2018ko urriaren 26a

"Conceptos básicos de economía. En busca de un enfoque ético, social y ambiental" atzo aurkeztu zen, ikertzailearentza homenaldi bihurtu zen ekitaldi batean.

Presentacion libro Paco 7948

Paco Alburquerque Orkestrako ikertzaile elkartuak “Conceptos básicos de economía. En busca de un enfoque ético, social y ambiental” liburua aurkeztu zuen atzo. Liburua Lurralde Garapena-ren inguruko bilduman argitaratu da, Orkestrak eta UTN-Rafaelako Eskualdeko Fakultateak elkarrekin editatzen dutena. Alburquerquek ekonomia ikuspegi sistemikotik azaltzen du, Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari eta hitzaurrearen egileak nabarmendu duen bezala.

Hala, Alburquerquek azpimarratzen du garrantzitsua dela ekonomiaren analisian gizarte eta ingurumen testuingurua ere txertatzea, ekonomiaren garapenaren ikuspegi etikoa ere bermatzeko. Horretarako, ordea, lurraldea eragiletzat hartu behar da eta ez geografia elementu hustzat.

Pacok bere ibilbideaz hitz egin zuen eta azaldu zuen nola eragin zuen, hasiera-hasieratik, ekonomiaren ikuspegi osoago bat bilatzeko nahian. Ekitaldira bertaratu zirenei eskerrak eman nahi izan zizkien, berarengan jarritako konfiantzarengatik. Bertaratuen artean zeuden Pacorekin lan egin izan duten Gipuzkoako eragileetako asko, horien artean, Foru Aldundiko kideak edo garapen agentzietakoak.

Liburuaren aurkezpena, horrela, ikertzaileari omenaldi txiki bat egiteko baliatu zen. Pablo Costamagna UTN-FRRAko Praxis erakundeko koordinatzaileak ezin izan zuen Donostiara hurbildu, baina bideo bat bidali zuen, Pacoren lanak Lurralde Garapenaren inguruko formakuntza arloari egin dion ekarpena agerian uzteko.

 

Lurralde Garapenerako Ikerketa Ekintza

Paco Alburquerqueren eragina funtsezkoa izan zen Orkestrak, gaur egun, ikerketa-ekintzako bere hurbilpen berezia edukitzeko, Lurralde Garapenerako Ikerketa Ekintza. Hain zuzen ere, hurbilpen hori Institutuak aurrera eraman dituen hainbat proiekturen oinarrian dago, besteak beste, Zubigintza, Bilbao Next Lab edo Bizkaia Orekan proiektuetan. Miren Larrea Zubigintzako koordinatzaileak eta lan ildo horren bultzatzaileetako batek gogoratu zuen Orkestrak jada 10 urte daramala horrelako ikerketa egiten eta liburu honen aurkezpena hori ospatzeko modu bat zela.

Ikerlana Orkestraren web orrian eskuragarri dago, edonoren eskura, Lurralde Garapenari buruzko bildumako gainerako aleak bezala. Patricia Canto bildumaren editoreak nabarmendu nahi izan zuen bildumak ikerketa gizarte osoaren eskura jartzea duela helburu.

Liburua ikusteko, egin klik hemen.