2016 Ekainak 20 

James TCI Chile2

Eskualde Berritzaileen Astea (WIRE 2016) izan zen Herbehereetako Brainport Eindhoven eskualdean, ekainaren 8tik 10era, eta Klusterren Latino Amerikako 9. Biltzarra, Txileko La Araucania eskualdean, ekainaren 14tik 17ra. Bi ekitaldi horietan Espezializazio Adimenduneko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategien (RIS3, Research and Innovation Smart Specialisation Strategies ingelesez) inguruko eztabaida interesgarriak izan ziren, baita RIS3a EAErako diseinatzeko eta ezartzeko prozesuaren inguruko ekarpenak ere.

Bi foroetan James Wilsonek hartu zuen parte. Wilsonek Implementing RIS3: The Case of the Basque Country lana idatzi du, Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusiaren eta Kevin Morgan Cardiffeko Unibertsitateko katedradun eta Europako Batzordean espezializazio adimenduneko estrategien inguruko aholkulariarekin batera. Lan hori orain dela gutxi argitaratu du Orkestrak.

Bertan azpimarratzen da Euskadik bere RIS3a diseinatzeko beharra aprobetxatu duela bere berrikuntza sistema eta berrikuntzako eskualde estrategia aztertzeko eta egokitzeko. Gainera, estrategia diseinatzetik ezartzera igarotzerakoan eskualde aitzindarietako bat da. Kontuan hartu behar da, gainera, horretarako ezinbestekoa dela aurkikuntza ekintzaileko prozesu bat egitea, alegia, helburua ez da gobernuaren estrategia bat diseinatzea eta ezartzea, baizik eta helize laukoitza deitutakoa osatzen duten lurraldeko eragileekin landutako estrategia aurrera eramatea. Hain zuzen ere, helize laukoitza osatzen dute gobernuak, enpresek, unibertsitateak eta gizarte zibilak.

RIS3ak zehazten ditu eskualde garapenerako palanka nagusiak, Europar Batasunaren iritziz. Horregatik, ezinbesteko baldintza dira Batasuneko egiturazko eta inbertsio funtsak eskuratzeko. Hori jakinik, Europako eskualde guztiak hasi dira nor bere RIS3a diseinatzen. Bide horretan, hainbat erronkarekin topo egin dute eta eskualde bakoitza erronka horiei aurre egiten ahalegintzen ari da. Hain zuzen ere, kasu aurreratuenek, Euskadirenak kasu, interes handia piztu dute, beste eskualde batzuetarako irakasbideak atera baitaitezke horietatik.

RIS3 kontzeptuak Europako mugez kanpo ere izan du oihartzuna. Izan ere, nazioartean joera orokorra da industria politika berriak lantzea, lurralde bakoitzak bere estrategia eduki behar duela azpimarratzen dutenak. Eta horrek eskatzen du estrategia hori zein ekonomia jardueratan oinarrituko den aukeratzea.