1935ean, Margaret Mead soziologoak, “Sexo y temperamento en tres sociedades primitivas” lanean, adierazi zuen genero rolak eta sexu portaerak aldatu egiten direla, gizarte eta kultur aurrekarien arabera. 1949an, Simone de Beauvoir filosofoak, “El Segundo Sexo” lanean, emakumea zer den galdetzerakoan, hauxe esan zuen: “Ez da emakume jaiotzen, egin egiten da”.

Bi egileak aitzindariak izan ziren generoa eta sexua bereizten. Bi kontzeptuek ez dute gauza bera esan nahi, sarritan berdin erabiltzen baditugu ere. John Moneyk, 1955ean, eta Robert Stollerrek, 1968an, kontzeptualizazio horretan aurrera egin zuten eta bereizketa zabaltzen lagundu zuten.

Generoa eraikuntza psikosozial bat da, gizartean eraikitako neska, emakume, mutil, gizon eta genero aniztasuna duten pertsonen rol, portaera, adierazpen eta identitateei buruzkoa eta denboran, espazioan eta kulturen artean aldatzen dena. Sexua, berriz, emakumearen edo gizonaren ezaugarri biologikoekin eta osagarri kromosomiko eta fisiologikoan oinarritutako funtzioekin dago lotuta. Nahiz eta sexu eta genero terminoak sarritan modu bitarrean erabili, modu askotara ulertzen, esperimentatzen eta bizitzen dituzte gizabanakoek eta taldeek.

Genero ikuspegia Unibertsitatetik eta militantzia feministatik beste eremu guztietara 1995ean zabaldu zen, Beijing-eko Ekintzarako Plataformaren bidez.Plataforma horretan proposatu zen genero ikuspegia lantzea, genero berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea sustatzeko estrategia gisa, eta genero ikuspegia integratzea gizarte, ekonomia eta politikako maila guztietan.

Genero ikuspegia ikerketan ere txertatzeak esan nahi du generoa kontuan hartzea ikerketa diseinatzeko orduan, baita ikerketa osoan zehar ere, modu sistematikoan, nahiz eta ikergai nagusia ez izan. Historian zehar, ikerketaren munduan nagusi izan da ikuspegi androzentrikoa, beti gizona hartzen duena erreferentzia normatibotzat. Bada, genero ikuspegiak premisa hori zalantzan jartzen du. Ildo horretatik, beharrezkoa da intersekzionalitatea kontuan hartzea eta analisian txertatzea, hau da, desberdintasun sistemikoak hainbat diskriminazio kategoria gainjarrita eraikitzen direla onartzea, horien artean, arraza, sexua edo klasea.

Azpimarratu behar dugu ikerketan sexu/genero dimentsioa txertatzea ez dela ikertaldeetan genero oreka bermatzea, hau da, ez da lantaldeko gizonen eta emakumeen kopurua berdintzea edo gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak bereziki azpimarratzea.

Genero ikuspegia ikerketan aplikatzea funtsezkoa da aztergai dugun arazoa hobeto ulertzeko, analisi horretatik lortzen diren emaitzei forma emateko eta, besteak beste, politiken garapena hobetzeko. Horrek bermatuko du emakumeek zein gizonek ikerketan eragin ahal izatea eta haren onurak berdintasunean jasotzea. 

Genero ikuspegia ez txertatzeak ekar dezake emaitzak oso zientifikoak ez izatea eta desitxuratuta egotea, biztanleriaren erdiaren (erdia baino gehixeago, Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten baduzu) iritziak eta beharrak jasotzen ez dituztelako. Horrek ekar dezake, esate baterako, gizonen eta emakumeen errealitateak islatzen ez dituzten politikak diseinatzea. Ondorioz, genero eta/sexu analisia ikerketan txertatzeak onura handiak ditu (edo izan ditzake).

Baina, nola diseinatu daiteke ikerketa bat genero ikuspegia ere kontuan hartuta? Hainbat alderdi hartu behar dira kontuan:

  • Lantaldean generoaren inguruko sentsibilizazioa lantzea, genero teorien eta oinarrizko kontzeptuen inguruko prestakuntza eskainiz, identifikatu ahal izateko zer ulertzen den generoaz hitz egiten dugunean, landu nahi den ikerketan.
  •  Genero dimentsioa eta intersekzionalitatea kontuan hartuko dituzten ikerketako galderak egiten ahalegintzea, dinamika androzentrikoak hausteko eta ikerketa, hasiera-hasieratik, gizarte arauak eta genero harremanak aintzat hartzeko metodologiak eta estrategiak erabiliz garatzeko, ahots guztiak kontuan har daitezen.
  • Gure aztergaian ikertzaile emakumeek egin dituzten ekarpenak identifikatzea eta aztertzea, gure ikerketan haien argitalpen garrantzitsuenak kontuan hartuta. Horrela, testu kanonikoez –normalean, gogoeta androzentrikoa islatzen dutenak– bestelakoak erabili ahal izango ditugu.
  • Ikerketa kuantitatiboa bada, datuak sexuen arabera bereizita identifikatu eta biltzea eta genero gaiak neurtzeko potentziala ebaluatzea, beste tresna batzuen diseinua planifikatu ahal izateko. Era berean, azter ezazu zure datuetan aldagai androzentrikoak erabiltzen dituzun. Zure ikerketan laguntzen al dizute, genero dimentsioa ere kontuan hartu nahi baduzu?

Post hau irakurtzean zure gogoeta bada “Gai hau zinez interesgarria da, baina nire ikergaietan ez dago genero ikuspegia txertatzeko modurik”, Gida hau kontsultatzera gonbidatzen zaitut, Kilden Norvegiako genero ikuspegiaren eta ikerketan genero oreka bultzatzearen inguruko jakintza zentroak argitaratua, ikerrarlo askotako adibideak jasotzen baititu, horien artean, osasuna, nekazaritza edo garraio arloetakoak.

Gainera, animatzen zaitut zure ikerketa diseinatzen eta egiten duzunean eta, zergatik ez, zure egunerokoan, Deustuko Unibertsitatearen hizkuntza ez-sexista erabiltzeko jarraibideak erabiltzera. Izan ere, dokumentu horretan bertan esaten den bezala, “Izendatzen ez dena, ez da”.


Mercedes web

Mercedes Oleaga

Mercedes Oleaga, Orkestrako teknikari seniorra, Soziologian lizentziaduna da eta Ikasketa Aurreratuen Diploma du, Nazioarteko Ekonomian eta Garapenean.

Profil osoa ikusi

Etiketa: Ongizateko lab-a