COVID-19aren pandemiaren erresistentzia fasea igarotzen ari gara. Lerro hauek idazten ari naizen bitartean, erabat hutsik dauden kale eta plazetako irudiek betetzen dituzte egunkarietako orriak eta gizarte sareak. Irudi horiek erakusten digute jardueraren zati handi bat, bederen, “pausa” egoeran dagoela. Baina bestelakoa da leihoen atzean gertatzen ari dena. Izan ere, tamaina handiagoko edo txikiagoko espazioetan, baldintza hobeetan edo okerragoetan, lehen kanpoan egiten genituen jardueretako batzuk erreproduzitzen ahalegintzen gara: lan egin, ikastetxera joan, masterreko edo yogako eskolara joan edo hamaiketako kafea hartu. Eta hori guztia teknologiari esker egin dezakegu.
The Economisten arabera, COVID-19aren pandemiak lanerako automatizazioa eta interakzio birtuala erraztuko duten teknologiak erabiltzeko joera bizkortuko du. Astekariak ohartarazten du etorkizunean aurrez aurreko interakzioa txikiagoa izango dela eta erakundeen barruan pertsona gakoen arteko komunikazioa lehenetsiko dela. Joera hori, oraingoz, epe laburrera eta ertainera errealitate bat da, eta ondorio nabarmenak ditu lurraldeen lehiakortasunean, hurbiltasuna garrantzitsua baita berrikuntzarako. Komunikatzeko modua aldatzeak –urrutitik komunikatzea, pantailak tartean direla– zuzeneko eragina du lankidetzan eta ikasteko moduan.
Zubigintzan, Orkestrako ikerketa-ekintzako proiektuen ikaskuntza espazioan, uste dugu elkarrizketa tresna gakoa dela lurralde garapenerako. Horregatik, praxian oinarrituta, elkarrizketak ingurune desberdinetan nola jokatzen duen aztertu dugu. Zehazki, azken urteetan landu dugu zer gertatzen den ingurune birtualetan elkarrizketak eraldaketarako duen potentzialarekin. Horretarako, diziplina askotako hurbilketa bat erabili dugu, teknologia bitarteko duen komunikazioari, berrikuntza arduratsuari eta komunikazio parte hartzaileari lotutako literaturara jota, baita gure esperientziara ere. Ahalegin horren lehenengo emaitza praktiko bat diziplinaz haraindiko eta kultura askotako laborategi birtual bat izan da. Hainbat ikaskuntza atera ditugu hartatik.
Hala, badakigu, eraldaketaren ikuspegitik, elkarrizketa birtuala askoz ere indartsuagoa dela idatzizkoa denean, aurrez aurrekoa denean baino. Izan ere, idaztea pentsatzeko eta gogoeta prozesuetan sakontzeko modu bat da. Ikusi dugu, halaber, idatzizko elkarrizketek forma asko izan ditzaketela eta beren helburua lortzeko bideratu egin behar direla. Adibidez, elkarrizketa “geroratua” deitu dugunak aldez aurretik bideratze lana eskatzen du, pertsonen askotariko profilen (diziplinak, kultura…) ondorioz sor daitezkeen komunikazio hesiak gutxitzeko. Bestalde, “behetik gorako” elkarrizketak bideratze lanak in situ egitea eskatzen du, parte hartzaileen ekarpenak sistematizatzen eta itzultzen joateko, ikaskuntza, galdera berri edo konpromiso moduan. Behetik gorako elkarrizketa aurrez aurrekoa izan daiteke (bideohitzaldi bidez) eta batzuetan idatzizko elkarrizketa osatu dezake, zenbaitetan idatzizkoak parte hartzea zailtzen duelako.
Parte hartzeaz harantzago (gonbidapen baten eta Interneteko konexioaren araberakoa dena), aurrez aurrekoak ez diren egoeretan elkarrizketarako espazio inklusiboak sortzeak erronka handiak jartzen dizkigu aurrean. Batez ere aniztasuna ezaugarri duten inguruneetan egin nahi dugunean, horiexek baitira berrikuntzarako joera handiena dutenak. Egiaztatu ahal izan dugu aurrez aurrezko elkarrizketak desitxuratzen dituzten botere harremanak eremu birtualetan ere errepikatzen direla, eta, ziur aski, areagotu egingo dira elkarrizketa idatziz garatzen denean. Eta ikusi dugu ingurune birtual inklusibo bat lortzea parte hartzaileen errealitate esperientzial eta teorikoarekin zerikusia duten galderak egiteko dugun gaitasunaren araberakoa ere izango dela. Bideratze lanak ezinbestekoak izango dira, halaber, gatazka edo desadostasuna azaleratzen laguntzeko, ideiak azal daitezen, talka egiteko eta zerbait berria sortzeko. Baina esperimentatzen jarraitu behar dugu, oraindik ere galdera asko baititugu erantzunik gabe.
COVID-19aren pandemiara eta The Economistek aurreratzen digun egoerara itzuliz, argi dago berreraikitze fasean eta haratago erronka handi bati erantzun beharko diogula: ez-hurbiltasun presentzialeko egoerek (kognitiboaz, kulturalaz eta abarrez gainera) lankidetza, ikaskuntza eta berrikuntza prozesuetan izango dituzten ondorioak aztertzea. Ez gara hutsetik abiatuko (ikusi Edurne Magroren posta), baina garrantzitsua da sakontzea eta jakintza berria sortzea pantailen atzean gertatzen diren lankidetza eta ikaskuntzako mikroprozesuak lotzeko, areagotzeko eta neurtzeko, berrikuntzaren, lehiakortasunaren eta lurraldeen ongizatearen mesedetan.