Erronka demografikoa errealitate bat da, eta zalantzan jartzen ditu baliabideen banaketa, zerbitzuen hornikuntza edo zaintzaren antolaketa. Gero eta maizago entzuten ditugu hedabideetan belaunaldien arteko balizko gatazka baten inguruko diskurtsoak, eta agerikoa da, gizarte kohesioari dagokionez, erronka handia dela hori. Hala ere, oso gutxi hitz egiten da gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunean duen eraginaz. Erronka demografikoaren inguruan genero ikuspegia kontuan hartu gabe pentsatzeak, fenomenoa behar bezala ulertzea eragozteaz gainera, desberdintasun hori sakontzen duten konponbideak proposatzera eraman gaitzake.
Hasteko, ongi ulertu behar dugu zein diren erronka honen jatorriak. Euskal Autonomia Erkidegoan, aldaketa demografikoa gertatzen ari da, hiru joera handik bultzatuta: jaiotza tasaren jaitsiera, bizitza luzeraren igoera, eta migrazio saldo positiboa. Dinamika hori biztanleriaren talde bakoitzak duen pisua aldatzen ari da. Hau da, EAEko biztanleriaren egitura aldatzen ari da. Eta bi norabide handitan egiten du: atzerritar jatorriko jendearen proportzioa gora egiten ari da eta biztanleria zahartzen ari da, adinekoen proportzioa handitzen ari delako, baina baita lan egiteko adinean dauden herritarren batez besteko adina ere.
Zahartzearen kasuan, literaturak adierazten digu eragin negatiboa duela ekonomian, eta ondorioak dituela enpresa jardueran, giza kapitalean edo berrikuntzan (Aiyar et al., 2016; Anghel et al., 2023; Liang et al., 2018) eta, gainera, areagotu egiten duela zaintzari eta ongizateari lotutako politiken beharra (Conde-Ruiz & Galasso, 2023). Erronka, beraz, izugarria da: ongizate inklusiboa ziurtatzea gizarte hauskorrago batean, eta ekonomia ez hain dinamiko batekin.
Egoera horretan, garrantzi handia hartzen du belaunaldien arteko harremanen gaiak. Literaturan, belaunaldien arteko elkartasunaren pean aurkituko dugu gai horren azterketa, “belaunaldien arteko gizarte kohesio” moduan ulertuta (Bengtson & Oyama, 2010; Bengtson & Roberts, 1991). Egia esan, edozein gizartetan aurkituko ditugu arrazoi fisiologikoengatik beste batzuk baino mendekoagoak diren belaunaldiak, nahiz eta egoera hori kudeatzeko modua aldatu egin daitekeen faktore kultural eta instituzionalen arabera. Gurean, elkartasun horren zati batek dimentsio publikoa du, “mendeko” belaunaldi horiei baliabideak eta zerbitzuak bermatzen dizkieten erakundeak baititugu; eta beste zati bat pribatua da, familia du oinarri nagusia. Alde horretatik, funtsezkoa da ulertzea eredu hori gizonen eta emakumeen arteko egiturazko desberdintasunak dauden gizarte batean zehazten dela, eta desberdintasun horiek aipatutako bi maila horietan ere agertzen direla.
Familia eremuan, belaunaldien arteko elkartasunaren ardura nagusiki emakumeek hartzen dute: emakumeek gizonek baino denbora gehiago ematen dute seme-alabak eta beste senide batzuk zaintzen. Ildo beretik, adingabeak zaintzeko eszedentzien % 87 eta beste senitarteko batzuk zaintzeko eszedentzien % 72 emakumeei ematen zaizkie (Emakunde, 2024). Gainera, 50 urtetik gorakoen taldean, emakumeek gizonek baino belaunaldien arteko bisita gehiago egiten eta jasotzen dituzte, baina neurri handiagoan sentitzen dira bakarrik, bizi itxaropen handiagoa dutelako (López López et al., 2015). Bizitzaren luzera handiagoak, lan bizitzako desberdintasunekin batera, azaltzen du pentsioetan dagoen genero arrakala (Emakunde, 2020).
Familiatik kanpo, emakumeek gizonek baino belaunaldien arteko elkartasun handiagoa erakusten dute komunitatean ere. Adibidez, senitartekoak ez diren adinekoei gehiago laguntzen diete (Jiménez-Roger & Sánchez, 2023) eta, gainera, lanbideari begiratuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Hirugarren Sektoreko lau langiletik hiru emakumeak dira (Observatorio Vasco del Tercer Sector Social, 2025).
Eta, are maila agregatuagoan, belaunaldien arteko elkartasun eredu horietan generoak eragin nabarmena duela ikusten jarraitu dezakegu. Alde batetik, sektore publikoak ematen dituen zaintza baliabideak eta zerbitzuak feminizatuta daude, eta administrazio publikoa, hezkuntza eta osasuna dira emakumeen presentzia handiena duten sektoreak (Aranguren et al., 2024). Eustaten datuen arabera, EAEko gizarte zerbitzuetako langile guztien % 69 emakumeak dira, eta ehuneko hori nabarmen handitzen da zerbitzuko langileen kasuan (% 80), eta are gehiago garbiketako langileen kasuan (% 90) eta osasun arloko langileen eta teknikarien kasuan (% 88). Horrek ondorioak ditu lan esparruan ere: lan baldintzak lan hitzarmenen bidez araututa ez dituzten langileen % 75 emakumeak dira (LAB, 2021).
Hori guztia belaunaldien arteko elkartasunari eta Estatuaren egitekoari buruzko balioetan eta iritzietan ere islatzen da. Zehazki, gastu publikoarekiko ikuspegia generoaren arabera aldatzen da: emakumeek gastu publiko handiagoa lehenesten dute (Kohli, 2006). Gauza bera gertatzen da adinekoentzako ongizate politikei eta pentsio publikoei buruz galdetuz gero ere: emakumeak neurri handiagoan daude ados proposamen horiekin (Riekhoff, 2021).
Azken batean, zaintzaren eskaria gero eta handiagoa da, eta belaunaldien arteko elkartasuna funtsezko zutabea da horri aurre egiteko. Elkartasun hori, ordea, ez da neutroa, familia eremuan nahiz erakunde eremuan agerikoak diren genero desberdintasunetan oinarritzen baita. Erronka demografikoari ongizate inklusiboaren ikuspegitik aurre egiteak eskatzen du asimetria horiek aitortzea eta erantzukizunak, baliabideak eta zaintzak gizonen eta emakumeen artean nola banatzen diren berriz pentsatzea, jatorria, gizarte klasea edo beste dimentsio batzuk ere bazterrean utzi gabe. Izan ere, erronka demografikoa ez da soilik biztanleriaren egitura berri batera egokitzea, baizik eta datozen hamarkadetan zer ongizate eredu eraiki nahi dugun pentsatzea.

Josep Soler
Josep doktoretza aurreko ikertzailea da Orkestran. Ekonomian graduatu zen Universitat de les Illes Balears unibertsitatean, eta Nazioarteko Ekonomia eta Garapeneko masterra egin zuen Madrilgo Complutense Unibertsitatean.