Gizarte dimentsioak beti izan du toki berezia Europako agendan, integrazio prozesuaren lehenengo urratsetatik hasita. Izan ere, gizarte aurrerapena berariaz aipatzen da Europar Batasuneko Itunean bertan. Orduz geroztik, kontzeptua Europako hainbat estrategiatan txertatu da eta dokumentu eta agiri ugaritan azaltzen da. Europako Batzordea ere ahalegindu da gizarte aurrerapena neurtzen: Gizarte Aurrerapenaren Indizearen egitura oinarri hartuta, Europako Batzordeak 2016an Europar Batasuneko Gizarte Aurrerapeneko Eskualde Indizea (EU-SPI, ingelesezko sigla) argitaratu zuen eta, berriki, indize horren bigarren edizioa argitaratu du, emaitzak eguneratuta.

Europako Batzordearen iritziz, EU-SPIk informazio garrantzitsua eskaintzen du eskualde garapeneko estrategiak elikatzeko eta, horrela, laguntzen du, alde batetik, inbertsio lehentasunak identifikatzen eta, beste alde batetik, eskualdeko garapen helburuen lorpen maila ebaluatzen. Nola lor daiteke hori?. Azken bi urteetan, Orkestrak Europako beste bazkide batzuekin batera lan egin du eskualde askotako proiektu pilotu batean "Measuring what Matters to EU Citizens: Social Progress in the European regions", galdera horri erantzuteko. Jarraian, proiektuaren ondorioetako batzuk laburtuko ditugu eta, gainera, EU-SPI indizearen erabilerari lotutako jardunbide egokien adibide batzuk eskainiko ditugu, eskualdeetan politika publikoak formulatzeko ardura duten pertsonen artean eta “BPGaz harantzagoko” eztabaidan interesa duten gainerako eragileen artean gogoeta eta eztabaida pizteko.

Ikerketa honetatik atera dezakegun lehenengo ondorioa da EU-SPI eskualde mailako politika publikoak formulatzeko ardura dutenek erabil dezakete gizarte aurrerapenaren dimentsioa politiken diseinuan eta ezarpenean txertatzeko. Bratislavan, esate baterako, indizeak lagundu du udalerrian, gizarte aurrerapenarekin lotuta, dauden premiak hobeto ulertzen. Eta, horren ondorioz, funtsak hobeto erabili ahal izan dira. Ildo horretatik, Mendebaldeko Greziak gida metodologiko bat prestatu du EU-SPI gizarte gabezia nagusiak zein diren jakiteko nola erabil daitekeen erakusteko. Era berean, gabezia horiei eskualde garapeneko tresnen laguntzaz nola erantzun diezaiekegun ere azaltzen du. Zalantzarik gabe, gida hori baliagarria izan daiteke prozesu mota horietan interesa duten beste eskualde batzuentzat.

Ikerketaren bigarren ondorioa da indizeak aukera ematen duela gizarte aurrerapena neurtzeko eta Europako beste eskualde batzuekin alderatzeko. Baina, gainera, beste esparru teoriko batzuekin batera ere erabil daiteke, horien artean, Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) edo Gizarte Eskubideen Europako Oinarria. Portugalgo Erdialdeko eskualdeak barometro bat prestatu du gizarte eta ekonomia dimentsioak neurtzeko. Barometro horri esker, eskualdearen eta bi dimentsio horien sailkapena eskura daiteke, herrialdeko gainerako eskualdeekin alderatuta. Portugalgo eskualde horrek egin duen prozesua adibide egokia da azpimarratzeko behar-beharrezkoa dela eragile guztien (akademia, enpresak, gizartea...) konpromisoa lurraldeko gizarte aurrerapena neurtzeak duen balioaz jabetzeko.

Ikerketan identifikatu den hirugarren elementua da indizea askotariko lurralde mailetan erabiltzeak duen garrantzia. Esate baterako, eskualdeaz beheragoko mailetan, lurralde ingurunea kontuan hartu behar da indizearen emaitzak hobeto ulertzeko. Hain zuzen ere, gizarte aurrerapena eskualdeaz beheragoko mailetan kalkulatzea oso interesgarria da politikak diseinatzeko eta askotariko geografia eremuetan aplikatzeko. Izan ere, oso kontuan hartu behar da gizarte dimentsioaren emaitzak aldatu egiten direla eskualde beraren barruan (adibidez, atmosferaren kutsadura, EU-SPIren ingurumeneko osagaiaren elementuetako bat, handiagoa izango da hirietan landan baino). Hala eta guztiz ere, ia ez dago eskualdeaz beheragoko adierazlerik Europako eskualde guztiak alderatzeko. Katalunian, indizea probintzia mailan kalkulatu da, zehazki, Gironan eta Lleidan, erkidegoko lau probintzietatik bi. Eskualdearen barruan emaitzen desberdintasunak hobeto ulertzeko, berariaz aukeratu dira Katalunian baliorik txikiena duten indizearen osagaiak: hezkuntza, demokraziaren kalitatea eta etxebizitza.

Indizea interpretatzeko orduan gizarte eta demografia ingurunea kontuan hartu behar dela ere ikasi dugu proiektu honetan; horixe da, hain zuzen ere, laugarren ondorioa. Generoa, arraza eta adina ez dira egoki islatzen gaur egungo indizean, baina eskualde batzuetan ari dira jada norabide horretan lanean. Adibidez, Umea hirian (Suedian) EU-SPI indizea eta Garapen Iraunkorreko Helburuak erabili dituzte generoari lotutako zenbait alderdi denboran zehar neurtzeko eta Europako beste eskualde batzuekin alderatzeko. Bestalde, Hungarian ikusi ahal izan dute hezkuntzaren osagaiko emaitza kaxkarrek bereziki herritar erromaniei eragiten diela. Eta, hori ikusirik, programa bat prestatu du ikasle erromaniei laguntzeko unibertsitate tituluak edo goi mailako irakaskuntzakoak lortzen.

Laburbilduz, esan dezakegu EU-SPI 2020ak kontuan hartu dituela 2018-2020 urteetan aurrera eraman den proiektu pilotuak egin dituen iradokizunetako batzuk. Europako hainbat eskualdetan egindako landa ikerketak aukera eman die eskualdeei eta partzuergoari Europako Batzordeko Eskualde eta Hiri Politikako Zuzendaritza Orokorrarekin (DG Regio) harremanak estutzeko, EU-SPIaren beharrak eta benetako erronkak jakinarazteko, politikak formulatzeko erabiltzen denean. Kontuan hartu behar da indizea ez dela akatsik gabea, baina beste datu batzuekin batera erabilita, ekarpen garrantzitsua egiten dio “BPGtik harantzagoko” eztabaidari. Proiektu pilotuan aztertu diren esperientziak aurrean izanik, ondoriozta daiteke EU-SPI tresna egokia dela ekonomia eta gizarte aurrerapeneko emaitzen arteko aldeez jabetzeko eta indarguneak eta ahultasunak identifikatzeko. Gainera, orain badakigu indizea eta dela 2030 Agendaren lehiakidea, baizik eta agenda horren aurrerapenak ebaluatzen lagundu dezakeela.

Proiektuak lagundu du ulertzen nola hobetu daitekeen EU-SPIren baliagarritasuna administrazio maila desberdinetan politika publikoak formulatzeko ardura dutenentzat, bereziki eskualdeaz beheragoko mailetako gizarte aurrerapeneko indizeekin batera hartzen denean. Era berean, funtsezkoa da konturatzea behar-beharrezkoa dela askotariko eragileetara iristea eta elkarlana sustatzea, eragina handiagoa izan dadin.


susana franco

Susana Franco

Euskal Herriko Unibertsitatean Ekonomia Matematikoko espezialitatea egin ondoren, Susana Franco Ingalaterrara joan zen garapen ekonomikoaren alorrean masterra eta doktoregoa egitera. Erresuma Batuko eta Latino Amerikako hainbat unibertsitatetan lan egin du. Gainera, garapenaren alorreko esperientzia du, Gobernuz Kanpoko Erakunde batean aritu baita lanean. Bestalde, aholkularitza lanak egin ditu Nazio Batuen agentzietarako.

Perfil osoa ikusi


usue lorenz

Usue Lorenz

Usue Lorenz Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da, Nazioarteko Kudeaketako espezialitatean. Nazioarteko kudeaketako Masterra egin du eta lurraldeen lehiakortasunari buruzko beste hainbat ikastaro (berrikuntzari, lurralde garapenari eta Europako berrikuntza programei buruzko ikastaroak eta hitzaldiak)..

Ikusi profil osoa


Mercedes web

Mercedes Oleaga

Mercedes Oleaga Soziologian lizentziaduna da eta Ikasketa Aurreratuen Diploma du, Nazioarteko Ekonomian eta Garapenean.

Profil osoa ikusi