2026ko ekainaren 15a 

 

  • Ezkutuko Txapeldunen lehen Foroak enpresa liderrak, nazioarteko adituak eta erakundeak elkartu ditu Bilbon, enpresa horiek lehiakortasuna, berrikuntza eta lurralde kohesioa bultzatzeko egiten duten ekarpena nabarmentzeko
  • Hermann Simonek, Hidden Champions kontzeptuaren sortzaileak, euskal enpresei gomendatu die pertsonengan eta ekosistemetan inbertitzen jarraitzeko, horiek ahalbidetzen baitute epe luzeko arrakasta
  • ONA, Draxton eta AMPO ezkutuko txapeldunen ordezkariek nazioarteko hedapenaren eta gaitasun estrategikoei Euskadin eustearen arteko oreka lortzearen garrantzia aipatu dute

Orkestrak eta BBK-k bultzatutako Ezkutuko Txapeldunen enpresa komunitateak lehen foro publikoa egin du gaur Bilbon. Topaketa horretan, nazioarteko nitxoetan liderrak diren enpresak, erakundeetako ordezkariak eta EAEko enpresa munduko beste ordezkari batzuk elkartu dira, konpainia horiek lehiakortasuna, berrikuntza, lurralde kohesioa eta errotzea bultzatzeko egiten duten ekarpena nabarmentzeko.

Topaketak ekimen hori sendotzen ari dela erakutsi du; izan ere, Alejandro Vázquez Zubeldia BBK Banku Fundazioko inbertsio zuzendariaren hitzetan, “urtebete pasatxoan erreferentziazko espazioa bihurtu da espezializazio handiko eta nazioarteko bokazio sendoko industria enpresentzat”. Komunitatearen sendotasunaren isla da 15 enpresa berri sartu direla bertan; horrela, guztira 53 enpresak hartzen dute parte une honetan proiektuan.

Foroan “Euskal Autonomia Erkidegoko ezkutuko txapeldunak: tokian errotutako nazioarteko nitxoetako liderrak” txostena aurkeztu da. Txosten horrek, besteak beste, ezkutuko txapeldunek Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasunari egiten dioten ekarpena aztertzen du, baita Europako industriaren etorkizunean duten zeregina ere.

Mikel Gaztañaga Orkestrako ikertzaile eta txostenaren egileetako batek azaldu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoaren faktore bereizgarriek horrelako enpresak agertzea eta garatzea errazten dute. Faktore horien artean aipatzekoak dira industria tradizioa, lankidetza publiko-pribatua, lanbide heziketa, eta zentro teknologikoen sarea. Hala ere, nazioarteko testuinguruak etengabeko egokitzapena eta nazioartekotze estrategia gero eta sofistikatuagoa eskatzen ditu.

Ikerketaren gomendioen artean nabarmentzekoak dira enpresei nazioartekotze prozesu zorrotzagoetan laguntzea; lurraldeko finantza, teknologia eta hezkuntza ekosistemarekin dituzten loturak sendotzea; eta

industria politika malguak eta askotariko enpresa ibilbideetara egokituak diseinatzea.

Jardunaldiko une nagusietako bat Hermann Simon ekonomialari eta Hidden Champions kontzeptuaren sortzailearen hitzaldia izan da. Simonek Alemaniako ezkutuko txapeldunen esperientzia azaldu du, eta, horrekin batera, lurralde nahiko txikietatik merkatu globaletako lider izateko gaitasuna azaltzen duten faktoreak zerrendatu ditu. 

Bart Kamp Orkestrako ikertzaile seniorrarekin izandako elkarrizketan, Simonek nabarmendu du munduak industria izaera sendoa duten lurraldeetatik maila globalean lehiatzeko gai diren enpresak behar dituela, eta

Euskal Autonomia Erkidegoak horretarako baldintzak betetzen dituela. “Gakoa espezializatzeko gaitasunetan sakontzea izango da, lehiakideek baino azkarrago berritzea, bezeroengana are gehiago hurbiltzea, eta pertsonengan eta ekosistemetan inbertitzen jarraitzea, horiek ahalbidetzen baitute epe luzeko arrakasta”, azpimarratu du.

Enpresa ikuspegia: mundu globalean haztea, tokian errotuta jarraituz

Foroan mahai inguru bat ere izan da, Javier Fernández-Monge BBK-ko Negozio Garapeneko zuzendariak moderatuta. Bertan, ezkutuko txapeldunen komunitateko hainbat enpresatako ordezkariek beren esperientzia azaldu dute eta nazioarteko nitxoetan lider diren industria enpresek aurrean dituzten erronken inguruko ikuspegia partekatu dute.

Eztabaidan, Sergio Ruiz de Larrea ONAko zuzendari komertzialak nabarmendu du konpainia espezializazio handiko industria nitxoetara bideratzen dela, eta horietan gaitasun teknologikoa, fidagarritasuna eta proiektu konplexuen kudeaketa erabakigarriak direla bezeroek erabakiak hartzeko garaian, gero eta eskakizun handiagoak dituen ingurune global batean.

Marta Ratón Draxton Atxondoko lantegiko zuzendariak azpimarratu duenez, enpresa talde handi bateko kide izateak sinergia baliotsuak ematen baditu ere, bere arrakastaren gakoa gaitasun propioak garatzea izan da. "Gure gaitasun teknologikoak, espezializazioak eta kultura korporatiboak eman digute aukera desberdintzeko eta nabarmentzeko”, ziurtatu du.

Bestalde, Alex Eizmendi AMPOko estrategia arduradunak ezkutuko txapeldunen nazioarteko lidergoari eusten dioten gaitasun industrialak eta teknologikoak zaintzearen garrantzian jarri du arreta. "Oso soluzio konplexuetan lider garelako eta muturreko baldintzetan jarduteko gai garelako balioesten eta aintzatesten gaituzte bezero oso zorrotzek”, adierazi du. 

Parte hartzaileek antzeko erronkak partekatzen dituzte enpresen arteko lankidetza eta ikaskuntza sareen garrantzia azpimarratu nahi izan dute, batez ere talentuaren, berrikuntzaren eta nazioartekotzearen esparruetan.

Funtsezko aktiboa EAEko eta Europako industriarentzat

Ekitaldiaren ondorioak Iván Martén Orkestrako presidenteak aurkeztu ditu, eta nabarmendu nahi izan du ezkutuko txapeldunak aktibo bereizgarri bat direla Euskal Autonomia Erkidegoarentzat: “Nazioartean lehiatzeko duten gaitasunagatik ez ezik, baita enplegu kualifikatuari, gaitasun industrialen garapenari eta lurralde osoko udalerri eta eskualdeetan jarduera ekonomikoari eusteari egiten dioten ekarpenagatik ere”. 

Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Energia Trantsizio eta Jasangarritasun sailburuak  itxi du ekitaldia. Bere hitzetan, “Ezkutuko Txalpeldunak dira gure industria-ereduaren adierazpenik onena: hemendik lehiatzen dira munduan, eta Euskadi indartsuagoa eta erresilienteagoa bihurtzen dute. Erronka ez da jada garena aitortzea bakarrik, baita 10 edo 20 urte barru Euskadik nitxo globaletan enpresa lider gehiago izatea ziurtatzea ere”.