Lehiakortasuna ez da ekonomiaren ikuspegitik bakarrik uler daitekeen zerbait, eta horretaz behin baino gehiagotan hitz egin dugu post honetan. Hain zuzen ere, lehiakortasun inklusiboa bultzatzeko beharraz aritu ginen post honetan, eta lehiakortasunaren ingurumen eta gizarte alderdiak neurtzeko Europan eta nazioartean egiten ari diren ahaleginak ere azaldu genituen, herritarren ongizatea hobetzen lagunduko duten politikak diseinatzeko.

Baina, zergatik iruditzen zaigu hain garrantzitsua ongizate inklusibo eta jasangarriaren zerbitzura egongo den lehiakortasuna bultzatzea?

2008tik aurrera bizi izan dugun krisi ekonomiko larriaren ondoren, lehiakortasun kontzeptu horri zerbait falta zaiola iruditzen zaigu. Ikerketa berriak behar dira gizarteak lurraldeen lehiakortasunean duen zeregina kontuan hartzeko. Alegia, BPGtik harantzagoko ikuspegia behar dugu, ekonomia alderdiez gainera, gizarte eta ingurumen alderdiak ere barne hartuko dituena, eta, hala, lehiakortasunaren, gizartearen eta gizarte ongizatearen arteko harremana landuko duena. Izan ere, “ekonomia estandarraren” azterketak eskaintzen digun esparrua ez da egokia gaur egungo ekonomia globalizatu eta oso aldakorrek dituzten arazoak aztertzeko.

Europako Batzordeak, Gizarte aurrerapena: neurketatik ekintzetara postean adierazi genuen bezala, ahalegin bat egin du lurraldeen aurrerapena emaitza ekonomikoez harantzago neurtzeko. Horrela, kontzeptu horietan oinarritutako garapen estrategien diseinuan lagundu nahi du.

Baina ongizatearen zerbitzura egongo den lehiakortasun eredua bultzatzeak politika publikoen irismena gainditzen du eta askotariko interes taldeen ekintzei bidea ematen die, horien artean, enpresak, komunitateko eragileak, herritarrak, ikerketa erakundeak, etab.

Esate baterako, Nazio Batuen Erakundea, 2030 Agendari lotuta, ahaleginak egiten ari da entitate pribatuak ekintzara eta ezarpenera eramateko, asmo handiko helburuak aurrean jarrita. Era berean, Garapen Jasangarriko Helburuekin integratzea bultzatu nahi da. Zehazki, enpresa sektoreari dei egin zaio Garapen Jasangarriko Helburuak lortzen laguntzeko duen konpromisoa indartzeko, enpresa estrategiak garatzearen eta ezartzearen bidez, gizartean eragin positiboa lortzeko. Ikuspegi jasangarriagoa eta inklusiboagoa enpresen lehiakortasunerako faktore garrantzitsua da. Hala, enpresek beren eragiketak, produktuak eta zerbitzuak hobetu ahal izango dituzte mundu jasangarriago baten alde lan egiteko. Eta helburu horiek beren zuzeneko irismenetik harantzago zabaldu ahal izango dituzte, balio kateetan zehar.

Mugaz gaindiko espazioa esanguratsua al da espazio hori osatzen duten lurraldeen lehiakortasuna hobetzeko, gizarte garapenaren ikuspegitik begiratuta?

Lurralde batentzat eta bertako enpresentzat ikuspegi horrek izan dezakeen balioaz jakitun, joan den otsailaren 5ean, COMPET Plus proiektuari lotutako lan saio bat izan genuen. Proiektuak NAEN (Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa) mugaz gaindiko espazioan enpresen lehiakortasuna eta enpresa txiki eta ertainen berrikuntza bultzatzea du xede, mugaz gaindiko lankidetzaren bidez. Aipatutako lan saioan, Fundacio Catalunya Europa erakundeko Marc Tataret eta Francesc Colomék mugaz gaindiko espazioetako gizarte aurrerapenari buruzko aurkezpen bat egin zuten.

Egileek, beren ikerketa aurkezterakoan, azaldu zuten mugaz gaindiko espazio osoaren gizarte eta ingurumen arazoak antzematea oinarri egokia izan daitekeela irtenbideak elkarrekin garatzeko, berez norberaren eskualdea baino zabalagoa den merkatuan, hurbiltasun fisikoa eta kulturala dituena.

Egileek Europako mugaz gaindiko 12 espazio aztertu dituzte eta espazio horiek sortzeko oinarriak zehaztu. Hain zuzen ere, NAEN espazioa (Akitania Berria, Euskadi, Nafarroa) harreman ekonomikoak indartzeko interesean oinarritzen diren eremuen artean sartzen dute. Beste eremu batzuek kultur hurbiltasuna edo interes politikoa dute oinarri. Era berean, ikerketak euroeskualde horien gizarte aurrerapeneko maila jakin nahi du eta erronka komunak identifikatzera iritsi. NAEN gizarte aurrerapen handieneko Europako euroeskualdeetako bat da (Bornholm-Sud-est d’Escània eskualdearen atzetik, Suedia eta Danimarkan), eta Frantzia eta Espainiako herrialdeen antzeko aurrerapen maila du. Euroeskualdearen indarguneetako bat oinarrizko giza beharretan aurkituko dugu (elikadurari, oinarrizko osasun arretari eta ur eta saneamenduari lotutako adierazleen multzoa), Bestalde, erronken artean aipatzekoak dira ingurumenarekin lotutakoak eta herritarrek beren erakundeetan duten konfiantzari dagozkionak.

Ikerketa honen aurkezpenak gogoeta bat piztea zuen helburu: NAEN espazioa, gizarte eta ingurumen behar berezi eta berezkoak dituena, euroeskualdearentzat hazkunde eta enplegu bektore izan daitekeen aztertzea. Gogoeta horrek ekar dezake aukera gisa ikustea lurraldearen erronkei aurre egiteko irtenbideak garatzeko aukera. Ildo beretik, enpresen arrakasta beste modu batera definitzea ere adostu daiteke, xede bat oinarri hartuta eta gure mugaz gaindiko espazioaren gizarte eta ingurumen beharren ikuspegi zabalagoarekin.

Eta politika eta enpresa munduan antzeman daitezkeen mugimenduak ikusita, ekonomia, ingurumena eta gizartea eraldatzeko erronka funtsezkoa izango da enpresa eta berrikuntzako aukera berriak sortzeko. Politikan, esate baterako, COVID-19aren krisiaren ondorioek eta politikak Garapen Jasangarriko Helburuekin lerrokatzeak ekartzen dute, gaur egun, jasangarritasun eta inklusio kontzeptuak Europako berrikuntza politiketan integratzea. Ildo horretatik, Philip McCann eta Luc Soetek Place-based innovation for sustanibility txostenean proposatzen dute S3 politiken bilakaera bat, S3tik S4+-era igarotzeko, alegia, garapen jasangarri eta inklusiborako espezializazio adimenduneko estrategietara. Izan ere, egile horiek sute dute berrikuntzak ez duela itsu-itsuan jarraitu behar lehiakortasunaren logika, baizik eta eskualdeko gizarte erronka zabalagoei erantzun behar diela. Hala, bitarteko pauso bat izango litzateke, jasangarritasun eta inklusioa sustatzeko epe luzeko helburuetako bidean. Enpresei dagokienez, gizarte eta ingurumen beharrak berrikuntza eta ekintzailetza bektore gisa integratzea eskatzen du horrek. Bide horretatik, balio proposamen berriak sor daitezke, esparru horietako arazoak konpontzeari lotuta.

Gizarte bidezkoago, jasangarriago eta inklusiboagoetara eramango gaituzten aldaketak eta eraldaketak sortzeko eta sustatzeko garaia da. Eta zergatik ez NAEN espazioan, elkarrekin lan egitera ohituta gauden espazio horretan?


usue lorenz

Usue Lorenz

Usue Lorenz, Orkestrako ikerketako bideratzailea, Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da, Nazioarteko Kudeaketako espezialitatean. Nazioarteko kudeaketako Masterra egin du eta lurraldeen lehiakortasunari buruzko beste hainbat ikastaro (berrikuntzari, lurralde garapenari eta Europako berrikuntza programei buruzko ikastaroak eta hitzaldiak)..

Ikusi profil osoa


Mercedes web

Mercedes Oleaga

Mercedes Oleaga, Orkestrako ikerketako bideratzailea, Soziologian lizentziaduna da eta Ikasketa Aurreratuen Diploma du, Nazioarteko Ekonomian eta Garapenean.

Profil osoa ikusi