Aztertzaile gehienen ustez, hurrengo urteetan gure gizarteak hiru erronka handiri aurre egin beharko die: digitalari, demografikoari (alegia, zahartze, migrazio eta hiritartzeari) eta klima-aldaketari (honi lotutako energia trantsizioari, barne). Hiru erronka horiei OECDk (2020) beste bat eransten die: gizartearen ondoez gero eta handiagoa. Ondoez horren atzean desberdintasun maila gorakorrak eta hiritarren gobernuekiko konfiantza galtzea daude, zeinek populismoa eta txosten teknikoetan ez sinistea ere ekarri duten. Izan ere, gobernarien berbaldiek eta datu ekonomikoek ez dute, hiritarren aburuz, haien egiazko egoera islatzen. Horrela, gobernariek 2014 urteaz geroztiko bilakaera ekonomiko onaz botatako diskurtso triunfalistak ez datoz bat jendearen bizipenekin.

Aldi berean, nolabait ere pertzepzio horiei erantzun nahian, gero eta aztertzaile eta nazioarteko erakunde gehiago hasi da aurrerapena eta, honekin batera, lehiakortasuna neurtzeko dagoen modua zalantzan jartzen. 2009an Stiglitz, Sen eta Fitoussi-ren zuzendaritzapean argitaratutako txosten entzutetsu baten ondoren, nazioarteko erakunde batzuek garapen jasangarria eta jendearen ongizatea –hots, politika publikoek lortu beharko lituzketen azken helburuak– hobeto neurtzeko ekimenak abian jarri zituzten: Nazio Batuek Garapen Jasangarrirako helburuak izeneko markoa bultzatu zuten, OECDk How’s Life izeneko ekimena, Eurostatek Quality of Lifeko adierazle multzoa…

Aipatutako ekimenek aurrerapena neurtzeko modu tradizionalean lau gabezia handi antzeman zituzten, zuzentzen ahalegindu direnak. Lehenenik, ongizatea ezin da soilik aldagai eta adierazle ekonomikoekin aztertu, fenomeno multidimentsionala delako: osasunak eta hezkuntzak, ingurugiroak, jendeen arteko harremanek, gobernantzak… ere eragiten diote. Areago, aurrerapena neurtzeko azterbide tradizionalek ez zuten jarduera ekonomiko guztia aintzakotzat hartzen; merkatu-salerosketetan oinarritutakoa bakarrik neurtzera mugatu ohi ziren. Horrexegatik, jarduera ekonomikoaren parte handi bat, eta haren bidez sortutako ongizatea (adibidez, etxeko zereginetatik eratorritakoa) ez zuten kontabilizatzen. Merkatuz kanpo dauden jarduera horien pisua, baina, oso handia da. Kapitalismoaren dinamikagatik, ordea, jarduera horietako asko (zaharren zaintza, esaterako) merkatu-erlazioen bidez egindakoekin ordezkatuz doaz. Esan beharrik ez, merkatuz kanpoko jarduera horien murrizteagatik gertatutako ongizatearen galera ez da kontabilizatzen; bai, ordea, ordezkatze horrengatik BPGk izandako hazkundea. Halaber, azken hamarkadetako hezkuntza eta osasungintza zerbitzuen kaskartzeak, jendearen ongizaterako arras garrantzitsuak direnak, 2014 eta 2020 urteen artean egondako BPGaren handitzearekin ostenduta gelditzen dira.

Aurrerapenaren neurketek duten bigarren gabezia handia, biztanleko BPG bezalako agregatu handiez eta batezbestekoez bakarrik arduratzetik dator. Azterbide tradizionalek ez zioten kontu handirik egiten agregatu handi horien atzean zeuden banakuntza-arazo eta desberdintasunei: asko eta gutxi dutenen artean (desberdintasun bertikala), gizarte-taldeen artean (sexuari, adinari, herritartasunari, hezkuntza-mailari… lotutako desberdintasun horizontala) eta geografiari zor zaizkionak (esaterako, hiri eta landa-eremuen artekoa). Azken hamarkadan biziki handitu den desberdintasunaz (gazteak bezalako taldeak astinduz) estatistikek ez zuten ia informaziorik eskaintzen. Horrek esplika lezake, besteak beste, talde horiek sistemarekin eta haren neurketekin zapuztuta egotea.

Hirugarrenik, azterbide tradizionalak orainaldian zenbat errenta edo ongizate sortzen ari zen neurtzen ahalegintzen ziren, baina ez etorkizunean ongizatea bermatzeko baldintzekin zer gertatzen ari zen. Behin baino gehiagotan, oraingo ongizatea etorkizunerako premiazko diren giza kapitalaren, kapital sozialaren eta kapital naturalaren kontura lortzen da. Adibidez, epe laburrera berotegi efektuko gasen jaurtiketa murrizteko neurririk hartzen ez bada, BPGren hazkunde handiagoa lor daiteke, baina geroko ongizatearen eta BPGren kaltean.

Laugarrenik, estatistikek herri baten mugen barruan gertatzen zena –eta beraz, bere herritarren ongizatea– neurtzea lehenetsi izan dute. Baina ez dira kasik arduratu herri horren jarduera ekonomikoak eta politika publikoek planetaren gainerako lekuetan eta jendearen ongizatean izaten duten efektuez. Europak bizi duen migrazio presioak zerikusia du herri aurreratuetako garapena eta ongizatea lortzeko moduarekin, Europaren lorpenak hein batean garapen bidean zeuden herrien kontura eman baitira.

Azkenik, ongizatea neurtzerakoan dimentsio gehiago kontsideratzeaz aparte, ongizatearen dimentsio horiek neurtzeko modua ere aldatu beharra dago. Noski, izaera objektiboko adierazle kuantitatiboak beharrezkoak dira. Baina, haiekin batera, izaera subjektiboko adierazle kualitatiboak ere behar dira, jendeak bere ongizateaz duen pertzepzioa jasotzeko. Gabezia horiek gainditzeko, estatistika-etxeek abiarazi dituzten inkestetan herritarrei haien bizi-baldintzekin eta ongizatearekin pozik edo gogobeteta ote dauden eta haien zoriontasun mailaz galdegiten zaie. Adierazle subjektiboek erlatibitate handia dute eta haien emaitzek tokian tokiko izaera dute, baina adierazle kuantitatiboek neurtu ezin dituzten errealitate askoren efektuak jasotzea ahalbidetzen dute.

Laburbilduz, ongizatea eta lehiakortasuna hobeto neurtzeko marko berri bat sortu beharra dago. Marko horrek BPGren neurketaz baino haratago joan behar du, noski. Hau da, merkatu-harremanetan oinarritutako ongizateari ez ezik, desberdintasunei (batezbestekoez haratago), etorkizunerako baldintzei (orainaldiaz haratago) eta planetako gainerako lekuetan eta biztanleetan sortzen duen efektuei (hemengoez haratago) ere erreparatu behar die. Era berean, datu objektibo kuantitatiboez gainera, pertsonen pertzepzioak ere kontuan hartzekoak dira.

2006an sortu zenetik, Orkestrak arreta handiz jarraitu du alor honetan nazioartean agertu diren ekarpenak, horiek haren lehiakortasun erregionalerako analisi markoan barneratzeko asmoz. Nabarmentzekoak dira, horri dagokionez, Orkestraren 10. Urteurreneko manifestua (etorkizunean lehiakortasunak aurre egin beharko dien gizarte-erronka handiak aztertzen dituena), José Luis Larreak idatzitako Ongizate eta Gizarte kohesiotik Lehiakortasunaren erronkak Orkestrako koadernoa eta Iñigo de Loyola ekimenaren proiektua (Latinoamerikako jesuiten unibertsitateek osatutako Ausjal sarearekin lankidetzan, ongizate inklusibo eta jasangarriaren zerbitzurako lehiakortasunari buruz ikerketa eraldatzailea aurrera eraman nahi duena). Orkestraren 2021-2024 Plan Estrategikoa dela-eta, are ahalegin handiagoak egiten ari dira alor honetan. Ikusi, adibidez, berrikitan blog honetan bertan argitaratutako MJ.Arangurenen eta Muñizen postak, edota laster argitaratuko den Competitividad al servicio del bienestar inclusivo y sostenible Orkestrako koadernoa. Institutuak helburua du datorren urtean publiko egitea eta indarrean jartzea lehiakortasuna erregionala eta lokala aztertzeko marko berri bat, orain arte lehiakortasuneko analisiek pairatu izan dituzten gabeziak –post honetan salatutakoak– taxuz gaindituko dituena.

 


mikel navarro

Mikel Navarro

Ekonomiako katedraduna da Deusto Business Schoolen (Deustuko Unibertsitatean) eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzaile seniorra.