EHUko uda ikastaroa. Miramar jauregia. Donostia.

Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak (Deustuko Unibertsitatea) "¿Cómo medir el progreso de una sociedad?" ikastaroan hartuko du parte, datorren uztailaren 28an eta 29an. Ikastaroak gizarteen eta lurraldeen bilakaera neurtzeko erabiltzen diren adierazleen inguruko eztabaidan sakontzea du xede.
Aukera paregabea da Barne Produktu Gordinaren (BPGren) edo Biztanleko Errentaren osagarri izan daitezkeen beste adierazle batzuen inguruko esperientziak ezagutzeko, gizartearen aurrerapena ebaluatu nahi izanez gero, ekonomiaz bestelako alderdiak ere kontuan hartuta. Eztabaida hori sortu da argi ikusi baita BPG handiak ez dakarrela, ezinbestean, aurrerapena, giza garapenari eta gizarte aurrerapenari begiratuta.
Ikastaroak oinarrizko hainbat gai landuko ditu: zein da adierazlerik onena gizarte baten aurrerapena neurtzeko? edo zein neurritan erabiltzen dira monitorizatze sistema global horiek ekintza publikoak gidatzeko, ebaluatzeko eta komunikatzeko, bizi kalitatea handitu eta garapen jasangarria lortu nahi direnean?
Susana Franco Orkestrako ikertzaileak Europako Eskualdeetako Gizarte Aurrerapeneko Indizeari buruz hitz egingo du, baita Euskal Autonomia Erkidegoak adierazle horretan duen kokapenari buruz ere. Ildo horretatik, argituko du indize hori nola eraiki den, zer esaten digun EAEko gizarte aurrerapenari buruz, eta zein arlotan ikusten diren indarguneak eta ahultasunak. Indize hori erabaki politikoak hartzerakoan zein neurritan den baliagarria ere azalduko du.
Ekimena Zoriola Elkarteak antolatu du, Eusko Ikaskuntzaren laguntzaz. Zoriola Elkartea irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, ekonomiaren eta gizartearen garapenari lagundu nahi diona ikuspegi global eta humanista batetik, sarean lan eginez, eta arreta berezia eskainiz gazteen garapen pertsonalari eta lanbidekoari.
Hona hemen programa osoa.
Informazio gehiago hemen