Duela bi urte, pandemia hasi baino lehentxeago, behin eta berriz esan genuen trantsizio baten aurrean geundela, industria aroaren amaieratik gizarte digitalera igarotzen ari baikinen. Pandemiak trantsizioa bizkortu zuen, konbentzimenduz baino gehiago, beste aukerarik egon ez zelako. Ia aldi berean, hornikuntza kate global guztiz zehatzak desorekatu egin ziren eta “hurbil ekoiztea” pentsaezina izatetik egingarri izatera igaro zen, baita desiragarri izatera ere.

Urte batzuk lehenago, Afrikako iparraldeko errefuxiatuen krisiak zalantzan jarri zuen migratzaileak ongizatearen Europa honetan hartzeko eredua. Bigarren trantsizioak –gizarte eta demografikoak, migrazioen dimentsioan, bederen– estu hartu zuen Europako eredua, baina ez zen erantzun iraunkor eta adosturik lortu, Turkiarekin hitzartutako irtenbideaz harantzago. 
 
Gaur, Errusia Ukrainan legez kontra sartu ondoren eta sarraskia begien aurrean dugula, badirudi Europan energia eta klima trantsizioa bizkortzen ari dela, asmo totalitario eta inperialek munduko mapa geopolitikoa dantzan jarri ostean. 
 
Itxuraz, gertakariek eta krisiek trantsizioak bizkortzen dituzte, etorkizuneko bideak bailiran. Berriro ere –eta ez da azken aldia izango– ezinezko zirudiena nahitaezko bihurtu da; publikoa, funtsezko; eta elkarlana, ezinbesteko.
 
Krisiak gauza asko berriro pentsatzeko uneak dira, bereziki, etorkizuna. Gertatzen ez denaz kexatzeaz gainera, une aproposak dira arrazoien inguruan gogoeta egiteko, funtsezko gaien atzean dagoena aztertzeko eta estrategiak birdiseinatzeko. Gainera, krisi baten amaiera bestearen hasierarekin batera gertatzen bada, egoeraren diagnostikoa egitea eta diseinatu eta abian jarri behar den estrategia erabakitzea zailtzeaz gainera, gogoeta sakonagoa ere egin beharko genuke, zer gertatzen ari den eta zer gertatuko den aztertzeko.
 
Euskal enpresetan, bereziki txiki eta ertainetan, eragin handia izaten ari da digitalizazioa. Digitaliazioaz hitz egiterakoan, teknologia geureganatzea adierazi nahi dugu. Baina, gaur egun, enpresa txiki eta ertainen erronka ez da teknologia integratzea, baizik eta lehiakorrak izatea, hau da, enpresa proiektu iraunkorrak eta jasangarriak izatea, aldaketa handiko garai hauetan, besteak beste, balio kate askotan teknologia berriak azaltzen ari direlako eta disrupzio horrek balio kateak etengabe berreraikitzen aritu behar izatea dakarrelako. Horregatik, eraldaketa digitaleko prozesuari heldu behar diote, euskal ekonomiako eta gizarteko gainerako eragileek bezala, Euskadiren trantsizio digitala egiteko. Etorkizuna jada ez da lehen zena (inoiz ez zen hala izan). Horregatik, enpresa txiki eta ertainek bi aukera handi dituzte: gauzak dauden bezala utzi eta orain arte egindakoa egiten jarraitzea, edo lehiakorragoak izateko palankak eraikitzea. Bigarren aukera horretan daude eraldatzeko urratsak egin nahi dituzten enpresak. 
 
EAEko enpresa txiki eta ertainek -gehienak, industria esparrukoak- urratsak egin behar dituzte. Asko bide horretan ari dira, arrakastaz, gainera. Beste batzuk oraindik ere heldutasun digitalaren lehen urratsetan daude. Helburu partekatu hori aurrean izanik, gobernuko erakunde mailak aspaldian ari dira horrelako ekimenak babesten. Gipuzkoako Foru Aldundiak urteak daramatza enpresa txiki eta ertainei laguntzeko politika digitalak sendotzen. Eta bide horretan, datorren martxoaren 31rako, osteguna, industriaren etorkizunean pentsatutako jardunaldia antolatu du. 
 
Re-think industry jardunaldiak lurraldeko enpresa txiki eta ertainak ahalduntzea du helburu, eraldatzeko bide horretan. Xede horrekin, jardunaldian enpresa txiki eta ertainen esperientziak partekatuko dira. Elkarrekin ikasteko. Eraldaketa digitala, beste ezer baino gehiago, enpresaren lehiakortasuna hobetzeko bide bat da. Horregatik, enpresa txiki eta ertainetako arduradunek azalduko dute nola ari den zuzendaritza nagusia eta gerentzia aldaketa eta aurrerabideko prozesu hori laguntzen. Enpresetatik enpresetara, arduradunetatik arduradunetara; mota guztietako ikaskuntzak partekatuko dituzte, garrantzitsuena enpresek aurrera egiten jarraitzea baita. Teknologia, garrantzitsua izanik ere, ez da erabakigarria, tresna bat baizik; beharrezkoa, bai, baina tresna, azken batean.
 
Orkestrak eraldaketa digitalerako lidergoaren inguruko saio bat koordinatuko du, horixe baita, zalantzarik gabe, elementu funtsezkoena. Eraldaketaz, enpresaz, enpresa txiki eta ertainez hitz egiten dugunean, pertsonez ari baikara. "Times are A-changin", aspaldian esan zigun Bob Dylanek.
 
 

Agustín Zubillaga

Agustín Zubillaga

Agustin Zubillaga, Orkestrako eraldaketa digitalean eta politika digitaletan espezializatutako ikertzailea da. Horretaz gain, Informatika Ingeniaritzan eta Telekomunikazioetan doktorea da, Deustuko Unibertsitatean. Telekomunikazioen eta softwarearen sektorean hasi zuen bere lan ibilbidea. Irakasle ere izan da, softwarearen ingeniaritzan, hainbat unibertsitatetan (Euskal Herriko Unibertsitatea, Kantabriako Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea).

Perfil osoa ikusi