2021eko azaroaren 23a

Entrevista grupo uplift

Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2021eko Txostenak aurrerapen ekonomikoaz harantzago, euskal gizartearen ongizatearekin lotutako dimentsioak ere aztertu ditu

Lehiakortasunari buruzko 2021eko Txostenak, SPRI taldearen eskutik eginda, aztertzen du nola dagoen Euskal Autonomia Erkidegoa ongizateari begiratuta, zein ari den izaten bere ekonomia eta enpresa errendimenduaren bilakaera eta zein diren etorkizuneko lehiakortasunerako palankak. Azterketa gaur aurkeztu dute hedabideen aurrean Deustuko Unibertsitateko errektoreak, José María Guibertek; Orkestrako presidenteak; Iván Martén Uliartek; Institutuko zuzendariak, Mari Jose Arangurenek; eta Susana Franco ikertzaile seniorrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko ongizate eta ekonomia eta enpresa emaitzak

Txosten honetan, Orkestrak esparru berri bat proposatzen du, funtsezko dimentsio batzuk biltzen dituena Euskadiko ongizatearen zerbitzura dagoen lehiakortasunaren gakoak identifikatzeko orduan. Aipatutako dimentsio horiek ondorioztatu dute Euskadin ongizatearen maila ona dela, batez ere, bizitzarekiko gogobetetasunari, ikaskuntzari eta osasunari dagokionez. Bestalde, beste alderdi batzuetan lanean jarraitu behar da, bereziki, enpleguaren eta ingurumenaren arloetan.

  • Euskal herritarrek gizarte bizitzarekin eta bizitza materialarekin gogobetetasun maila handia erakusten dute. Pandemia bizi izan dugun arren, bizitzarekiko gogobetetasunak hobera egin du EAEn, gutxi bada ere. Pertsonenganako konfiantzan ere hobera egin da azken urteetan eta erreferentziazko beste erregio batzuen parean gaude orain. Elementu hori garrantzi handikoa da trantsizioetarako beharrezkoak diren lankidetza dinamiketarako.
  • Euskal Autonomia Erkidegoak emaitza oso onak ditu bizitzan zeharreko ikaskuntzan. Gainera, goi mailako hezkuntza duen biztanleriak bilakaera positiboa izan du
  • Osasunari dagokionez, bizitza itxaropena jaiotzerakoan aztertutako gainerako lurraldeetan baino handiagoa da. Norberak hautemandako osasun egoera ere Europako batezbestekoaren eta Alemaniako datuaren gainetik dago.
  • Langabezia tasak hobera egin du eta %10aren azpitik dago bai 2019an eta bai 2020an. Hala ere, hobetzeko aukera badago, EB-27ko batezbestekoarekin eta erreferentziazko beste industria erregio batzuekin alderatuta.
  • Ingurumenari dagokionez, airearen kalitateak hobera egin du, baina oraindik asko dago hobetzeko berotegi efektua eragiten duten gasen isurietan.
  • Azkenik, erronka garrantzitsuak ikusten ditugu inklusibitatean ere. Izan ere, adierazleek genero arrakala erakusten dute, emakumeei kalte egiten diena, segurtasun sentsazioari eta soldatei dagokienez.
Txosten honetan, Orkestrak esparru berri bat proposatzen du, funtsezko dimentsio batzuk biltzen dituena Euskadiko ongizatearen zerbitzura dagoen lehiakortasunaren gakoak identifikatzeko orduan.

Euskal Autonomia Erkidegoan azken hamarkadetan industria ardatz hartuta bideratu den lurralde estrategiak emaitza onak izan ditu eta lurraldea ongi kokatuta dago COVID-19ak eragin duen krisiari aurre egiteko. Hala, nahiz eta pandemia bizi izan, Euskal Autonomia Erkidegoa oraindik ere biztanleko BPG handiena eta pobrezia edo gizarte bazterketako arriskuan dagoen biztanleriaren proportziorik txikiena duten Europako erregioen artean dago.

Baina nahiz eta erregioaren lehiakortasunaren oinarriak sendoak izan, ekonomia eta enpresa emaitzek pandemiaren eragina erakusten dute eta susperraldiari begira kontuan hartu beharreko hainbat elementu identifikatzea ahalbidetzen dute:

  • Euskal Autonomia Erkidegoan, lan egindako ordu bakoitzeko produktibitatea handiagoa da Espainian eta EB-27an baino, baina, oraindik ere, Alemania eta erreferentziazko erregioak gure aurretik daude.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko unitateko lan kostua (ULK) erreferentziazko beste bi lurraldeen azpitik dago. Hala ere, manufaktura sektorea hartuta, Espainiaren eta EB-27aren gainetik dago, 2017az geroztik, lehenengo aldiz.
  • Enpresa txiki eta ertainen berrikuntzak hobera egin du, baina oraindik ere bidea dago Europako batezbestekora iristeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasunaren palankak aztertzea

Berritasun gisa, aurtengo txostenean sei palanka dinamiko aztertu ditugu. Palanka horiek adierazten digute nora bideratu behar diren estrategiak eta politikak enpresen lehiakortasuna eta ongizatea hobetzeko. Palanka horietako bakoitzean, txostenak Euskal Autonomia Erkidegoaren indarguneak identifikatzen ditu, baita aurrean dituen erronketako batzuk ere.

  1. Kapital naturala: euskal ekonomian industriak duen pisu handia eta kontsumitzen duen energia kontuan hartuta, erronka nagusia da pausoak modu ordenatuan ematea zero isuri garbi lortzeko, ahalik eta gizarte eragin txikienarekin. Baina, aldi berean, energia eta ingurumeneko trantsizioak aukerak ere sortuko ditu enpresentzat. Oso balio kate lehiakorrak ari dira garatzen energia sektorearen arlo batzuetan, esate baterako, energia berriztagarrietan. Gaienra, ingurumen sektoreko enpleguak ere gora egin du.
  2. Kapital fisikoa: EAEn, industrian inbertitzeko kulturak garrantzia du. Makinerian eta ekipo ondasunetan egindako inbertsioak hazten jarraitu du. Hala ere, orokorrean, inbertsio mailak behera egin du, BPGrekiko proportzioan, eta beharrezkoa da 2008ko krisiaren aurretik ikusten ziren maila handiagoak berreskuratzea.
  3. Finantzaketa: euskal enpresek kapitalizazio handiko profila dute eta ondare garbiaren pisua handiagoa da hemengo enpresetan, Espainiako eta Europako enpresetan baino. Gainera, EAEko administrazio publikoak finantza egoera onean iritsi ziren pandemiara. Hala ere, zailtasunak daude atzerritik gurera inbertsioa erakartzeko.
  4. Jakintza: Euskal Autonomia Erkidegoak aurrera egin du eraldaketa digitalean eta Europako beste herrialde batzuekin alderatuta, tokia irabazten joan da. I+Gko gastua BPGrekin kalkulatuta, ordea, Europako batezbestekoa baino txikiagoa da.
  5. Giza kapitala: trantsizioei lotutako esparruetan ikaskuntza indartzea funtsezkoa izango da enplegua sustatzeko eta jarduera tasak hobetzeko, bereziki emakumeen eta gazteen artean. Azpimarratzekoa da Euskal Autonomia Erkidegoak Europako batezbestekoak baino balio hobeak dituela bizitzan zeharreko ikaskuntzan.
  6. Gizarte eta erakunde kapitala: EAEn, enpresen arteko lankidetza maila Europako batezbestekoaren eta Alemaniaren gainetik dago. Etorkizunari begira, erronka izango da lankidetza maila hori sendotzea eta beste eragile batzuk ere erakartzea, trantsizioen erronkei eta aukerei lotutako asmo handiagoko proiektuei erantzun ahal izateko.

Txostena, Lehiakortasunari buruzko Biltzarrean aurkeztu zen azaroaren 24an. Biltzar osoa ikusi nahi baduzu, eskuragarri daukazu bideoa gure YouTubeko kanalean.

 

Informe de Competitividad
TXOSTENA

Lehiakortasunari buruzko 2021eko Txostena

Ezagutu EAE-ren egoera eta erronkak aztertzen dituen txostena

Txostena jaitsi

 

Etiketa: Enpresa lab-a