Ongizateari eta garapen jasangarriari buruzko azterketak eta politikak siloetako funtzionamenduan oinarrituta zeuden iraganean. Analista eta gobernu-sail bakoitza bere arlokoaz bakarrik arduratu eta arlo horretarako desiragarritzat jotzen ziren helburuak lortzen saiatzen zen, horrek ongizateari edo garapen jasangarriari lotutako beste arlo edo dimentsio batzuetan izan zitzakeen eraginez arduratu gabe. Gainera, siloetako funtzionamendu horrekin batera, praktikan, analisiak eta politikak ongizate guztia dimentsio bakarrera (ekonomikoa) eta adierazle bakarrera (biztanleko BPGa) murriztu ziren.

Pixkanaka beste ahotsak (soziologoenak, ekologistenak, psikologoenak...) horren kontra altxatuz joan ziren. Ahots berri horiek ongizatea eta garapen jasangarria dimentsio anitzekoak zirela, eta dimentsio batean egiten zen aurrerapena beste dimentsio batean egiten zenaren kontura izan zitekeela ohartarazten zuten. Horren ondorioz, ongizate ekonomikoaren eta zoriontasunaren arteko harreman enpirikoak aztertzen hasi ziren (izan ere, lehenengoak bigarrenaren mesederako izan behar baitu) eta baita ongizate ekonomikoaren eta ongizatearen gainerako dimentsioen artekoak ere (desberdintasuna, pobrezia, ingurumen-iraunkortasuna...). (Navarro, 2022)

Hori horrela, hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean, Easterlinen paradoxa plazaratu zen. Ekonomialari honek erakutsi zuenez, nahiz eta une jakin batean buruko errenta handiagoko herrialde edo gizabanakoek zoriontasun-maila handiagoak izan, epe luzera per capita errentaren eta zoriontasunaren eboluzioen artean korrelazio positiborik ez dago. Hau da, biztanle bakoitzeko errenta hainbat aldiz ugaldu zen AEBn 50eko hamarkadaren hasieratik, baina herri horretako jendearen zoriona ez zen ia aldatu. Hori azaltzeko, barneko faktore psikologikoetara (inporta duena diru-sarreren maila erlatiboa edo konparatua da, ez absolutua; egoera mentala kanpoko aldaketen aurrean egokitzen da, eta, beraz, maila emozional erlatiboa egonkorra da...) zein kanpoko mekanismo sozialetara jo da (ongizaterako, diru-sarrerak bezain garrantzitsuak diren beste aldagai batzuk daude; hala nola: osasuna, familia, harreman sozialak...). Ondorioz, ongizate pertsonala handitu zitekeela pentsatu zen, nahiz eta diru-sarrerek gora egin ez.

Hazkunde ekonomikoaren eta pobreziaren arteko lotura, oro har, positiboa dela ikusi zen. Analisi enpirikoek berretsi egiten dute hazkunde ekonomikoak pobrezia murrizten laguntzen duela, eta pobrezia-maila txikia izatea hazkunde ekonomikorako ere mesedegarria dela.

Pobreziaren eta hazkunde ekonomikoaren arteko harremana positiboa bada ere, erlazio positibo hori ez da hain argi agertzen hazkundea beste azpidimentsio sozial handi batekin lotzen badugu: desberdintasunarekin, alegia. Hasiera batean, Kuznetsek egindako analisiek (Kuznetsen kurba delakoa) norabide horretan apuntatzen zuten. 50eko hamarkadaren erdialdean Kuznetsek argitaratutako ikerketaren emaitzen arabera, diru-sarreren eta desberdintasunaren arteko erlazioak alderantzizko U forma zuen. Hau da, ekonomia industrializatzen hasi eta azpigarapenetik ateratzen denean, desberdintasuna haziz doa; baina, gero, garapenak aurrera jarraitzen badu, desberdintasuna murrizten hasten da. Pikettyk (2014), ordea, azterketa-aldi luzeagoa analizatuz (ia egundaino iristen dena), diru-sarreren eta desberdintasunaren arteko erlazioak goranzko kurba baten forma duela ondorioztatu du; hots, per capita errentaren hazkundearekin batera, gero eta desberdintasun handiagoa dagoela.

Era berean, laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, ingurumenaren kezka gero eta handiagoari erantzunez, analistak hazkunde ekonomikoaren eta ingurumen-jasangarritasunaren arteko erlazioa aztertzen hasi ziren. Lehenengo azterketek erakutsi zuten aldagai horien arteko erlazioa Kuznetsek desberdintasunerako deskribatu zuen harremanaren antzekoa zela; eta, hori zela eta, per capita diru-sarreren eta ingurumen-degradazioaren arteko erlazioa Kuznetsen ingurumen-kurbarekin bat datorrela esaten hasi zen. Analisi asko egin dira kurba hori berresteko edo ezeztatzeko. Kurba hori egia balitz, "hazkunde berdearen" proposamenak sinesgarriagoak izango liratekeela; hala ez balira, "desazkundearen" aldekoek beren alde erabili ahal izango lukete. Sinplifikatzeko arriskua egon arren, emaitzak honako hauek dira: kutsatzaile batzuetan (adibidez, airearen edo uraren kutsadura) alderantzizko U forma egiaztatzen bada ere, beste batzuetan (CO2 isuriak, biodibertsitatearen galera...) narriadura ez da gelditu eta planetak jasan ditzakeen mugak gainditzen ari dira. Izan ere, azken berrikuspenek erakusten dutenez, planetaren osasunaren analisia banatzen den 9 eremuetatik 6tan gainditu dira dagoeneko planetak jasan ditzakeen mugak.

Gizarte- eta ingurumen- dimentsioen arteko loturari dagokionez, orain arte jasotako errealitateak erakusten du gizarte-aurrerapenak, oro har, ingurumen-narriadurarekin batera joan direla.

Dimentsio bakar batean (hazkunde ekonomikoa) zentratu ordez, bi helburuen arteko sinergia posibleak ustiatzen saiatzeak ("hazkunde inklusiboa", "hazkunde berdea"...eta abarren bidez) aurrerapauso bat suposatzen zuen arren, pareka lan egite horrek errealitate osoa ikuspegi integratu batez tratatzea ez zuen oraindik lortzen. Gabezia horri erantzun nahian, ELGAk (2011) politiken osagarritasunen matrizea proposatu zuen, hurrengo taulan jasotzen den. 

 ERAGINKORTASUNAEKITATEAINGURUMEN-JASANGARRITASUNA 
EKONOMI
POLITIKAK
Hazkunde
jasangarria 
Erreforma ekonomikoek ekitatea areagotu dezakete 
[Inclusive growth]
Hazkunde berdeak jasangarritasuna hobetu dezake 
[Green growth]
GIZARTE
POLITIKAK
Gizarte-politikek eraginkortasuna areagotu dezakete
[Inclusive growth]
Gizarte
kohesioa
Ingurumenaren aldetik jasangarriak diren gizarte-politikak
[Inequalities-environment nexus]
INGURUMEN-
POLITIKAK 
Ekonomia berdeak berrikuntza bultza dezake
[Green growth]
Ingurumen-politikek inklusibitatea hobetu dezakete; pertsona pobreek jasaten dute gehien ingurumen-degradazioa.
[Inequalities-environment nexus]
Ingurumenaren garapen
jasangarria

2030 Agentziaren eta hari lotutako Garapen Jasangarriaren Helburuen (GJH) onarpenak, 2015ean, are aurrerapen erradikalagoa ekarri du gai honetan. Garapen jasangarriaren aurreko ekimenetan edo Milurteko Garapen Helburuetan ez bezala, 2030 Agendak ezartzen du helburuek orekatuak, integratuak eta banaezinak izan behar dutela. Hau da, uste da garapen jasangarriak ezin duela oinarrizko hiru dimentsioetako bat ere (ekonomikoa, soziala edo ingurumenekoa) atzean utzi, eta garapen hori lortzeko ezinbestekoa izango dela helburuen eta helburuetako jomugen elkarreraginak kontuan hartzea.

2030 Agendari lotuta, 17 GJH eta ehun jomuga baino gehiago onartu dira. Horietan jasotako erronkak sekulakoak dira eta lurraldeek haiei aurre egiteko baliabide eta ahalmen mugatuak dauzkate. Hori dela eta, helburu eta esku-hartzeetan lehentasunak finkatu beharra dago. Zer esanik ez, esku-hartzeak lehenesterakoan, funtsezkoa da helburuen eta jomugen artean gertatzen diren elkarreraginak (hau da, sinergia- eta kontrajartze-erlazioak) kontuan hartzea.

Hots, baliabideen aplikazioa eraginkorragoa izango da baldin eta zentratzen bada beste arloetan efektu sinergikoak dituzten arloetako esku-hartzeetan (zirkulu birtuosoak sortuz); eta, baita ere, beste arloetan eragin negatiboa duten esku-hartzeak saihestu edo eragin negatibo horiek arinduko dituzten neurri osagarriak hartzen badira.

Testuinguru horretan, 2015. urteaz geroztik, ongizateari eta garapen jasangarriari lotutako helburuen eta jomugen arteko erlazioei buruzko literaturaren booma gertatu da (ikus Navarro, 2024). Asko aurreratu da errealitate horren kontzeptu-zehaztapenetan. Aurrerapena ez da hain handia izan, ordea, erabakitzaile publikoei eta, oro har, gizarteari elkarreraginei buruzko orientabide zehatzak eta baliozkoak emateari dagokionez.

Hiru arrazoi nagusi nabarmendu behar dira. Lehenik eta behin, erlazioen analisia fidagarriagoa da zenbat eta gehiago jaitsi analisiaren xehetasunean (hots, dimentsio- edo helburu-mailan geratu ordez, jomuga-mailara jaitsiz); baina 100 jomuga baino gehiagoren elkarreragina (are gehiago, zuzeneko eraginez gain, zeharkakoak ere hartzen badira) buruak nekez asimilatu dezake eta are nekezago komunikatu. Bigarrenik, azterketa horietako asko joera akademizista nabariarekin egin dira, politiketako arduradunak eta, oro har, gizartea inplikatu gabe eta metodo eta mezu nagusiak horietara egokitzen saiatu gabe. Azkenik, azterketek erakusten dute erlazioen analisien emaitzak testuinguruaren oso mendekoak direla (lurralde bakoitzean nagusi diren baldintza geoekonomiko, instituzional eta denborazkoen araberakoak, alegia), eta, beraz, azterlan batean atzemandako erlazioak ezin dira orokortu edo baliozkoak izan lurralde guztietarako.

Kontuan hartuta, alde batetik, erlazioak nabarmen aldatzen direla testuinguruaren arabera, eta, bestetik, erronkei aurre egiteko gaitasunak, helburu bakoitzarekiko lehentasunak eta hobespenak (eta baita arazoen sorreran izandako parte-hartzea ere) nabarmen aldatzen direla herrialde batetik bestera, Nazio Batuak eta GJHen literatura "erantzukizun komunak, baina bereiziak" printzipioa aplikatzearen aldekoak dira garapen jasangarriaren arloan herrialde baten estrategiak eta esku-hartzeak diseinatzerakoan. GJHen arloko erlazioei buruzko azterlanek erakusten duten anbiguotasuna gorabehera, literaturan aho batez uste da herrialde garatuek desberdintasunak murriztean (GJH10) eta klima-aldaketari aurre egitean (GJH 13) zentratu beharko lituzketela beren esku-hartzeak; eta diru-sarrera txikiko herrialdeek, berriz, pobrezia murriztea (GJH 2) eta hazkunde ekonomikoa ahalbidetzea (GJH 8) lehenetsi beharko luketela.

Bestalde, "erantzukizun komun baina bereizien" printzipioa ez da estatu-mailara bakarrik mugatu behar, baizik eta, estatu bakoitzean, gobernu-maila bakoitzean (nazionala, erregionala edo tokikoa) eta eragile-mota bakoitzean (gobernuak, enpresak, unibertsitateak eta gizarte zibila) ere aplika daiteke. Eta, era berean, "erantzukizun komun baina bereizien" printzipioan erantzukizun bereizia ez da mugatu behar agente batek bere barrutiaren mugen barruan (nazionalak edo sektore instituzionalekoak izan) dituen eraginetara, baizik eta kontuan hartu behar du bere jardunak nola eragiten dion gainerako munduari edo eragileei.

Gai horietan sakondu nahi duenak Navarrora (2024) jo dezake, non ongizatearen dimentsioen arteko erlazioei buruzko literatura berrikusten den.


mikel navarro

Mikel Navarro

Orkestrako ikertzaile senior elkartua eta Deustuko Unibertsitateko irakasle emeritua da.