2026ko apirilaren 13a

Ekitaldia BAT B Accelerator Tower dorreko areto nagusian egingo da
- ELGEko, Munduko Bankuko, Europako Batzordeko eta Nazio Batuetako adituak Bilbon elkartuko dira apirilaren 15ean eta 16an, Orkestrak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatutako biltzarrean.
- Ekitaldiak Bizkaia erreferentziazko kasu gisa kokatuko du talentuaren edo jasangarritasunaren inguruko lurralde politiken diseinuan.
- Biltzarrak formatu berritzailea izango du, “analisitik ekintzara” igarotzeko eta hainbat herrialdetako ikertzaileak eta politiken arduradunak elkarrengana hurbiltzeko.
Bizkaiak “From analysis to action: Harnessing local policies to boost productivity” nazioarteko biltzarraren bigarren edizioa hartuko du, apirilaren 15ean eta 16an. Topaketa horretan, mundu osoko adituak elkartuko dira, tokiko politika publikoek produktibitatea, lehiakortasuna eta ongizatea nola bultzatu ditzaketen eztabaidatzeko.
Ekitaldia Orkestrak antolatu du, ELGEren Trentoko Tokiko Garapen Zentroarekin, The Productivity Instituterekin eta CEPALekin (Nazio Batuen Latinoamerikarako eta Kariberako Batzorde Ekonomikoa) lankidetzan, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Agerikoa da lehiakortasun politikek gero eta gehiago behar dutela tokiko ikuspegia, eskualde bakoitzaren ezaugarri espezifikoetara egokitzen dena, gaitasunei, azpiegiturei edo berrikuntza ekosistemei dagokienez. Horixe da, hain zuzen ere, biltzarraren abiapuntua.
Landuko diren gai nagusien artean daude, besteak beste, jakintza fluxuek industriaren eraldaketarako duten garrantzia, adimen artifizialaren garaiko gaitasunak eta enplegua, jasangarritasunaren eta produktibitatearen arteko harremana, eta lurralde garapen orekatuagoa lortzeko estrategiak.
Analisitik ekintzara igaro nahian
Biltzarrak formatu berritzailea izango du, “analisitik ekintzara” igarotzeko, eta hainbat herrialdetako ikertzaileak eta politiken arduradunak elkarrengana hurbiltzeko. Aurkezpenen bidez, saio bakoitzean erronka jakin bat aztertuko da, horren inguruko jakintza zientifikoa azalduko da, eta egoera horri aurre egiteko dagoeneko martxan dauden politiken adibideak erakutsiko dira Helburua da lurraldeek esperientziak partekatzea, inspirazio iturri izan daitezen tokiko politikak proposatzeko.
Orkestrak presentzia nabarmena izango du topaketan. Iván Martén presidenteak eta James Wilson zuzendari nagusiak adibide zehatzak aurkeztuko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoa funtsezko erronkak nola ari den lantzen erakusteko, tartean, industria eraldaketa, talentua edo jasangarritasuna, erakundeen, enpresen eta jakintza zentroen arteko lankidetzaren bidez. Halaber, Edurne Magro ikertzaile seniorrak saioetako batean parte hartuko du; zehazki, Bizkaia Orekan Sakonduz ekimenaren arrakasta kasua aurkeztuko du, lurralde orekaren inguruan Orkestrak egindako lana azaltzeko eta epe luzeko politika publikoak diseinatzerakoan duen garrantzia azpimarratzeko.
Bizkaia, politika berritzaileen diseinuan erreferente
Ekitaldiko une garrantzitsuenetako bat apirilaren 16ko saioa izango da. Saioari hasiera instituzionala Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatuak emango dio. Basurkok lurraldearen epe luzeko inbertsio estrategia aurkeztuko du, lehiakortasun jasangarria, berrikuntza, talentuaren erakartzea eta gizarte kohesioa sustatzeko.
Ondoren, nazioarteko erakundeetako ordezkarien mahai ingurua egingo da, Mari Jose Aranguren Deustuko Unibertsitateko errektoreordeak moderatuta. Bertan izango dira ELGEko Karen Maguire, Munduko Bankuko Christian Ketels, CEPALeko Marco Dini eta Europako Batzordeko Stefan Appel. Eztabaidak inbertsio estrategikoak nola lehenetsi aztertuko du, ziurgabetasuneko testuinguru global honetan, lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia azpimarratuz.
Bizkaiko ordezkarien eta eragileen presentzia nabarmena izango da biltzarreko hainbat saiotan, lurraldeak politika publikoen laborategi gisa duen ibilbidea nabarmentzeko. Horrela, ongietorri saioan Cristina Múgicak (Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasunerako eta Kanpo Sustapenerako zuzendari nagusiak) hitz egingo du; Amaia Jugok (Bizkaia Talenteko zuzendari nagusiak) talentuaren arloko ekimenak aurkeztuko ditu; eta Estibaliz Goñik (Iberdrolako Prozesu eta Teknologia zuzendariak) eraldaketa teknologikoak gaitasunen beharrak nola aldatu dituen azalduko du, trantsizio energetikoan liderra den enpresa baten ikuspegitik.