Emakumeak, gaur egun, lan indarraren zati garrantzitsu bat dira, baina lan merkatuan sartzea eta horrek ekitateari eta genero erantzunkidetasunari begiratuta dituen ondorioak arazo konplexua dira, garrantzi handikoa, besteak beste, gaur egungo erronka demografikoari aurre egiteko (Alvarez eta Olazabal, 2017). Lana eta norberaren bizitza bateratzerakoan oraindik ere irauten duten genero desberdintasunak ulertzeko gakoetako bat, neurri batean, etxeko lanei eta zaintzari dagokionez, erantzukizunen banaketa desberdina da, eta horrek emakumeen gogobetetasunean eta ongizatearen duen eragina.

Martxoaren 8arekin, Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, interesgarria iruditzen zaigu gogoeta egitea, datuen arabera, Euskadin lana, zaintza eta norberaren bizitza bateratzeak emakumeen eta gizonen gogobetetasunean eta ongizatean ez baitu berdin eragiten. Era berean, aztertu nahi dugu zein elementutan jarri beharko genukeen arreta, genero erantzunkidetasun ekitatiboagoa eta bidezkoagoa bermatzeko.

Genero erantzunkidetasuna definitzeko, esango dugu familiako eta laneko eremuak gizonen eta emakumeen artean modu ekitatiboagoan harmonizatuko dituen zeregin “produktibo” eta “erreproduktiboen” artikulazioa dela, horrela zamak banatzerakoan genero desberdintasunak murrizteko (Figeroa & Urrutia, 2015). Hau da, erantzunkidetasun kontzeptua denbora produktiboen eta denbora erreproduktiboen arteko banaketa neurtzen ahalegintzen da. Baina, nolako lotzen dira dedikazio denbora horiek emakumeek eta gizonek beren lanarekin eta bizitzarekin duten ongizatearen eta gogobetetasunaren neurriekin?

Galdera horri erantzuteko, EUSTATen Lana, familia eta norberaren bizitza bateratzeari buruzko inkesta hartu dugu, emakumeek eta gizonek beren lanarekin, norberaren bizitzarekin eta jarduera pertsonaletarako duten denborarekin duten gogobetetasun parametroak aztertzeko, 2011tik hasi eta 2021era, alegia, datu horiek biltzen hasi zirenetik gaur egunera (1).

 

Blog Gobetetze adierazleak


Aztertutako lagineko datuen arabera, emakumeen eta gizonen batez besteko laneko gogobetetasun orokorrak (2) bilakaera positiboa izan du 2011z geroztik (emakumeen laneko gogobetetasun maila pixka bat handiagoa da, gainera). Antzekoa gertatzen da norberaren bizitzarekiko batez besteko gogobetetasunarekin ere. Hala ere, deigarria da norberaren bizitzari eskaintzen zaion denborarekiko gogobetetasuna oraindik ere handiagoa dela gizonetan emakumeetan baino, eta denbora horrekiko gogobetetasunean dagoen arrakala ez dela murriztu azken urteetan, baizik eta nahiko egonkor dago.

Horrek pentsarazten digu, ziurrenik, zaintzarako eta aisiarako denbora oraindik ez dela modu ekitatiboan banatzen generoen artean. Horregatik, jarduera bakoitzari benetan zenbat denbora eskaintzen zaion ere aztertu nahi izan dugu, Euskadiko denbora aurrekontuen inkestaz baliatuz (2018ko datuak). Hain zuzen ere, ikusten dugu 2018an emakumeek batez beste 6 ordu ematen zituztela etxeko lanetan eta zaintza lanetan, alegia, gizonek baino 2 ordu gehiago zeregin berberetan (gizonek 4 ordu eskaintzen dizkiote etxeari eta zaintzari), nahiz eta gizonek, batez beste, emakumeek baino ordu bat gehiago eskaintzen dioten, egunero, ordaindutako lanari. Gehitu dezagun, gainera, lan ordaindua eta “lan ikusezina” batuz gero, astean 48 ordutik gora joango garela. 1930ean, Lanaren Nazioarteko Erakundeak zehaztu zuen kopuru horretatik gora pertsonak osasunean eragina nabaritzen hasiko zirela. Criado Perezek (2019) dioen bezala, hainbat ikerketak erakusten dute emakumeek (batez ere bikotean bizi direnek) osasun mentalean eta fisikoan arazo handiagoak dituztela, batez ere egiten duten lan ikusezinaren (ordaindu gabearen) ondorioz.

Biztanleria, zeregin hauetara
bideratutako orduen arabera:
Ordaindutako lana Etxeko lanak Etxeko pertsonen zaintza Gizarte bizitza Aissi eta kirolak Aisia pasiboa

Gizonak

7:35

1:55

2:03

1:57

2:43

3:05 

Emakumeak

6:33

3:06

2:41

1:46

2:13

2:54


Datu horiek gogoeta egitera eramaten gaituzte: Eta zergatik dute emakumeek bizitzarekiko gogobetetasun maila hain handia, zaintza lanak hain modu desberdinean banatzen badira generoen arabera? Orkestrako lankide batek, Miren Larreak emakumeek eta gizonek ongizatea hautemateko modu desberdinak ditugula aipatzen du. “Emakumeen estiloa emozioek, zaintzak eta norberaren hazkundea ondokoen ongizatearen bidez bilatzeak definitzen dute. Bestalde, gizonen estiloaren bereizgarri nagusiak arrazionaltasuna eta objektibotasuna dira, eta norberaren hazkundea banaketaren eta indibiduazioaren bitartez bilatzen dute.” Bizitzarekiko gogobetetasun emaitzetan emakumeek balorazio altuak izatea ez da hain harrigarria aurreko baieztapena kontuan hartzen badugu; izan ere, emakumeentzat gainerakoen ongizatea oso garrantzitsua da eta zaintza lanek gogobetetasuna ematen diete

Hala eta guztiz ere, eta neurri batean, ordaindu gabeko lanean aritzeagatik, adin aurreratuetan emakumeek osasunean eta pobrezian arazoak dituztela ikusirik (Criado Perez, 2019), uste dugu genero erantzunkidetasunarekiko ikuspegi inklusibo batek, bizitzarekiko gogobetetasun orokorrari begiratzeaz gainera, emakumeek aisiarako eta norberaren bizitzarako gizonek bezainbesteko denbora edukitzea ere bermatu beharko lukeela. Ildo horretan, lana eta norberaren bizitza bateratzeko neurriak proposatzeaz gainera, erantzunkidetasuna eta ordaindu gabeko lana aitortzen lagunduko duten neurriak ere ekarri behar ditu.

Inklusibotasuna Orkestrak ongizatea helburu duen lehiakortasunerako proposatu duen esparruaren zeharkako funtsezko elementuetako bat da eta haren jarraipenerako post honetan aztertu ditugun adierazleak erabili ohi dira, bizitzarekiko gogobetetasunarekin, aisiarekin eta ongizatearekin lotutakoak, elementu horiek funtsezkoak baitira lurraldearen lehiakortasunerako, genero berdintasunaren ikuspegitik ere. Hala ere, blog honetako gaia konplexua denez eta, bereziki, erronka soziodemografikorako garrantzitsua denez, beharrezkoa da inklusibotasunean genero ikuspegia ere kontuan hartzea, ongizatea helburu duen lehiakortasunerako zeharkako ardatz gisa.


  • (1) 2011rako, inkestak 4.060 behaketako lagin baten pertzepzioak aztertu zituen, 1.961 emakume eta 2.099 gizon; 2021ean, berriz, laginak 5.003 behaketa bildu ditu, 2.443 emakume eta 2.560 gizon.
  • (2) Garrantzitsua da azpimarratzea laneko gogobetetasun orokorraz ari garela, lanarekiko gogobetetasunak beste dimentsio batzuk ere badituelako. Era berean, norberaren bizitzarekiko gogobetetasuna eta norberaren bizitzarako denborarekiko gogobetetasuna neurtzeko beste aldagai batzuk ere badira (jarreren eta iritzien atalean, lehenengorako; bateratzeko arazoetan, bigarrenerako).

edurne magro

Edurne Magro

Edurne Magro Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzailea senior da. Enpresen Lehiakortasunean eta Garapen Ekonomikoan doktorea da, Deustuko Unibertsitatean, europar aipamenarekin. Horretarako, egonaldia egin zuen Manchesterreko Unibertsitateko Manchester Institute of Innovation Research institutuan, Erresuma Batuan. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna da eta Berrikuntzaren eta Teknologiaren Kudeaketako Masterra egin du, Deustuko Unibertsitatean.

Perfil osoa ikusi


Eduardo Sisti

Eduardo Sisti

Eduardo Sisti, Orkestrako Ikertzailea, Ekonomian lizentziaduna da, Salvadorreko Unibertsitatean (Buenos Aires, Argentina); Ekonomian Masterra (MSc In Economics), Warwickeko Unibertsitatean (Erresuma Batua); eta Enpresa Lehiakortasunean eta Ekonomia Garapenean doktorea, Deustuko Unibertsitatean (Donostia, Euskal Autonomia Erkidegoa).

Profil osoa ikusi


aitziber elola

Sofia Zhukova

Sofia, Orkestrako teknikaria, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua da eta nazioartekotze arloan espezializazioa egin zuen UPV/EHUn; honez gain, UOCen nazioarteko garapenean eta turismo jasangarrian graduondoko prestakuntza dauka.

Perfil osoa ikusi