2025ko ekainaren 3a
- Miren Estensorok Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde estrategia azaldu du, eta maila askotako elkarlaneko gobernantzarako egiturak bultzatzearen garrantzia azpimarratu du
- Topaketak Latinoamerikako nazioz azpiko gobernuetako agintariak eta arduradun politikoak bildu ditu
Miren Estensoro Orkestrako ikertzaile seniorrak “El rol de los gobiernos subnacionales en las políticas de desarrollo productivo, sostenible e inclusivo” nazioarteko mintegiko hasierako hitzaldia eskaini du Quiton. Mintegia Nazio Batuen Latinoamerika eta Kariberako Batzorde Ekonomikoak (CEPAL), Pichinchako prefekturak eta Quitoko alkatetzak antolatu dute, GIZ-Alemaniako Nazioarteko Lankidetza Erakundearen eta CAF-Latinoamerikako eta Karibeko Garapen Bankuaren laguntzarekin.
Topaketak Latinoamerikako nazioz azpiko gobernuetako agintariak eta arduradun politikoak bildu ditu, lurraldeko garapen produktiborako politikak diseinatzeko eta ezartzeko erakunde gaitasunak sendotzeko helburuarekin. Aldi berean, mintegiak “Latinoamerikarako eta Kariberako Garapen Produktiborako Nazioz Azpiko Gobernuen Sarea” abian jartzeko ere balio izan du. Sareak nazioaz azpiko gobernuen eta lurraldeen artean elkarrizketa, jardunbide egokien trukea, lankidetza eta baterako proiektuen garapena sustatu nahi ditu. Orkestrak sarea sortzeko ekitaldian parte hartu du, lekuko gisa.
Elkarlaneko gobernantza, lurraldeen eraldaketarako gakoa
“El rol de los gobiernos subnacionales en las políticas de desarrollo productivo de los territorios” hitzaldian, YouTuben eskuragarri dagoela, Miren Estensorok Orkestrak sustatzen duen ikerketa eraldatzaileko ikuspegia azaldu du, baita Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde estrategiaren funtsezko ikaskuntza batzuk ere.
Euskal Autonomia Erkidegoa hainbat hamarkadatan industrian oinarritutako lurralde estrategia arrakastatsu bat modu proaktiboan eta sendoan eraiki duen eskualde bakarrenetakoa da. Estrategia hori, gainera, lankidetza publiko-pribatuan eta erronka ekonomiko, sozial eta ingurumenekoetara etengabe egokitzean oinarritu du. Estensorok eskualdearen azken hamarkadetako eraldaketaren oinarrietako batzuk azaldu ditu, eta horrek interes berezia sortu du entzuleen artean.
Era berean, Orkestrako ikertzaile seniorrak maila askotako elkarlaneko gobernantzak administrazio publikoan berrikuntza sustatzeko edo enpresa txiki eta ertainei laguntzeko orduan berebiziko garrantzia duela ere azpimarratu du. Horren adibide dira, besteak beste, Gipuzkoako Lurralde Garapeneko Laborategia edo Bilbao Next Lab, Bilboko Lehiakortasun Politiken Laborategia.
Orkestrak nazioarteko horrelako foroetan parte hartzea Institutuak jakintza trukatzearekin duen konpromisoaren erakusle da, lurraldean eraldaketak bultzatzeko. Aldi berean, Euskal Autonomia Erkidegoak nazioartean duen kokapenean ere laguntzen du.