Duela hilabete batzuk aukera izan nuen DFS-Digital Future Societyk antolatutako lan saio batzuetan parte hartzeko, Europako Platform to Business (P2B) erregelamendua aztertzeko. Saio horietan landutako ekintzak eta gomendioak erakunde horrek argitaratu berri duen “Regulación de las relaciones entre plataformas y empresas: Cómo maximizar las oportunidades que ofrece el Reglamento P2B a las pymes y las plataformas en España y otros países" txostenean bildu dira.

P2B erregelamendua 2019ko uztailean sartu zen indarrean eta onlineko plataformen eta enpresen arteko harremanak arautzea du helburu. Horretarako, hainbat arau ematen ditu. Zehazki, eta Europako Batzordeak berak adierazi duenez, “enpresa txikientzat eta onlineko plataformetako saltzaileentzako enpresa ingurune bidezkoa, gardena eta aurreikusteko modukoa sortzeko lehenengo arau multzoa da”.

Gaur egun, merkataritza elektronikoan plataformek duten funtzioa erabakigarria da. DFSren txostenak eskaintzen dituen datuen artean, azpimarratzekoa da Europako milioi bat enpresa inguruk plataformak erabiltzen dituztela bezeroengana iristeko eta horietatik % 82 bilaketa motorrez baliatzen dira ondasunak eta zerbitzuak sustatzeko. Gainera, Interneten aritzen diren Europako hiru txikizkari nagusiak Amazon erabiltzen duten kanpoko saltzaileak, Amazon bera eta eBay erabiltzen duten kanpoko saltzaileak dira. Plataforma ezagu horiek merkatu kuotak hurrengo lehiakideenak halako hiru dira.

Arrakasta horren arrazoi nagusia da plataformek aukera paregabeak eskaintzen dituztela, merkatu berrietara sartzeko ateak irekitzen dituztelako –esate baterako, mugaz gaindiko merkatuetako ateak– eta, horregatik, oso garrantzitsuak bihurtu dira enpresa askoren negoziorako. Plataformak funtsezkoak dira enpresak eta munduko osoko bezerogaiak harremanetan jartzeko eta hori oso interesgarria da, bereziki, enpresa txiki eta ertainentzat. Orkestrak DESI 2020 indizea (Economy and Society Index) neurtzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia eta Gizarte Digitalei buruz argitaratu berri duen azterlanean, aipatzen da gure lurraldean onlineko merkataritzan aritzen den enpresa txiki eta ertainen ehunekoa % 12 dela –ehuneko hori erdira jaisten da soilik atzerrira egindako salmentak kontuan hartzen baditugu– eta horrek, salmenta guztien % 5,6 adierazten du. Hiru adierazle horietan, Euskadik lortzen dituen emaitzak Espainiakoak edo Europar Batasunekoak baino kaxkarragoak dira. Gaur egungo egoeran, pandemiak merkataritza digitalaren bat-batezko hazkundea ekarri duela kontuan hartuta, enpresa txiki eta ertainek plataformak erabiltzeak lagundu dezake merkatu mota horretan beren kokapena indartzen eta, aldi berean, funtsezkoa izan daiteke barne merkatuan bertan jarduerari eusteko.

Hala eta guztiz ere, DFSren txostenak adierazten duen bezala, plataformen eta enpresen arteko lankidetza horren abantailen ondoan, arriskuak ere aipatu behar dira, ez baitira hutsaren hurrengoak enpresentzat. Izan ere, plataformen eta enpresen artean sortzen den harremana ez da beti orekatua izaten eta, zenbaitetan, botere gehiegikeriak ikusten dira, bereziki plataforma handienak enpresa txiki eta ertainekiko. Europako Batzordeak 2017an aztertu zituen harreman horiek eta “desleialak izatera irits daitezkeen merkataritza jardunbideak” antzeman zituen. Horien adibide izan daitezke harremanaren ezaugarriak eta baldintzak inposatzea (jokabide bidegabea, zalantzarik gabe), “parekotasun klausulak” txertatzea, plataformaren beraren zerbitzuak sustatzea, edo sarrera ukatzea edo sartzeko baldintzak aldatzea, beti ere, inolako gardentasunik gabe”.

2019/1150 Erregelamenduak (EU), Europako Merkatu Digital Baturako Estrategiaren barruan dagoenak, arazo horiei konponbide bat eman nahi die. Zehazki, onlineko bitartekotza zerbitzuek merkataritza erabiltzaileekiko ekitatez eta gardentasunez jokatzea sustatu nahi du. Erregelamenduaren elementu nagusietako bat sailkapen parametroei dagokie eta bilaketa motorrei eragiten die. Sailkapenean hartzen den tokia, lehiakideen aurrean ikusgarritasuna edukitzeko eta gainerakoekin alderatuta nabarmentzeko funtsezkoa dena, parametro algoritmikoek erabakitzen dute. P2B Erregelamenduak plataformei eskatzen die beren termino eta baldintzetan jakinarazteko zein diren erabiltzaileen ondasunei eta zerbitzuei nagusitasuna emateko erabiltzen dituzten parametro nagusiak. Sailkapenaren gardentasunari lotutako eskakizun horiez gainera, plataformek enpresei adierazi behar dizkiete datu konfidentzialak eskuratzeko eta kudeatzeko politikak.

Bestalde, enpresek aukera berriak dituzte bitartekari hauekin dituzten merkataritza harremanetan sor daitezkeen gatazkak ebazteko, esate baterako, barneko erreklamazio mekanismoak (nahitaezkoak soilik plataforma handientzat). Era berean, kanpoko bitartekaria proposatzen da, epaitegiez kanpoko akordioak errazteko.

Hala eta guztiz ere, gabezia batzuk ere ikusten zaizkio P2B Erregelamenduari. DSFren txostenak aipatzen dituen gabezien artean enpresa txiki eta ertainek adierazitakoak daude. Enpresa horiek uste dute gardentasun handiagoa eskatzea ez dela nahikoa plataformen nagusitasuna mugatzeko. Besteak beste, aipatzen dute horrela ez direla desagertzen plataformei azalpenak eskatzeko orduan dauden disuasio elementuak (baliabide eta jakite berezirik ez edukitzea, plataformen balizko errepresalien beldurra…). Bestalde, plataformek ere ez dute begi onez ikusi gardentasun erreklamazio hori, uste baitute beren algoritmoen funtzionamenduari buruzko xehetasunak emateko arriskua dakarrela eta algoritmo horiek dira, neurri handi batean, beren lehiatzeko abantailaren oinarria.

Txostenean aipatzen denaren haritik, esan dezakegu nahiz eta oraindik erronkak eduki, P2B Erregelamendua lehenengo urratsa izan daitekeela, aukerak eskaintzen dituelako. Eta etorkizunean beste araudi batzuek indartuko dutela, horien artean, Zerbitzu Digitalen Legeak eta Merkatu Digitalen Legeak, 2020ko abenduan proposatutakoak.

Baina plataformen munduak ez gaitu Amazon, Google eta antzekoetan pentsatzera bakarrik eraman behar. Ikuspegia aldatu nahiko nuke eta, labur bada ere, tokiko plataformak aipatu, bereziki sektore publikoak bultzatutakoak edo lankidetza publiko eta pribatuaren emaitza direnak. Eskalari begiratuta alderagarriak ez badira ere, beste abantaila batzuk dituzte eta tokiko merkataritzan izan dezaketen eragina zuzenekoa eta berehalakoa da. Tokian toki erabiltzerakoan (auzoak, barrutiak, herriak eta hiriak), plataformek beste ezaugarri batzuk hartzen dituzte eta eredu alternatiboak eskaintzen dizkigute, gizarte osagai nabarmenekoak. Formula horren bidez, tokikoa eta digitala uztartuta, plataformak, askoz ere hurbilagoak, erabiltzaileen zerbitzura jartzen dira, merkatarien zerbitzura eta azken kontsumitzaileen zerbitzura, bi talde horien interesak kontrajarriak ez direla erakutsiz.

Euskal Autonomia Erkidegoan baditugu horrelako adibideak. Horietako bat “DendaGo!” da, Euskal Autonomia Erkidegoko denda, artisau eta ekoizleek internet bidez produktuak eta zerbitzuak saltzeko plataforma. Proiektua 2018an sortu zen, Euskal Dendak elkarteak bultzatuta eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuta. Hasieran, berrogeita hamar denda inguruk parte hartu zuten plataforman eta, gaur egun, ia ehun dira. Beste ekimen garrantzitsu batzuk “Eup” plataforma eta Donostia Market Plaza dira. Lehenengoak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren babesa du eta Bizkaiko tokiko merkataritza sustatzea du helburu; bigarrena, aldi batekoa da eta hiriko merkataritza eta ostalaritzari lagundu nahi dio, pandemiak haiengan eragin handia izan baitu.

Horrekin guztiarekin agerian jarri nahi dugu mundu digitalaren konplexutasunak, zeharkakotasunaren, etengabeko dinamismoaren, eragileen tamaina eta kopuruaren edo, dagoeneko ikusi dugun bezala, eragile talde jakin batzuen pisuaren eta eraginaren ondorio denak, ez duela esan nahi ideia digital berritzaileak, ezinbestean, eskala handian pentsatu behar direnik. Batzuetan, baliabide digitalek lurralde baten lehiakortasunari eta ongizateari ekimen txikien bidez lagundu diezaiokete, alegia, tokiko ikuspegia duten ekimenen bidez.


Carla Peletier

Carla Peletier

Carla Peletier, Orkestrako Ikerketako bideratzailea, Ekonomian lizentziaduna da, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Lizentziaturako azken urtea Pariseko Dauphine Unibertsitatean ikasi ondoren, Ekonomia Aplikatuko titulazio bikoitza eskuratu zuen unibertsitate horretan. Nazioarteko Harremanetako eta Kanpo Merkataritzako Masterra da, ALITER Nazioarteko Negozio Eskolan.

Perfil osoa ikusi