Gure mutiletako bik aurten bukatzen dituzte unibertsitateko ikasketak. Nola pasatzen den denbora! Orain dela ez horrenbeste, lehen hezkuntzan zeuden eta kezka nagusia zen ongi irakurtzen eta batuketak eta kenketak egiten ikastea, eta, noski, jolas parkeko denbora ahalik eta gehien luzatzea. Eta orain, Ukrainako gerraren arrazoiez hitz egiten dugu eta zer egin dezakegun eztabaidatzen.

Joan den egunean, beren igurikimen eta lan irteeren inguruan hizketan ari ginela, Energia eta Ingurumeneko Labean argitaratu dugun azken lana erakustea bururatu zitzaidan, Enplegu eta gaitasun berdeak EAEn.

Txosten horretan agerian jartzen da energia trantsizioa ekonomia enplegu profil berriak sortzen ari dela ekonomia guztietan, ingurumenaren jasangarritasuna ardatz hartuta.

Enplegu horiek, “enplegu berde” izenaz ezagutzen direnak, lanbide eta jarduera berriak izan daitezke, edo lehendik ere baziren enpleguak, baina gaitasunak eguneratzea edo berariazko prestakuntza eskatzen dutenak, behar berrietara egokitzeko. Gainera, enpresako maila guztietan ari dira azaltzen: goi zuzendaritzatik hasi eta sailen eta negozio lerroen kudeaketako lanpostuetara, espezializazio handiko lanpostuak eta zientifikoak, teknikari espezializatuak eta lanpostu apalenak.

Oro har, ikusten da enplegu berdeek kualifikazio handiko eta prestatze maila esanguratsuko pertsonak behar dituztela. Soilik kategoria apaleneko lanpostuetan eskatuko da prestatze maila ertaina edo txikia. Gainera, gaitasun digitalak funtsezkoak bihurtu dira. Ezaugarri horiek kontuan hartuta, nahiz eta jarduera batzuetatik besteetara aldatu, enplegu berdeek, oro har, lan kategoria bakoitzeko batezbestekoaren gainetiko soldatak eskaini ohi dituzte. Horregatik, kalitatezko enpleguak direla esaten dugu.

Ez Euskal Autonomia Erkidegoan eta ez gainerako lurraldeetan, ez dago estatistika zehatzik enplegu berdeen inguruan, eta horrek zaildu egiten du trantsizioaren dimentsioak eta trantsizio horri lotutako jakintza beharrak ulertzera iristea.

Eskura ditugun datu urriek erakusten digute gaur egun berdetzat har ditzakegun enpleguen bi heren ingurumena babesteko jarduerei lotuta daudela, bereziki, kutsaduraren prebentzioari eta kutsadura gutxitzeari lotuta. Baliabide berriztagarriak gorde eta mantentzera bideratutako jardueren artean, lautik bat energia iturri berriztagarrietatik ekoizteko sektorekoa da.

Azterlanak agerian jartzen du, halaber, prestakuntza sistema berrikusi behar dela, enpresek enplegu berdeetarako profil egokiak izango dituzten pertsonak kontratatzeko aukera izan dezaten. Ildo horretatik, azterlanak geure mutiletan ikusi ahal izan dudan zerbait ondorioztatzen du. Hain zuzen ere, oraindik asko dagoela hobetzeko bai unibertsitateko prestakuntzan eta bai lanbide heziketan, nahiz eta badiren ikasketa programa gutxi batzuk helburu horiekin guztiz lerrokatuta. Datozen urteetan, ikasketa planak aipatutako helburuetara lerrokatzeko ahalegina egin beharko da. Era berean, horrekin batera beharrezkoa da lanean ari diren pertsonen gaitasunak egokitzeko programetan ere aurrera egitea.

Esparru guztietan, jasangarritasunarekin lotutako tresna berrien inguruko gaitasunak garatu beharko dira, esate baterako, bizitza zikloaren eta ingurumen arrastoaren analisia, ekodiseinua eta materialen zirkularitatearen ingurukoak, besteak beste.

Azterketak hainbat gomendio ematen ditu enplegu berdeen eskaintza eta eskaria egokitzeko, horien artean, jakite eta trebetasun berdeen epe labur, ertain eta luzeko beharren bide orria zehaztea EAEko lan merkatuan; eragile esanguratsuak elkartzeko berariazko foroak sortzea bultzatzea (horien artean, unibertsitateak, lanbide heziketako ikastetxeak, arautu gabeko hezkuntza erakundeak) edo prestakuntza arautuan eta arautu gabean eta etengabeko prestakuntzan jardunbide egokiak identifikatzea.

Gainera, unibertsitateen (eta lanbide heziketako ikastetxeen), enpresen eta zentro teknologiko eta ikerketakoen arteko lankidetza bultzatzeko pizgarri eskemak sor daitezke, prestakuntza eta enplegu berdeko programei lotuta, eta profil berdeak kontratatzea bultzatu, EAEko arlo estrategikoetan.

Laburbilduz, energia trantsizioaren eta ekonomiaren deskarbonizazioaren prozesuaren arrakastaren gakoetako bat, zalantzarik gabe, pertsonek energia trantsizioarekin, ekonomiaren deskarbonizazioarekin eta jasangarritasunarekin lotutako jarduera eta eginkizun berriak aurrera eramateko behar dituzten gaitasunak hobetzea izango da. Era berean, estali behar diren beharrak kuantifikatzen jakitea ere beharrezkoa izango da.

Hori guztia eta, bereziki, argi izanik enplegu berdeen eskaria badagoela eta soldata handiak dituztela jakinda ere, eta ingurumenari dagokionez, nahiz eta kontzientzia duten gazteak izan, ez dut lortu konbentzitzea enplegu berde baten aldeko apustua egiteaz lehen lanpostua (dagoeneko egin dituzten praktikez gainera) bilatzeko prozesuan. Aholkularitza eta banka erakargarriagoak zaizkie.

Hala ere, ez nintzateke harrituko beren etorkizuneko lan ibilbidearen uneren batean nolabaiteko osagai berdea duen enpleguren batean bukatzea (hortxe daude finantza berdeak ere, esate baterako, gustatzen zaizkien arloetan). Beste kontu bat da bidean egokitu eta ikasi egin beharko dutela, orain arte jakite arlo horiek ez baitituzte landu ikasketa planetan, modu esplizituan, behintzat.

Eta Alfredo Freije Finantza Erakunde eta Tresnen irakasgaiko irakasleak (goian bego) gure izendatze ekitaldian esan zuen bezala, Canción triste de Hill Street telesaileko Esterhaus sarjentuaren hitzak hartuta, hauxe esan nahi diet gradudun berri guztiei: Kontu handiz ibili hor kanpoan! 

 

macarena larrea

Macarena Larrea

Macarena Larrea, Orkestrako Ikertzailea, Enpresen Sustapen eta Garapenean doktorea da, Euskal Herriko Unibertsitatean, “Internalización de los costes externos de la producción eléctrica” tesia egin ondoren.

Perfil osoa ikusi