2026ko irailaren 30a

Irudia: Kordobako Unibertsitate Katolikoak

  • Bihotzez zoriondu nahi dugu izendapen honengatik hamabi urtez gure zuzendari nagusia izan zena
  • Inbestidura-ekitaldiaren ondoren, Arangurenek hitzaldi magistrala eman du. Bertan, lehiakortasunaren euskal ereduaren gakoak eta Institutuak garatutako ikerketa eraldatzailearen ikuspegia azaldu ditu

Mari Jose Aranguren, 2013tik 2025era Orkestrako zuzendari nagusia eta gaur egun Deustuko Unibertsitateko Donostiako Campuseko eta Erakundeekiko Harremanetako errektoreordea, honoris causa doktore izendatu du Argentinako Kordobako Unibertsitate Katolikoak (UCC). Aitorpen horrek lurraldeak ulertzen eta eraldatzen laguntzera bideratutako bere ibilbidea nabarmentzen du, lankidetzaren, ikerketa aplikatuaren eta ezagutzaren eta ekintzaren arteko loturaren bidez.

Orkestraren zuzendaritzan hamabi urte eman zituen bitartean, Arangurenek lurraldeko eragileekin eta haientzat ezagutza sortzera bideratutako ikerketa-eredua sendotzen lagundu zuen. Ikerketa Euskadiko politika publikoekin eta enpresa- eta gizarte-errealitatearekin lotzea izan zuen ardatz.

Inbestidura-ekitaldiaren ondoren eskainitako hitzaldian, Arangurenek euskal lehiakortasun ereduaren gakoak azaldu zituen eta gobernantzak, eragileen arteko lankidetzak eta ikerketa eraldatzaileak lurraldearen garapen-prozesuetan izan dezaketen eginkizunaz hausnartu zuen.

Prozesu horietan aurrera egiteko erronka nagusietako bat gobernantza zatikatuak sortzen dituen zailtasunak gainditzea dela adierazi zuen. Izan ere, administrazioek eta erakundeek askotan modu isolatuan egiten dute lan. Jarduteko modu horren aurrean, euskal ereduak gobernantza indartzea proposatzen du, administrazio publikoen, enpresa-sarearen, garapen-agentzien eta hezkuntza- eta teknologia-zentroen arteko lankidetzaren bidez.

Testuinguru horretan, ikerketa eraldatzaileak funtsezko eginkizuna du. Ezagutza akademikoa modu linealean transferitzean oinarritutako eredutik harago, ikuspegi horrek ezagutza eta irtenbideak lurraldeko eragileekin batera sortzea du helburu. Horretarako, elkarrizketarako guneak sortu behar dira, partekatzen diren erronkei elkarrekin heltzeko.

Lehiakortasunean eta ongizatean eragiten duten faktoreak ulertzeko tresna

Arangurenen hitzaldiaren ideia nagusietako bat Orkestrak garatutako Ongizaterako Lehiakortasun Esparruaren bilakaera izan zen. Tresna horrek lehiakortasunaren ohiko ikuspegia zabaldu egiten du, pertsonen ongizatearekin lotutako dimentsioak ere kontuan hartzeko. “Lurraldearen lehiakortasuna eta pertsonen ongizatea ez dira elkarren aurkako bi polo, ezta helburu independenteak ere; txanpon beraren bi aldeak dira, eta elkarren artean lotu behar dira, zirkulu bertutetsu baten bidez”, azpimarratu zuen.

Ikuspegi hori bera izan zen irailaren 28an Kordobako Probintziako Ekoizpen, Zientzia eta Berrikuntza Teknologikoko Ministerioak antolatutako hitzaldian ere. Bertan, Orkestraren eta Kordobako Lehiakortasun Agentziaren arteko lankidetza-esperientzia aztertu zen sakonago.

Proiektu horretan Arangurenek parte hartu zuen Orkestrako zuzendari nagusia izan zen garaian. Helburua probintziari bere ezaugarrietara eta beharretara egokitutako ongizaterako lehiakortasun-esparru propioa garatzen laguntzea izan zen. Esparru hori lurraldearen garapenean eragiten duten faktoreak ulertzeko eta erabakiak hartzen laguntzeko tresna gisa planteatu zen.

Kordobako esperientziak erakusten du Orkestrak bere ezagutza beste lurralde batzuekin partekatu eta haietara egokitu dezakeela. Lankidetza horien helburua ez da euskal eredua zuzenean beste lurralde batzuetara eramatea. Aitzitik, Euskadin sortutako ezagutza beste testuinguru batzuetako hausnarketa- eta ikaskuntza-prozesuen zerbitzura jartzea da asmoa, lurralde bakoitzaren ezaugarrietara, gaitasunetara eta erronketara egokituz. Horrela, nazioarteko lankidetzak Euskadin pilatutako esperientzia partekatzeko aukera emateaz gain, Orkestraren ezagutza bera kontrastatu eta aberasteko aukera ere eskaintzen du, beste lurralde batzuetako errealitateetatik abiatuta.