Ikerlari-erraztaileok lurralde garapenerako ekintza-ikerketaren (LGEI) bitartez lan egiteko modua azaleratzen du artikulu honek, Lurralde Garapenerako Laborategiaren (LGLab) baitan. Ondorengo lerroetan ezagutzera eman nahi dugu gure jarduna herri-politiken eta lurralde garapenaren markoan: zein den gure rola, ze oinarrizko printzipio hartzen ditugun gidari, eta nola integratzen ditugun ezagutza modu desberdinak. Funtsean, herri-politiken eta akademiaren arteko gure eguneroko dantza ezagutarazi nahi dugu. Horretarako, tokiko ekonomien berrikuntza, gobernantza sareak eta ekintza-ikerketa ditugu ardatzean.

Herri-politiken eremuko ikerlari-erraztailearen lana, zenbaitetan, artisau lanarekin parekatu izan da: bi jardunek jakintza esperientziala, aditu-jakintza eta prozesuari lotutako ezagutza uztartzen dituztelako. Herri-politiken eraldaketa errazteko artea (Larrea, 2024) liburua da ikuspegi horren giltzarrietako bat. Metaforikoki, artisauak bere materiala sakon ezagutzen duen moduan, ikerlari-erraztailea gai da lurralde eta politika jakin baten dinamikak, eragileak eta tentsioak uztartzeko. Ez du aurrez diseinaturiko eredu itxirik ezartzen; alderantziz, entzun, behatu eta elkarrizketan aritzen da errealitate biziarekin. Komunitateekin, erakundeekin, herri-politikak diseinatzen eta gauzatzen dituzten eragileekin, eta, oro har, pertsonekin jarduten du. Hots, forma kolektiboa ematen dio errealitate bizi horri.

Artisauak materialarekin batera ikasten duen moduan, ikerlari-erraztaileak prozesuarekin batera ikasten du: etengabe dihardu metodoa doitzen, baieztapenak birplanteatzen ditu eta ezagutza anitzen balioa aitortzen du. Bere lanaren garrantzia ez datza soilik emaitzan (programan edo herri-politikan), prozesu partekatua ere badago bere lanaren muinean. Emaitzari adinako balioa aitortze horrek erdigunean jartzen du sarri itzalean geratu ohi dena, jakintza esperientziala, aditua eta prozesukoa uztartzea eskatzen duen ahalegina. Artisauak bere lana zaintzen duen bezala zaintzen ditu prozesu kolektiboak ikerlari-erraztaileak. Aparteko mimo eta zaintze horrek ematen die bide herri-politikak lurraldean errotzeari, lankidetzatik zilegitasuna eraikitzeari eta prozesua iraunkorrago egiteari.

Hori gauza dadin, baina, lurralde ikuspegi zehatz bat behar da oinarrian. LGLab har dezakegu lan egiteko modu horren aldeko apustu baten adibide. Eskualde eta lurralde mailako gobernantza publiko moduak esploratzen, diseinatzen eta martxan jartzen dihardu 2017az geroztik, Gipuzkoan lurralde garapeneko prozesuak sustatzea helburu du. Ahalegin hori ardazten dute lankidetzak, inklusioak eta iraunkortasunak, batetik; ezagutza akademikoa eta tokian tokiko eragileen esperientzia praktikoa uztartu nahiak, bestetik. Lan-modu eta oinarri filosofiko horiek gidari, bidea eraiki da erakunde arteko lankidetza ereduan, edo lurraldearen beharretara egokitutako politiken ko-sorkuntzan; lurraldearen garapenean, alegia.

Bilakaera hori lehen pertsonan bizi izan dugu Orkestran, eta batik bat bertako ikerlari-erraztaile taldean. Lankidetzazko gobernantzaren erraztaile nagusi gisa, LGEI lan-metodologia garatzen eta finkatzen aritu gara, unean uneko testuinguruan erantzun kolektiboak lantzeko oinarriak eskaintzen dituela sinetsita. Hain zuzen, lanean dihardugu herri-politikak eta eremu akademikoa uztartzen, eta LGEI bi esparru horietan hezur-mamitzen. Ahalegin kolektibo baten parte da gure lana; hamaika aurpegi hartzen dituen ahalegin kolektibo baten parte, hain zuzen. LGLab-en baitan burututako hainbat ekimen hartu ditugu abiapuntu gure hausnarketak gorpuzteko.

 Ekintza-ikerketak ikerlarion eta tokiko eragileen arteko harreman sistematikoa bultzatzen du, elkarrekin identifikatzeko eta lantzeko lurraldeko erronka partekatuak. Ezagutza akademikoaren, esperientzialaren eta prozesukoaren arteko hartu-emana bilatzen dugu, horietatik sor daitezen lurraldearen neurrira egindako hausnarketa eta ekintzak. Bide horretan, lan esparru nagusi ditugu, gobernantza sare eta estrategien sustapena, batetik, eta tokiko ekonomiaren garapen eta berrikuntza, bestetik.

Lehenengoari dagokionez, eragileen arteko elkarlana sendotu, dialogo espazioak sortu eta estrategia kolektiboak eraikitzeko ahalegina egin dugu, lurraldeko konplexutasun eta erronkei aurre egiteko asmoz. Horrek, tokiko lankidetzazko gobernantza ereduak indartzeko abagunea eman digu, ikuspegi partekatuan eta konfiantzan oinarrituz. LGLab-en esperientziak horren adibidez du, besteak beste, maila anitzeko gobernantzan, lurraldeko hainbat eragileren arteko dialogo espazioak sortu eta herri-politika berritzaileen diseinurako irizpideak ko-sortu izana. 2017an lehenengoz, lurralde garapenaren esparruan lankidetzan zebiltzan eragileen arteko Hitzarmena sinatu zen harreman hori formalizatzeko asmoz.

 Tokiko ekonomiaren garapen eta berrikuntzari dagokionez ere aurrerapauso azpimarragarriak eman dira LGLab-en markoaren baitan. Hitzarmenak emandako lankidetza eremuaren bitartez, ekonomia garapenaren arloko hainbat herri-politika ko-sortu dira. Hain zuzen, jakintza mota desberdinak uztartu eta lurraldearen inpaktu positiborako ekimenak abiarazi dira lurraldeko eragileen, herri-politiken arduradunen eta ikerlarion ezagutzaren bitartez; baita arestian aipaturiko artisautza lan horri esker ere. Horren adibide dira, besteak beste, ETE Digitala ekimena, Lanaren Zentzua prozesua edo Barne-Ekintzailetzan egindako lanketa. Horietan guztietan, lurraldearen eskura jarri nahi izan ditugu gure jakintza eta lan-moduak ikerlari erraztaileok, lankidetzazko gobernantzara ekintza-ikerketa ekarrita.

Ikerlari-erraztaileok gobernantza sareen eta herri-politiken eraikuntzari ekarpena egiten diogu lurralde garapenerako ekintza-ikerketaren bitartez. Jakintza esperientziala, aditua eta prozesukoa mota uztartzeak ahalbidetu digu eskuz eta arretaz jardutea tokiko eragileekin elkarlanean, eta lankidetza estrategikoak eraikitzea. Emaitzez harago, baina, prozesua bera zaintzearen garrantzia dugu uneoro erdigunean. Prozesuek ez baitute euren kabuz topatzen bidea; ahalegin jarraia eskatzen dute, elkar-entzute bat, deserosotasunei ezikusia ez egitea. Horretan jarduten dugu, ikerlari zein artisau lanetan, lurraldeko erronkak ekintza-ikerketaren bitartez errazten.

 


Ibon Gil de San Vicente

Naia Begiristain

Naia doktorego ikertzailea da Orkestran. Bertan, ikerketa-ekintza proiektuen esparruan egiten du lan. Egun, bere ikerketa arlo nagusiak dialogo demokratikoa, lankidetzazko gobernantza eta parte-hartzea dira. Ezaguera alor horiek barne hartzen ditu lurralde garapenaren eremuan. Komunikazioan graduduna da eta Nazioarteko Harremanetako eta Enpresa Diplomaziako masterrarekin osatu du bere formakuntza. Orain, Naia doktorego tesia egiten ari da politika publikoen ko-sortze prozesuen demokratizazioaren inguruan. Tesian bereziki azpimarratzen du elkarrizketaren eta parte-hartzearen ekarpena.


miren larrea

Maddalen Alkorta

Maddalen doktoretza aurreko ikertzailea da Orkestran, eta egun bi arlotako proiektuetan ari da, ongizate eta enpresa adimendunarekin lotutako proiektuetan

Perfil osoa ikusi