2025ko ekainaren 25a

IMG 6479 2

  • Gipuzkoako Foru Aldundiak eta tokiko garapen agentziek ekintza-Ikerketa sendotu dute Lurralde Garapenerako, lurraldearen beharretara egokitutako politikak diseinatzeko eta ezartzeko ikerketa-metodologia eraginkor gisa.

  • Miren Larreak argitaratu du "Herri-politiken eraldaketa errazteko artea", Orkestra eta agentzien arteko lankidetzan oinarritutako 15 urteko ikaskuntzaren emaitza.

Joan den ekainaren 20an, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta lurralde historikoko eskualdeko hamaika garapen agentziek lankidetza hitzarmena berritu zuten Foru Jauregian egindako ekitaldian, Eider Mendoza Larrañaga diputatu nagusia buru zela. Hitzarmena berritzeak lurraldean ezarritako elkarlaneko gobernantza eredua sendotzen du, funtsezkoak diren arloetan aurrera egiten jarraitzeko, esate baterako, lehiakortasunean, berrikuntzan, inklusioan eta enplegagarritasunean.

Elkarlan horrek, 2027az geroztik Etorkizuna Eraikiz programaren barruan, eragin nabarmena izan du bai enpresa sarea indartzean eta bai Gipuzkoako herritarren ongizatean. Sinadura horrekin, dagoeneko urte batzuetako bidea egin duen erakundeen arteko lankidetza eredu bat finkatu da, ikusi denez, eraginkorra dena lurraldearen beharretara egokitutako politikak diseinatzeko eta ezartzeko orduan.

Prozesu horretan, Orkestra elkarlaneko gobernantzaren erraztailea izan da. Funtsezko parte hartzea izan du Lurralde Garapenerako Ekintza-Ikerketaren prozesuaren garapenean. Hain zuzen ere, orain arteko prozesurik luzeena izan da, eta zuzeneko eragina izan du bai politika publikoetan eta bai esparru akademikoan.

Metatutako esperientziari esker, Aldundiak, Orkestrak eta agentziek lankidetza eredu eraginkorra eta lurraldera egokitua finkatu dute. Ekitaldian, bi aldeen arteko konfiantza berretsi zen, eta Gipuzkoako garapenaren funtsezko eragile izatea aitortu zioten elkarri.

Azken urteotako elkarlana nagusiki sustapen ekonomikoaren, berrikuntzaren eta enplegagarritasunaren arlokoa izan da. Hala ere, eremu horietatik haratago, lanerako esparru honen benetako balioa elkarlaneko gobernantza indartzean datza. Lurralde Garapeneko Laborategia etengabe garatu da, unean uneko egoera eta beharretara egokituz eta erakundeen arteko konfiantzazko harremanak bultzatuz. Ikuspegi horrek baterako esku hartzeen efizientzia operatiboa hobetzen lagundu du, hainbat balio sustatuz, horien artean, erantzukidetasuna, estrategia partekatua, gaitasunen batura, politika publikoen eraginkortasuna eta elkarrekiko bidelaguntza.

Orkestrak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta garapen agentziekin elkarlanean egindako urte hauetako ikaskuntzak "Herri-politiken eraldaketa errazteko artea" liburuan islatu dira berriki. Bertan,Miren Larrea egileak, erraztearen arloan duen esperientziatik abiatuta, ekintzaren eta hausnarketaren arteko artikulazioaz hitz egiten du, zurruntasunari aurre egiten dio, eta errazte lana etengabeko mugimenduan dagoen eta erantzunak baino galdera gehiago dituen prozesua dela aldarrikatzen du, horrela lurralde garapenerako prozesuak errazteaz arduratzen diren ikertzaileen zereginen konplexutasuna agerian jarriz.