COVID-19ak eragin duen egoera krisi soziosanitarioa baino askoz ere gehiago da. Orkestrak argitaratu dituen postak jarraitu dituztenek argi izango dituzte krisi honen askotariko eraginak. Argi dago birusak gizartearen funtsari berari egin diola eraso.
Krisi honetatik atera eta gauzak beste modu batera egiteko garaian, inoiz baino indar handiagoa dute 2030eko Agendak eta Garapen Iraunkorrerako 17 Helburuek. Agenda horrek guztiok norabide berean lan egitera bultzatzen gaitu, mundu bidezkoagoa, oparoagoa eta iraunkorragoa eraikitzeko, inor atzean utzi gabe. Ekonomia, gizarte eta ingurumen hazkundea lortu nahi du.
2020. urtearen hasieran, Agenda "ezartzeko hamarkada" deitutakoa lantzeari ekin genion, azken helburuak lortzeko funtsezkoa. Lurralde maila eta erakunde publiko guztiak Garapen Iraunkorreko Helburu horiek lortzeko beren parte hartzea indartzen eta ekintzak diseinatzen hasiak ziren, gogoz. Erakunde pribatuak ere konturatu ziren 2030eko Agendak epe ertain eta luzera lehiakortasuna hobetzen lagundu ziezaiekeela, Agenda hori beren estrategian integratuta.
Hala ere, osasun krisiak lehentasunak egookitzea eta pandemia honetan indar guztia Garapen Iraunkorreko 3. helburuan, Osasuna eta Ongizatea jartzea ekarri du, epe laburrera erantzun berehalakoa eta egokia emateko.
Aste hauetan, gizarte eta ekonomia dimentsioek okerrera egin dute; ingurumen dimentsioak, ordea, hobera egin du. 2030eko Agendaren helburuak lortzeko atzerapauso nabarmena da hori. Esate baterako, enpresak ixteak, lanaldia murrizteak, langabezia prestaziorik ez izateak dakartzan ondorioek, gizartearen % 100ak digitalizaziorako sarbiderik ez edukitzeak epe luzera pobrezia eta desberdintasun zikloak handituko dituzte eta horrek eragin negatiboa izango du, gure gizarteetan, hainbat helburutan: Garapen Iraunkorreko 4. helburua, Hezkuntza; Garapen Iraunkorreko 8. helburua, Lan duina eta hazkunde ekonomikoa; eta Garapen Iraunkorreko 9. helburua, Industria, Berrikuntza eta Azpiegiturak. Horrek guztiak enpresen ekonomia eta finantza zaurgarritasunari eragiten dio, krisia hasi baino askoz ere zaurgarritasun handiagoa baitute orain.
Aipatu ditugun Garapen Iraunkorreko Helburuek lotura dute, noski, 10. helburuarekin, Desberdintasunak murriztea, eta eragina dute, nagusiki, talde ahulenetan, horien artean, neskak, gazteak eta emakumeak.
Egoera horren aurrean, garapen iraunkorrerako agenda globalak garrantzia galdu al du?
2030eko Agendak garrantzi handia du, inoiz baino handiagoa, baina krisitik atzerako biderako beharrezkoa izango da bestelako gizarte kontratu bat asmatzea, askotariko entitate eta eragileek erabakiak hartzeko orduan ahotsa izan dezaten.
Gizarte kontratu berri horrek pertsonen ongizatea izan beharko du oinarri, ezin baita inor atzean utzi. Eta ekintza kolektiboa bultzatu beharko du erronkei erantzuteko, bai erronka globalei eta bai ongizatearen zerbitzura egongo den eskualdeko lehiakortasunaren tokiko erronkei ere.
Egoera onbideratzeko eta berritzeko garai honetan, enpresek eta bestelako erakunde pribatuek 2030eko Agendan beren ekintzak bideratzeko gida aurki dezakete. Agendarekin lotutako baliabideen artean adibideak aurkituko dituzte beren ekintzak bideratzeko: esate baterako, egoeraren analisia, krisiak interes talde bakoitzari nola eragiten dion aztertzeko, bereziki, langileei, hornitzaileei, bezeroei, kontsumitzaileei eta inbertsiogileei; edo talde horietako bakoitzean eragin negatiboak saihesteko orientazioa.
Agenda, halaber, epe luzeko inbertsio iraunkorrean oinarritutako sistema bat sustatzeko gida ere izan daiteke. Eta lagundu dezake soluzio, proiektu eta zerbitzuetan negozio aukerak bilatzen, ekonomia zirkularrean edo osasun arloan, besteak beste.
Inoiz baino gehiago eta salbuespenik gabe, beharrezkoa da gizarteko eragile guztiek behar diren eraldaketak egitea, bakoitzak bere errealitatea kontuan hartuta, COVID-19az haratago, elkarrekin etorkizun oparo bat eraikitzeko.
Inoiz baino gehiago, Poparen Erregearen 1991ko abesti honek erabateko zentzua hartzen du...
Heal the world
Make it a better place
For you and for me
And the entire human race
Heal the world (Michel Jackson, 1991, Dangeorus).
Usue Lorenz
Usue Lorenz, Orkestrako ikerketako bideratzailea, Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da, Nazioarteko Kudeaketako espezialitatean. Nazioarteko kudeaketako Masterra egin du eta lurraldeen lehiakortasunari buruzko beste hainbat ikastaro (berrikuntzari, lurralde garapenari eta Europako berrikuntza programei buruzko ikastaroak eta hitzaldiak)..
Mercedes Oleaga
Mercedes Oleaga, Orkestrako teknikari seniorra, Soziologian lizentziaduna da eta Ikasketa Aurreratuen Diploma du, Nazioarteko Ekonomian eta Garapenean.