera ematen zigutenak, etorkizunean “desikasten ikasi beharko genuela, berriro ikasteko”, eta dimentsio izugarriko aldaketa prozesu batean geundela, “trantsizio digitala” izenekoa. Musika, kontrapuntu eta fuga moduan, duela urtebete iritsi zitzaigun eta etorkizuna aurreratu egin zaigu.

Krisiak inflexio puntuak izan ohi dira, krisiak kudeatzeko moduak gizarte eta ekonomia kohesio edo oreka handiagoa ekar dezake edo guztiz kontrakoa. Dagoeneko ikusi dugu osagai digitala lehenengo hilabeteetako erasoei erantzuteko elementu baliagarria izan dela, baina erantzun mota horrek eraginak ditu sistema osoan. Ikusi besterik ez dago nola handitu den plataforma handien garrantzia eta nolako eragina izaten ari den denda txiki eta ertainetan. Pitzadura txiki horrek, ordea, hedadura handiko aldaketa tektoniko bati erantzuten dio: iraultza digitala deitu izan diogu, eta datozen urteetan askotariko ondorioak izango ditu.

Enpresa guztiak ez zeuden berdin prestatuta bilakaera edo disrupzio digitalerako. Batzuk aspaldian hasi ziren etxeko lanak egiten, beren merkatuen ezaugarrien bilakaerari erantzunez, besteak beste, irekitzeari eta lehiakortasunari dagokionez. Enpresa horietako asko egoera berrira egokitzen joan dira. Beste batzuek, ordea, zailtasun handiagoak dituzte, arrisku handiagoari erantzun behar diote, dela barne arrazoiengatik dela jokalari berrien bultzadarengatik edo kontsumitzailearen portaeren aldaketengatik, esate baterako.

Txosten batzuetan ageri da gaur egungo krisitik irteteak desberdintasun maila handitzea ekarriko duela, bai enpresetan eta bai pertsonengan. Antzekoa gerta daiteke, halaber, EAEko enpresa txiki eta ertainen maila digitalean ere. Alegia, susperraldi digitala asimetrikoa eta bi abiadurakoa izateko arriskuan al gaude?

Azken datuek paradoxa erlatibo bat berresten dute: enpresetan teknologia txertatzea eta negozio digitala ez dira sinonimoak. Nola gerta liteke hori? Benetako eraldaketak, azken batean, enpresaren kultura eta portaerak aldatzea eskatzen du, osagai digitala negozioaren eranskin edo osagarri huts bat izan ordez, guztiz txertatuta egon dadin pentsatzeko eta egiteko moduan, etorkizunean ere lehiakorrak eta iraunkorrak izatea lortzeko. Hala, produktu batean egiten den berrikuntza teknologikoak ez dakar, nahitaez, prozesuari, bezeroari edo merkatuari lotutako berrikuntza digitala.

Euskadi enpresa txiki eta ertainen lurraldea da. Enpresa txiki eta ertainen mosaiko honen ezaugarriak, beste hainbaten artean, heterogeneotasuna eta zatikatzea dira. Baina, aldi berean, balio kateen barnean daude eta horietan, enpresa jakin batzuek txiki eta ertainekiko trakzio lana egin dezakete, ikuspegi digitaletik ere (digital pull). Eta, bestalde, osagai digitalean berritzaileenak diren enpresa txiki eta ertainak, horien artean, startupak, balio kateetan bultzada digitalari (digital push) laguntzen ari dira.

Gure enpresa txiki eta ertainak krisitik bi abiadura digitaletan ateratzeko arriskua gutxitzeko zer egiten dugun galdetuz gero, erantzunaren zati bat, neure iritziz, bide hori egiten laguntzea izango da. Lurralde adimenduna izanik, adimen kolektiboari dagokion balioa emateko gai bagara, alegia, elkarrengandik ikasteko eta elkarrekin hazten ikasteko gai bagara, erresilientzia kolektiboa lantzen arituko gara. Gen hori ere eraldaketa estrategiaren osagai nagusietako bat da. Asko dugu jokoan.

Ez dira besoak mastara lotuta edukitzera eramaten gaituzten itsaslaminen kanta eztiak; aitzitik, arrantzale baleazaleen garaiak dira eta zortzikoa entzuten da urrunean.


Agustín Zubillaga

Agustín Zubillaga

Agustin Zubillaga, Orkestrako Ekonomia digitaleko Lab-aren koordinatzailea, Informatika Ingeniaritzan eta Telekomunikazioetan doktorea da, Deustuko Unibertsitatean. Telekomunikazioen eta softwarearen sektorean hasi zuen bere lan ibilbidea. Irakasle ere izan da, softwarearen ingeniaritzan, hainbat unibertsitatetan (Euskal Herriko Unibertsitatea, Kantabriako Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea).

Perfil osoa ikusi