2022ko urriaren 5a

DeustoForum 2022

Portu eremuko, energia-sektoreko eta enpresako profesionalek topaketa batean parte hartu dute, portuek gune jasangarri gisa duten etorkizunari buruz hausnartzeko

Energia-trantsizioaren testuinguruan portuek eduki behar dituzten aukerak eta erronkak aurkeztea eta aztertzea, horixe izan zen Orkestrak eta Bilboko Portuko Agintaritzak atzo Bilboko Portuan antolatu zuten "Portuen zeregina energia-trantsizioan" jardunaldiaren helburua.

Topaketan, portu eremuko, energia-sektoreko eta enpresako hizlari ugarik portuek gune jasangarri bihurtzeko gainditu beharreko funtsezko alderdiak aztertu zituzten. Halaber, azaldu egin zituzten aldaketa demografiko, teknologiko eta jasangarritasunetara egokitzeko Europako portuetan energia-eraginkortasunaren, deskarbonizazioaren eta jasangarritasun ekologikoaren arloan egiten ari diren jarduera nagusiak. Faktore horiek portuen funtzioa zehazten ari dira, baita zerbitzua ematen dieten komunitateen sare ekonomiko eta sozialean duten lekua ere.

Jardunaldia Ricardo Barkala Bilboko Portuko Agintaritzako presidentearen ongietorriarekin hasi zen, eta portuetan energia-trantsizioa egiteko beharra esaldi bakar batean laburbildu zuen: "jasangarritasuna sine qua non baldintza da portuentzat". "Energia-trantsizioak, gure planetarekiko eta haren etorkizunarekiko konpromisoaz gain, portu lehiakorragoa bihurtuko gaitu zentzu guztietan. Lehiakorrak izan gaitezke jasangarriagoak izaten. Ez dira aurkako kontzeptuak", azpimarratu zuen.

Bestalde, Orkestrako ikertzaileak, Macarena Larreak, Orkestrak berriki argitaratu duen ‘Portuen zeregina energia-trantsizioan’ txostenaren ondorio nagusiak azaldu zituen. Txosten horren arabera, nabarmendu zuenez, "portuak bazkide estrategikoa dira deskarbonizazioaren eta jasangarritasunaren erronka nagusiei erantzuteko bi eremu handitan: batetik, itsas garraioaren eta portu-jarduera jasangarriagoaren bultzatzaile gisa, erregai jasangarriagoak sustatuz, portuko jarduerak deskarbonizatuz edo eskalak optimizatuz, besteak beste; eta, bigarrenik, portuko itsas klusterren kate-maila gisa, bai kate logistikoen eragile garrantzitsu gisa, bai itsas energien garapenerako, adibidez”. Era berean, Larreak nabarmendu zuenez, "portuek dituzten erronkak gainditzeko beharrezkoa da digitalizazioaren eta automatizazioaren, irizpideen bateratzearen, nazioarteko elkarrizketaren, eragileen arteko lankidetzaren, I+G+B jardueren eta finantziazio-iturri berrien garapenaren alde egitea". 

Ondoren, EEE - Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak euskal energia-estrategiari eta portuek itsas energien proiektuetarako hub gisa duten garrantziari buruz hitz egin zuen. Bere hitzaldian, Ansolak zorionak eman zizkien Orkestrari eta Bilboko Portuko Agintaritzari “herrialde-mailako estrategia bat duen ekitaldia antolatzeagatik. Izan ere, portuak oso garrantzitsuak dira aberastasuna sortzeko eta, historikoki, gure herrialdearen bultzada ekonomikorako, eta, gainera, ekarpen handia egiten diote lortu nahi dugun energia-errealitate berriari: ekonomiaren eta ingurumenaren aldetik jasangarria, non energia berriztagarriek gero eta leku handiagoa duten eta kanpo-mendekotasunik gabeko hornikuntza-bermeak eskaintzen dituzten”. 

Ondoren, Bilboko Portuko Agintaritzako zuzendari nagusiak hartu zuen hitza, Carlos Alzagak, Bilboko Portuan orain arte egin diren trantsizio energetikoaren alorreko proiektuak aurkezteko, eta laster gauzatuko direnak aurreratzeko. Besteak beste, BilbOPS proiektua nabarmendu zuen, Bilboko Portuan kaiak elektrifikatzeko eta instalazio fotovoltaiko elkartua jartzeko. Ekintza horrek "Green Port izateko helburura hurbilduko du Bilboko Portua". 

Petronorreko Pertsona, Antolakuntza, Erakunde Harreman eta Finantza Saileko zuzendariak, José Ignacio Zudairek, ‘Petronorreko Deskarbonizazio Hub-a: proiektu industrial aitzindaria, jadanik martxan dena" ponentzia aurkeztu zuen. Zudairek nabarmendu zuenez, "Bilboko Portua beti egon da energia-jarduerei lotuta, eta, zehazki, Petronorren sorrerari. Eginkizun hori erabakigarria izango da etorkizunean ere, ondo komunikatutako azpiegiturak izango baitira, espazio prestatuetan eta horiek garatzeko aukera emango dutenak. Gaur egun, Petronorrek, fintze-jardueraz gain, dibertsifikazio-proiektu garrantzitsuak ditu, industria eta teknologia batera doazen energia-trantsizioan oinarrituta. 


 ELI6631 red

 Andima Ormaetxe, Iñigo Ansola, José Ignacio Zudaire eta Jorge Fernández mahai-inguruan.

Ondoren, Orkestrako Energia eta Ingurumenaren Labeko koordinatzaile Jorge Fernándezek mahai-inguru bat moderatu zuen energia-trantsizioak portuei planteatzen dizkien erronkei eta irtenbideei buruz, eta etorkizunean portuek ekonomiaren deskarbonizazioan eta garraio jasangarriagoa bultzatzeko aliatu estrategiko gisa izango duten zereginari buruz. Iñigo Ansolak, José Ignacio Zudairek eta Andima Ormaetxek, Bilboko Portuko Agintaritzako merkataritza-, eragiketa- eta logistika-zuzendariak, parte hartu zuten eztabaidan.

Jardunaldia amaitzeko, Ekaitz López Bilboko Portuko Agintaritzako ekonomia- eta finantza-zuzendariak Topaketaren ondorioak aurkeztu zituen.

Informe de Competitividad
ARGITALPENA

Portuen zeregina energia trantsizioan

Portuek energia trantsizioan duten zeregina ebaluatzen du txosten honek, bi ikuspegitatik: portuko jardueren eragile gisa eta portuko itsas klusterren barnean egonik.

+ Jaitsi txostena