Kooperatibek zeregin nabarmena dute munduan, garapen sozial eta ekonomikoan. Inklusioaren eta ekitatearen printzipioetan oinarritutako enpresa eredu horrek hazkunde ekonomikoari laguntzen dio, baina, horrekin batera, kooperatibak dauden komunitateen ongizatea ere indartzen du. Hala aitortzen du Nazio Batuen Batzar Nagusiak, 2023ko uztailaren 17ko bilkuran kooperatibek garapen jasangarrirako duten garrantzia azpimarratu baitzuen.

Europako Batzordearen arabera(1), Gizarte Ekonomiako erakundeek 11,5 milioi pertsona baino gehiagori ematen diete lana, hau da, Europar Batasuneko biztanleria landunaren % 6,3ari. Ekosistema horrek lan harreman bidezkoagoak, soldata arrakala txikiagoa eta kudeaketa askotarikoagoa eta inklusiboagoa sustatzen ditu, eta, horrez gain, lan merkatuan sartzeko zailtasun handiagoak dituzten taldeak integratzen laguntzen du, hala nola 55 urtetik gorako pertsonak eta, zehazkiago, 45 urtetik gorako emakumeak, desgaitasuna duten langileak eta gizarte bazterkeriako arriskuan daudenak. Kooperatiben erresilientzia agerian geratu izan da bereziki krisi garaietan, esate baterako, COVID-19aren pandemian. Garai hartan, ezinbestekoak izan ziren funtsezko zerbitzuak eskaintzeko eta komunitate kalteberenei laguntzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoan horretaz jakitun gara, gure lurraldean esanguratsua baita kooperatiben eragina. Eustaten datuen arabera, 2023an, 1.848 enpresa kooperatibo zeuden eta 55.268 lagunentzat sortzen zuten enplegua. Kooperatiben presentzia bereziki nabarmena da Debagoienan (enplegu osoaren % 41,7 kooperatibek sortzen dute) edo Bizkaia-Kostan eta Tolosa-Goierrin (enpleguaren % 11,8 eta % 11,2, hurrenez hurren).

Orkestrak Kooperatiben Kontseiluarekin batera egindako azterlan batean, kooperatibek berdintasunaren funtsezko adierazleetan duten eragina aztertu da. Zehazki, pobrezia edo gizarte bazterketaren arriskuan dagoen biztanleria, generoaren araberako soldata arrakala, urteko batez besteko errenta eta S80/S20 desberdintasun ratioa aztertu dira. Emaitzek erakusten dute enplegu kooperatiboaren ehuneko handiena duten eskualdeek posizio erlatibo hobeak dituztela aldagai horietan.

Adibidez, Debagoiena, enplegu kooperatiboaren ehuneko handiena duen eskualdea, lehen kuartilean dago errentaren eta pobreziaren adierazleei dagokienez, eta bigarren kuartilean, soldata arrakalari eta diru sarreren desberdintasunari dagokienez. Gainera, kooperatiba gehien dituzten bost eskualdeetako bakar bat ere ez dago S80/S20 ratioaren azken kuartilean. Aldagai horrek diru sarrera gehien dituen biztanleriaren % 20aren diru sarreren eta diru sarrera gutxien dituen biztanleriaren % 20aren diru sarreren arteko proportzioa neurtzen du. Aipatzekoa da adierazleak kuartiletan antolatzeak ez duela berdintasun adierazlearen kokapen absoluturik erakusten, eskualde guztien arteko kokapen erlatiboak baizik.

kooperatibak eskualden taula

Iturria: Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari Buruzko 2024ko Txostena. Geuk egina, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Eustaten Pobreziari eta gizarte desberdintasunei buruzko inkestako (PGDI) datuak erabilita.

Kooperatiben eragina ez da berdintasun adierazleetara mugatzen. Izan ere, korrelazio positiboa ikusten da ongizatea indartzen duten beste aldagai batzuekin, esate baterako, industria enpleguaren ehunekoa eta erregistratutako langabeziaren murrizketa. Horrek indartu egiten du kooperatibek gizarte kohesioko eta garapen jasangarrirako eragile gisa duten zeregina.

Lehen aipatu dugun Europako Batzordearen dokumentuaren arabera(1), enpleguari egiten dion ekarpenaz gain, Gizarte Ekonomiaren ezaugarri nagusia pertsonen bizi kalitatea hobetzen duten sektoreetan espezializatzea da, hala nola hezkuntzan, osasunean eta arreta eta zaintza zerbitzuetan. Eredu horren funtsezko beste alderdi bat ingurumen jasangarritasunarekiko duen konpromisoa da; konpromiso hori uraren kudeaketako, energia berriztagarrietako eta kontsumo arduratsuko ekimenetan islatzen da. Gizarte ekonomiako erakundeak malguak dira eta egokitzeko gaitasuna dute; horri esker, hainbat industria ekosistematan integratu dira, nekazaritzako elikagaietatik hasi eta kultura eta sormen industrietaraino. Horrela, ekoizpen eredu bidezkoagoak eta jasangarriagoak garatzen lagundu dute.

Hala ere, nahiz eta garrantzi ekonomiko eta soziala izan, hainbat estatu kidetan oraindik ikusgarritasun txikia dute. Horrek erakundeek aitorpen handiagoa egin behar dietela eta Europako ekonomian duten benetako eragina neurtzeko tresna estatistiko hobeak behar direla erakusten du. Ildo horretatik, kooperatibek beren gizarteetan duten eragin positiboa ikusirik, Nazio Batuen Batzar Nagusiaren 76/135 Ebazpenak nabarmentzen du garrantzitsua dela estatuetako legeriak berrikustea, kooperatiben hazkundea eta sendotzea bultzatuko duen esparru juridikoa sortzeko. Eredu hori indartzeko, beharrezkoa da hainbat eremutan duen eragina aztertzen jarraitzea eta eskualde garapenari ahalik eta ekarpen handiena egiteko politikak sustatzea. 

 

  • (1) Benchmarking the socio-economic performance of the EU Social Economy. Improving the socio-economic knowledge of the proximity and social economy ecosystem  Contract: EISMEA/2022/OP/0015 (Lot 1) (2024) Chiara Carini, Giulia Galera, Giulia Tallarini, Rafael Chaves Avila, Barbara Sak, Jérôme Schoenmaeckers. European Innovation Council and SMEs Executive Agency (EISMEA) Unit I.02 SMP/SME Pillar, Internal Market and Support to Standardisation. ISBN 978-92-9469-767-7. doi: 10.2826/880860. EA-02-24-285-EN-N. Luxembourg: Publications Office of the European Union, 2024.

Rakel Vázquez

Rakel Vázquez

Raquel Vázquez. Orkestrako IT & Big Data, informatikako ingeniaria da. Informatikako Fakultatean ikasi zuen, Euskal Herriko Unibertsitatean.

Perfil osoa ikusi


jabier retegi

Jabier Retegi

Jabier Retegi, Orkestrako Ikertzaile Senior Elkartua, Industria doktorea UPCn, Industria Antolaketako ingeniaria eta Zientzia Aplikatuetako Masterra (M.SC.A.) Montréaleko Eskola Politeknikoan eta ingeniari mekanikoa Mondragon Unibertsitatean.

Perfil osoa ikusi