Aurrekaririk gabeko krisia ari gara bizitzen eta, zalantzarik gabe, arrasto sakona utziko digu. Pertsona guztiei eragiten digu, nahiz eta guztioi ez zaigun egokitu berdin bizitzea eta ezin dugun ekarpen berdina egin egoera gainditzeko. Elkarlana, guztion konpromisoa eta elkartasuna funtsezkoak dira bizi prozesu honetan.
Orkestran, aparteko egoera honen aurrean, COVID-19 Eskualdeko Lehiakortasunaren Behatokia jarri dugu abian, Euskadiko lehiakortasuneko eragile nagusiei epe labur, ertain eta luzeko erabakiak hartzen lagunduko dieten analisiak jasotzeko. Gure eginkizuna lehiakortasuna eta pertsona guztien ongizatea hobetzea izanik, lagundu nahi dugu krisiaren ondorio negatiboak gutxitzen, egoera honetatik ahalik eta azkarren ateratzen, eta azaltzen zaizkigun aukerak aprobetxatzen.
Hartu behar diren neurriak identifikatu ahal izateko, funtsezkoa da krisi honen ezaugarri bereizgarriak ulertzea. COVID-19ak aurrekaririk gabeko egoera ekarri du maila globalean. Koronabirusa herrialde askotara zabaltzen joan da eta tentsio handiak ekarri ditu osasun sistemetan: krisi global bat bizi dugu eta ez da ekonomia eta finantza arloko aurreko krisiak bezalakoa. Ez da osasun krisi hutsa, nahiz eta izugarrizko eragina izan gizarte eta osasun arloetan; gizarte eta ekonomia krisia ere bada. Izan ere, koronabirusa, kanpoko faktore bat izanik, eskaintzari eta eskariari lotutako shock ekonomikoak ari da sortzen, eta bi shock horiek elkar elikatzen dute. Zikloa larriagoa izan daiteke finantza sistema krisian eta gainbeheran sartzen bada.
Nahiz eta krisia globala izan, jarduera sektore batzuetan (ostalaritza, jatetxeak, turismoa, garraioak…) eragina negatiboagoa izango da eta beste jarduera batzuetan (teknologia enpresa handiak, onlineko erosketetakoak eta banaketakoak, elikagaien eta edarien sektorea, aisia digitala…), ordea, eskaria handitu egingo da. Era berean, herrialde batzuetan besteetan baino kaltegarriagoa izango da eragina (biztanleriaren zahartzearen, sektore moten, enpleguaren aldi batekotasunaren eta abarren arabera).
Krisi hau eta aurrekoak bereizten dituen beste elementu bat jardueraren jaitsiera, ustez, aldi batekoa izango dela da. Beraz, ekoizpen jarduerak porrot egin ez duenez, lantegiak normaltasunera itzultzeko prest egongo lirateke osasun krisitik atera eta berriro jarduerari ekiten diogunean. Horretarako funtsezkoa da, beti ere osasunaren segurtasunerako neurriak ziurtatuta, ahal den neurrian jarduera ekonomikoari eustea. Bi elementuk lagundu diezaiokete ekonomiari 2008ko krisian baino lehenago onbideratzen: Espainiako eta EAEko enpresen zorpetze maila gaur askoz ere txikiagoa da eta banku sektorearen kapitalizazioa eta egoera ordukoa baino askoz ere hobeagoa da.
Krisiari aurre egiteko orduan, bi fase bereizi behar ditugu: (i) pandemiaren aurreko erresistentzia eta (ii) gure ekonomia eta gizartea berreraikitzea eta berritzea. Gaur egun, lehenengo fasean gaude, eta ekonomia eta gizartea “etenaldian” daude, nolabait. Fase honetan garrantzitsuak dira politika erreaktiboak, enpresei, beste erakundeei eta pertsonei shockari aurre egiten eta shock horren epe laburreko ondorioak minimizatzen lagunduko dietenak. Pandemiaren aurreko erresistentzia fase honetan, lehentasun nagusiak bi dira:
- Osasun krisiari konponbide bat ematea, beharrezkoak diren arreta eta baliabide ekonomiko guztiak horretara bideratuz, nahiz eta epe laburrera horrek gizarte eta ekonomia krisia larritzea ekarri.
- Krisia ekartzen ari den gainbehera ekonomiko, sozial eta animikoa ahalik eta txikia izaten ahalegintzea.
Baina hemendik denbora batera –aste batzuetara edo hilabete batzuetara– bigarren fasean sartuko gara, berreraikuntza eta berritze fasean. Orduan, pandemiaren aurrean erresistentziako neurriak hartzeaz gainera, gure ekonomia eta gizartea berreraikitzeko lan egin beharko dugu. Horrek aukera emango digu krisi honetatik indartuta ateratzeko: erresilientzia handiagoko gizarte eta ekonomia eredu batekin (aurrean ditugun beste erronka batzuetara –ingurumenekoak, demografiakoak edo digitalizaziokoak, besteak beste– hobeto egokitzeko gaitasun handiagokoa), gure erakundeak sendotuta eta gure gizartea sendotuta (elkarrekin gehiago eta hobeto lan egiten ikasiko dugu!).
COVID-19 Eskualdeko Lehiakortasunaren Behatokian, Orkestrako eta nazioarteko gure sareko ikertzaileen posten lehenengo atala duzu hau. Ekarpenak egiten joango gara COVID-19 eskualdeetan eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoan, izaten ari den eraginaren inguruan.
Mari Jose Aranguren
Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusia eta Ekonomia Katedraduna da Deustuko Unibertsitatean. Lehiakortasunean eta lurralde estrategian, klusterretan eta sareetan, eta politiken analisian eta ebaluazioan aditua da. Gai horien inguruan liburu eta artikulu ugari argitaratu ditu, nazioko eta nazioarteko eragin handiko aldizkari espezializatuetan.