"Ezkutuko txapeldunak" edo "nazioarteko merkatu nitxoetako liderrak" (INML ingelesez: International Niche Market Leaders) nazioarteko merkatu nitxoetan lider diren enpresak dira. Herritarrentzat, oro har, ezezagunak diren arren, enpresa horiek oso garrantzitsuak dira Euskal Autonomia Erkidegoaren eta beste eskualde batzuen garapen ekonomiko eta sozialerako. Eskari oso zorrotzak asetzeko gai direnez, produktibitate handia dutenez eta epe luzeko enpresa estrategia fokalizatuei jarraitzen dietenez, arrakasta lortzen dute oso merkatu lehiakorretan. Asko saltzen dute atzerrian eta euskal ekonomiarentzat funtsezkoak diren sektoreetan espezializatuta daude. Gainera, jarduera berritzaile ugari dituzte eta beti abangoardian egotea bilatzen dute. Lurraldean oso errotuta dauden erakundeak dira, gehienak hiri handietatik kanpo kokatutako familia enpresak edo kooperatibak baitira eta, arrazoi hori dela eta, lurraldearen garapen orekatuari laguntzen diote.   

Ezkutuko txapeldun horiek identifikatzeko, analisi kuantitatiboa (datu ekonomikoak) eta kualitatiboa (elkarrizketak eta inkestak) behar dira. Enpresa horiek heldutasun fase desberdinetan egon daitezke, enpresaren beraren eta helburu dituen merkatuen bizi zikloaren arabera. Ikuspegi horren arabera, lau profil nagusi bereizten dira, beren ibilbidea eta aurrean dituzten erronkak azaltzen dituztenak.

  • INML izarrak. Nitxoetako lider diren eta onarpen global argia duten enpresa sendoak, beren helburuko merkatuetan nagusi direnak.
  • INML mehatxatuak. Arrakasta nabaria izan arren, merkatu kuotari edo errentagarritasunari dagokionez arriskuak dituzten liderrak, eskaria aldaketak, lehiakideen berrikuntzak eta gorabehera ekonomikoak direla eta.
  • INML emergenteak. Nazioarteko merkatuetan azkar hazten ari diren enpresak, tamaina eta garrantzia hartzen ari direnak, baina oraindik beren nagusitasuna finkatu ez dutenak.
  • INML potentzialak. Start up-ak edo finkatu gabeko enpresak (10 urte baino gutxiagokoak), oso produktu berritzaileak eta nazioarteko anbizio handia dutenak, baina oraindik ere nitxo globaletan lider izateko bidea marrazten ari direnak.

Profil bakoitzak enpresen bizi garapena ez ezik, lidergo globalaren bidean dauden oztopoak gainditzeko dituzten premia desberdinak ere islatzen ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoan, INMLak ezinbestekoak dira eraldaketa ekonomikorako eta sozialerako. Lehenik eta behin, lanpostu kualifikatuak sortzen dituzte. Gainera, beren arrakasta inspirazio iturri izan daiteke beste enpresa batzuen hazkunderako eta lehiakortasunerako. Azkenik, nazioarteko merkatuak konkistatzean, bidea irekitzen dute, tokiko beste enpresa batzuei, hala nola hornitzaileei, mesede egiten dieten lankidetza sare globalak sortuz. Bestela esanda, gure ezkutuko enpresa txapeldunak Euskadiren enbaxadore bikainak dira, lurralde indartsu eta lehiakor bat proiektatzen baitute nazioarteko bezeroen, laguntzaileen eta lehiakideen aurrean.

Enpresa horien errealitatea hobeto ezagutzeko, Orkestrak, BBK Banku Fundazioarekin lankidetzan, Ezkutuko Txapeldunen Behatokia garatu du. Ekimen honen helburua da errealitate horren mapaketa egitea, enpresak aipatutako profilen arabera sailkatzea, ikusgarritasuna ematea eta haien beharrak ulertzea, enpresa horiek eskualdean duten eragin positiboa areagotzeko. Ekimenak mugarri garrantzitsu bat lortu du gaur, Euskadiko Ezkutuko Txapeldunak izeneko enpresen lehen topaketarekin. Bertan, 25 enpresa baino gehiago bildu dira BBK Kunan, merkatuan duten posizionamenduari eta nazioartekotzeari buruzko erronka komunak identifikatzeko.

Encuentro Campeonas Ocultas

Orain arte, Behatokiak Euskal Autonomia Erkidegoan 39 INML sendo antzeman ditu, eta beste enpresa batzuen ibilbidearen jarraipena ere ari da egiten, ezkutuko txapeldun ote diren zehazteko. Ezkutuko lider horiek erakusten digute mundu mailako merkatuetako lider izan daitekeela, Euskadin egonda. Beraz, industriaren eta industria jardueren eraldaketa prozesu betean, merezi du enpresa horiek hobetu ezagutu eta babestea. Horrek, INMLen lehiakortasunari eusteko ez ezik, haiekin harremanetan dauden enpresentzat ere balioko du, errotzearen, lehiatzen jakitearen eta ongizatea sortzearen eredu baitira gure lurraldean.


Ibon Gil de San Vicente

Ibon Gil de San Vicente

Ibon Gil de San Vicente, Orkestrako Zuzendariorde Nagusia, Ekonomian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Master in Business Administration egin zuen Kenteko Unibertsitatean (Erresuma Batuan) eta Master in Business Innovation Deustuko Unibertsitatean.

Perfil osoa ikusi


bart kamp

Bart Kamp

Bart Kamp Negozioen Nazioartekotze eta Zerbitzutze arloko ikertzaile nagusia da Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuan. Enpresei nazioartean beren merkatu hobietan buru izaten laguntzen dieten lehiatzeko estrategiak aztertzen ditu, baita manufakturako enpresen zerbitzutze prozesuak ere.

Perfil osoa ikusi