Ekonomian eragile edo motor gisa funtzionatzen duten sektoreei buruzko eztabaida XX. mendearen erdialdeko korronte estrukturalistak piztu zuen. Korronte horren arabera, garapen ekonomikoa ez da hazkunde ekonomiko kuantitatibo huts bezala ulertu behar. Garapenaren funtsezko zati bat egiturazko aldaketa da. Nobel saria onartzeko hitzaldian Kuznetsek (1973) adierazi zuenez, konposizio sektorialaren aldaketa da garapen ekonomikoarekin batera ematen diren sei egiturazko aldaketa handien artean garrantzitsuenetako bat.

Batzuek –hala nola Clarkek (1940 eta 1960)– garapena estadio-segida gisa ikusten zuten: hasieran, ekonomia nekazaritzan eta erauzketa-jardueretan oinarritzen da; gero, industria sektore handiena bihurtzen da; eta, azkenik, garapenak aurrera egin ahala, zerbitzuak hedatu egiten dira, eta bigarren leku batean uzten dute industria. Garapen-faseen ikuspegi horri lotuta, lehen, bigarren eta hirugarren sektoreez hitz egiten zen. Geroago, garapen-sekuentzia saihestezin baten ideia hori alde batera utzi zen. Hau da, ez zen nahitaezkoa jo, zerbitzuen sektorea garatu ahal izateko, aldez aurretik industrializazio-prozesu batetik igaro izana. Areago, hiru sektore handiak izendatzeko, lehen, bigarren eta hirugarren sektoreaz hitz egin ordez, nekazaritza, industria eta zerbitzuak izen neutroagoak lehenetsi ziren. Baina indarrean jarraitu zuten ideia hauek: garapena sektore-konposizioaren aldaketarekin lotuta dagoela, eta ekonomiaren sektore-espezializazioak axola handia daukala.

Zerbitzu-sektorearen enpleguak ekonomian gero eta garrantzi handiagoa izan zezan, analisiek hainbat faktore aipatzen zituzten: zerbitzu-sektorearen produktibitatearen hazkundea apalagoa, zerbitzuen eskaeraren elastikotasuna errentaren hazkundearen aurrean handiagoa, industria-enpresek bere jarduerak kanporatzeko edo azpikontratatzeko duten joera handia, ongizate-estatuaren garapena, emakumea lan-merkatuan sartzea... Hala ere, idazle askoren iritziz, industriak ekonomiaren motorra izaten jarraitzen zuen, zerbitzuek ez zituzten hainbat ezaugarri positibo industrian ematen zirelako. Zehazki, honako hauek aipatzen ziren: industrian I+G eta berrikuntza teknologikoak gehiago egiten zirela (eta horri lotuta, industrian produktibitatearen hazkunde handiagoak ere gertatzen zirela); industriak beste sektoreek baino arraste- edo traktore-efektu handiagoa zuela; industriak esportatzeko joera (eta, beraz, kanpoko eskarian hazkundea oinarritzeko aukera) askoz handiagoa zuela; industrian batez besteko soldata-maila handiagoa eta soldata-barreiadura txikiagoa zirela;... Hori zela-eta, industriaren pisua, termino errealetan neurtua, maila globalean murrizten ez zela ari aldarrikatzeaz gainera, industriak gainbehera egindako Erresuma Batua bezalako herrialdeetan, ekonomiak ondorio galgarriak pairatu zituela azpimarratzen zen.

Berez, gorago industriari esleitutako ezaugarriak dituen edozein sektore garapenaren eragiletzat jo liteke. Gainera askotan errealitate ekonomikoak ez dira uniformeak eta aldaezinak. Hori horrela, denborak aurrera egin ahala, berez nekazaritza edo industria baino heterogeneoagoak ziren jarduerak biltzen zituen zerbitzu-sektorearen barruan, lehen aipatu ditugun ezaugarri positiboak dituzten jarduerak garatuz joan dira. Zerbitzu-sektore batzuetan, nabarmenki positiboagoak hala ere.

Zenbait zerbitzuk (IKTekin, telekomunikazioekin, enpresentzako zerbitzuekin eta finantzekin lotutakoak, bereziki) gaur egun berrikuntza- eta produktibitate-tasa altuak dituzte, nazioartekotze-tasa ez nolanahikoak, soldata-ordainsari tasa handiak... eta, are gehiago, langilearen kualifikazioari, lan-baldintzei eta enpleguarekiko gogobetetzeari dagokienez, industriarenak baino askoz ere emaitza hobeak dituzte (OECD, 2001). Hala gertatzen da, bereziki, jakintzan intentsiboak diren enpresentzako zerbitzuekin (KIBS izenez ezagutzen direnak, ingelesezko siglengatik) (Miles et al., 2018). Are gehiago, zenbait lekutan zerbitzu horiek industria-enpresen eskariak bultzatuta garatu badira ere, beste leku batzuetan (adibidez, Indian) prozesua alderantzizkoa izan da. Gainera, sarritan bestela pentsatzen bada ere, zerbitzu aurreratu horien eskaera gehiena industriatik ez datorrela erakusten dute azterketa enpirikoek.

Lurralde batek ez du berez industrian espezializatuta egon behar, baizik eta garapenaren motore izendatu ahal izateko aukera ematen duten ezaugarriak dituzten sektoreak izan behar ditu. Iraun duen industriak ezaugarri horiek ditu, eta, horregatik, garapenaren motore edo eragiletzat hartzen jarraitu daiteke. Baina zerbitzuen sektore batzuek ere aurkezten dituzte ezaugarri horiek, baita batzuetan industriak baino neurri handiagoan ere, eta horregatik hazkundearen motore edo eragiletzat ere hartu beharko lirateke.

Gaztelaniaz industria terminoa industria-sektorera mugatu ohi den arren, literatura anglosaxoian industria terminoa esanahi zabalagoarekin erabiltzen da. Izan ere, Europako Batzordearen komunikazio batean (1998:3) adierazi denez, EBko industriatzat hartu behar dira "merkatu-baldintzetan hornitutako manufaktura- eta zerbitzu-jarduerak". Izan ere, 2008ko Atzeraldi Handiaren ondoren berpiztu zen industria-politika berrian, zenbait adituren arabera, hiru ezaugarri bereizgarri nagusi daude: (i) helburu jakin batzuk (hots, garapen iraunkorra, eta ez bakarrik hazkunde ekonomikoa) lortzea ahalbidetzen duten sektore zehatzei bultzada ematea; (ii) aukeratutako sektore horiek industria-sektoreak bakarrik ez izatea, ezaugarri progresibo eta dinamikoak dituen sektore oro baizik (hau da, garapenaren eragileak direnak); eta (iii) politika horiek abian jartzeko gaitasun administratibo eta tekniko handiak dituen gobernu bat egotea.

Gai horietan guztietan sakondu nahi duen irakurleak nik hemen argitaratu berri dudan lan-dokumentura jo dezake.


mikel navarro

Mikel Navarro

Orkestrako ikertzaile senior elkartua eta Deustuko Unibertsitateko irakasle emeritua da.