Duela ia urtebete amaitu zen YouCount proiektuan inoren kargura ez dauden migratzaile gazteekin egin genuen kasu azterketa. 30 neska-mutil inguruk parte hartu zuten Gipuzkoan proiektu horretan, herritar zientzialari gisa; batzuk noizbehinka eta beste batzuk modu jarraituagoan, baina guztiek eman digute jakintza.

Proiektua 2021eko irailean abiarazi zenetik ia bi urte igaro dira eta ia hilero egin dira bilerak Deustuko Unibertsitateko eta Orkestrako langileen, gazte migratzaileen eta Loiola Etxea eta Agintzari Zabalduz erakundeetako kideen artean. Prozesua iazko ekainean egin zen foro batean bukatu genuen. Foro horretara gizarte zibileko, administrazio publikoetako eta hedabideetako kideak ere gonbidatu genituen.

Gazteek gizarteratzea zailtzen duten elementuetako batzuk azaldu zituzten, beren esperientzietan oinarrituta elkarrekin identifikatu genituenak. Elementu horiek hiru kategoriatan antolatu ziren: lanerako sarbidea, etxebizitzarako sarbidea eta aisialdiarekin eta gizarte harremanekin lotutako elementuak. Horietako bakoitzean gai burokratikoak zeuden, baina baita jasaten dituzten estereotipo eta aurreiritziekin zerikusia duten beste batzuk ere. Nabarmendu zuten, beraz, aldaketak egin behar direla politika publikoetan, baina baita pertsonen pentsamoldean ere.

Aipatu zuten oztopo burokratiko nagusia bizileku baimena lortzeko zailtasunena da. Baldintza ugari dituen prozesu konplexua da, denboran luza daitekeena, bi urtera arte. Tarte horretan, ziurgabetasun egoeran daude eta horrek enplegu bat egoera erregularrean aurkitzea eragozten die. Hori bereziki kezkagarria da, enplegua ez baita soilik diru sarreren iturri bat, gizartean erabat parte hartzeko modu bat ere bada.

Etxebizitza eskuratzeari dagokionez, tokiko gazteak bezala, kezkatuta daude etxebizitzaren kostu handiagatik. Baina migratzaileen egoera are larriagoa da, estereotipoek eragina dutelako eta, hala, etxebizitza alokatzeko harremanetan jartzen direnean, baztertuak izaten dira beren azentuagatik edo izenak haien jatorria salatzen duelako, eta, horregatik, diskriminazio arrazista eta xenofoboak jasaten dituzte. Proiektuan parte hartu zuten gazteak inoren kargura ez zeuden adingabe gisa iritsi zirenez, kasu askotan, ez dute hemen bizi diren seniderik, eta etxebizitza partekatzera edo kalean bizitzera behartuta daude.

Aisialdirako aukerak ere mugatuak izaten dituzte batzuetan. Hainbat faktorek eragiten dute horretan, besteak bestea haien diru sarrera mugatuek (eta horien zati handi bat etxebizitza ordaintzeko erabili behar izateak), jarduera horietako asko ez baitira doakoak. Ildo horretatik, positibotzat jo zuten kirolaren ahalmen integratzailea, fisikoki eta mentalki hobeto sentitzen laguntzeaz gainera, kapital soziala handitzen ere laguntzen dielako, kirola eginez beste pertsona batzuekin harremanak jartzen baitira. Gazteek foroan kirolarekin lotutako zailtasunetako batzuk partekatu zituzten, horien artean batzuek zenbait txapelketatan parte hartzeko izan ditzaketen arazoak, dokumentazioa behar bezala ez badute, edo kirol instalazioetara sartzeko zailtasunak, erroldatuta ez badaude.

Gazte migratzaileen integrazioa muga dezakeen beste faktore bat, kasu honetan kulturala, koadrilen fenomenoa da. Hainbat gaztek aipatu zuten zaila dela egitura horietan integratzea eta, beraz, tokiko lagun talde egonkor bat eraikitzea. Horri beste faktore kultural bat gehitu behar zaio; izan ere, proiektua honetako gazteetako batzuk musulmanak dira eta ez dute alkoholik kontsumitzen. Sozializazioaren zati handi bat tabernetan eta alkoholaren inguruan egiten denez, horrek integrazioa zaildu dezake.

Era berean, nabarmendu zuten zein mingarria den denda batzuetan sartzean mesfidantzaz begiratzea edo segurtasun indarren aldetik jasotzen duten tratamendua. Horrek, kasu batzuetan, gune jakin batzuetatik aldentzea dakar, esate baterako, Tabakaleratik: integrazio leku bat izan beharrean, batzuk ez dira hara hurbiltzera ausartzen, polizia batzuen botere gehiegikeriaren biktimak izan daitezkeelako, migratzaileak direlako soilik. Hori gertatzen da Tabakalera autobus eta tren geltokien ondoan dagoelako eta leku horietan maiz egiten direlako polizia kontrolak.

Eta, gure lurraldean inoren kargura ez dauden gazte etorkinen kolektiboa jatorri magrebtarreko gizon gazteek osatzen duten arren, jatorri latinoko emakume gazte batek ere parte hartu zuen prozesuan. Horri esker, genero faktore batzuk identifikatu ahal izan genituen, emakume migratzaileek, emakume eta migratzaile izaera bikoitzagatik jasaten duten kalteberatasuna erakusten dutenak. Prozesuan parte hartu duen emakumearen kasuan, janzkerari edo ama ezkongabea izateari buruzko komentarioetan islatu da hori.

Gazteek eskertu zuten entzunak izatea. Baina haiei entzuteaz gain, foroan parte hartu genuen gainerakook ere gure erreakzioak partekatu genituen. Horietako batzuk nabarmendu nahi nituzke. Administrazio publikoetako ordezkarien aldetik, ahots batzuek esan zuten entzuten ari zirena ez zela berria, gai asko aspalditik datozela, baina gauza batzuek hobera egin dutela, eta bakoitzak bere eskumenen barruan, lanean jarraitu behar duela. Zailtasunik handienak administrazioaren goragoko mailetan daudela aipatzen zuten, paperik gabe daudelako. Gazteen esperientziak lehen pertsonan entzuteak laguntzen zuela ere nabarmendu zuten, horrela aurpegiak eta izenak jartzen baitzaizkie orokortasunei.

Gizarte zibileko erakundeek boluntariotzaren garrantzia azpimarratu zuten, erakunde horien bidez ideia asko bidera baitaitezke gizartean aldaketak eragiteko.

Hedabideak ere gonbidatu ziren foroan parte hartzera, gazteen ekimenez, gazteek uste baitzuten estereotipoen zati bat albisteetan etorkinek egindako lapurreta edo krimenekin lotutako historia negatiboetan arreta gehiegi jartzen delako sortzen dela, alderdi positiboak behar adina nabarmendu gabe. Horren aurrean, hedabideetako ordezkariek aitortu zuten beharrezkoa dela migratzaileen kalteberatasuna neurri handiagoan erakustea. Halaber, niretzat integrazioaren benetako zeinu bat izango litzatekeena aipatu zuten: hedabideek "gu" hori zabaltzen lagun dezaketela migratzaileekin harremanetan jarriz, ez bakarrik immigrazioari buruz hitz egiten denean, baita beste gai batzuei buruz hitz egiten denean ere, edozein gairi buruzko ikuspegia lantzeko, gure gizartea osatzen duten pertsonen aniztasuna erakutsita.

Azkenik, ikertzaileok eskerrak eman nahi ditugu prozesu hori herritar zientzialari gazte horiekin partekatu dugulako; horri esker, haien errealitatera hurbildu gara, haien balioa hobeto ulertu dugu eta ikertzen jarraitzearen garrantzia berretsi dugu, lurraldearen lehiakortasuna benetan ongizate inklusibo bihur dadin bertan bizi diren pertsona guztientzat. Eskerrik asko berriz ere prozesu honetan lagundu diguten gazte guztiei.


susana franco

Susana Franco

Susana Orkestrako ikertzaile seniorra da. Euskal Herriko Unibertsitatean Ekonomia Matematikoko espezialitatea egin ondoren, Susana Franco Ingalaterrara joan zen garapen ekonomikoaren alorrean masterra eta doktoregoa egitera. Erresuma Batuko eta Latino Amerikako hainbat unibertsitatetan lan egin du. Gainera, garapenaren alorreko esperientzia du, Gobernuz Kanpoko Erakunde batean aritu baita lanean. Bestalde, aholkularitza lanak egin ditu Nazio Batuen agentzietarako.

Perfil osoa ikusi