Espainiako gobernuak joan den uztailean aurkeztu zuen Lanbide Heziketako Plan Estrategikoaren bigarren fasea. Plan horretan, digitala da lanbide heziketa eraldatzeko elementu gakoa.

Trantsizio digitalaren irismena eta ondorioak gure eguneroko jarduera esparru guztietan nabaritzen dira, eta gero eta adin txikiagoetatik, gainera. Hala, gure hezkuntza sistema konturatzen ari da behar-beharrezkoa dela digitalizazioari lotutako alderdiak pertsonen prestakuntza eta garapenean txertatzea. Erronka hori bera antzematen da lanbide heziketan ere, are gehiago “enpleguaren eskari errealari erantzuten dion prestakuntza” izatea baitu ezaugarri. Lan merkatuan, bestalde, argi ikusten da nola ari diren eragiten digitalizazio prozesuak ekoizpen sektore guztietan. Enpresak teknologia digitaletan espezializatutako langile kualifikatuak eskatzen ari dira, gero eta trebetasun digital handiagoak dituztenak. Eta erronka horrek zuzenean eragiten dio lanbide heziketari, eskaintzaren ikuspegitik.

Lanbide Heziketako Behatokian, Dualiza Fundazioarekin elkarlanean kudeatzen dugunean, trantsizio digitala aztertu dugu, zehazki, bost esparru hartuta: herritarren gaitasun digitalak, lanbide heziketako IKTetako familietako matrikulazioa (Elektrizitatea eta elektronika, Irudia eta soinua, Informatika eta komunikazioak), familia horietako tituludunen lan egoera, enpresetan jasotako IKTetako prestakuntza eta lanbide heziketako tituludunek ekoizpen sektoreetan duten parte hartzea, sektore horien intentsitate digitala kontuan hartuta. Jarraian, azterketa horren emaitza nagusietako batzuk aurkeztuko ditugu:

  1. Biztanleriaren trebetasun digitaletan azken urteetan nolabaiteko aurrerapausoak ikus badaitezke ere, oraindik asko dago hobetzeko, bereziki adin tarte handiagoko pertsonetan eta prestakuntza maila txikienak dituztenetan.
  2. Lanbide heziketako IKTetako zikloetan matrikulatutako ikasleen gaur egungo egoerari eta bilakaerari dagokionez, datuak apalak dira: lanbide heziketako bost ikasletatik batek egiten du IKTen esparruko prestakuntza zikloren bat. Gainera, 2019-2020 eta 2020-2021 ikasturteen artean ehuneko hori 0,6 puntu besterik ez da handitu. Are deigarriagoa da bi ikasturte horien artean IKTetako lanbide familietan matrikulatuta dauden lanbide heziketa dualeko ikasleen ehunekoak puntu bat egin duela behera, % 15,6an gelditu arte. Emaitza horiek agerian uzten dute enpresen eskariaren eta lanbide heziketatik datorren profil horren eskaintzaren arteko desoreka nabarmena. Izan ere, enpresek gero eta gehiago eskatzen dituzte IKTetako gaitasunak dituzten profilak, baina lanbide heziketako prestakuntza ziklo guztiak hartuta, IKTei lotutako profilen eskaintzaren proportzioa ez da erritmo berean hazten ari.
  3. Bestalde, 2013-2014 ikasturteko IKTetako tituludunen gaur egungo lan egoera aztertuz gero, IKTetako goi mailako zikloak ikasi dituztenek bestelako titulazioetakoek baino jarduera eta enplegu tasa handiagoak dituzte. Era berean, langabezia tasa txikiagoa da IKTetako tituludunen artean. Hileko soldata garbiari begiratuta, azpimarratzekoa da IKTetako goi mailako teknikarien % 77k mila eurotik gorako soldata duela. Gainerako titulazioetako goi mailako teknikarien % 63k du horrelako soldata. Era berean, IKTetako goi mailako teknikarien % 10ek eta bestelako titulazioetako teknikarien % 4k du bi mila eurotik gorako hileko soldata garbia. Horrenbestez, esan dezakegu lanbide heziketako IKTetako tituludunek laneratzeko aukera hobeak dituztela eta, gainera, kobratzen duten soldatari begiratuta, balio handiagoa ematen dietela enpresek, lanbide heziketako beste familia batzuetako tituludunekin alderatuta.
  4. Baina genero desberdintasunak aztertuz gero, emaitzek desorekak erakusten dizkigute IKTetako titulazioetako emakumeen eta gizonen enplegu, langabezia eta jarduera tasetan. Nolanahi ere, IKTetako titulazioak dituzten emakumeen emaitzak beste titulazioetako batzuetakoak baino hobeak dira. Blog honetako aurreko post batean STEM esparruko (esparru horretan daude IKTei lotutako ikasketak) lanbide ikasketetan neskek duten parte hartzea aztertu genuen. Azterketa horretan ikusi genuen bezala, oraindik ahalegin handiagoa egin behar da bai prestakuntza mota honetan emakumeen presentzia indartzeko eta bai IKTetan prestatutako emakumeen talentuari lan merkatuan toki eta aitorpen handiagoa egiteko.
  5. Azkenik, enpresetan ere ahaleginak egin behar dira erronka honi erantzuteko. 2020an, 250 langile edo gehiagoko enpresen % 68k IKTetako espezialistak zituzten beren lantaldeetan. Baina mikroenpresetan (hamar langile baino gutxiagoko enpresetan), ehuneko hori % 2,5ekoa zen. Tamaina horretako enpresetan, gainera, ehunekoak behera egin zuen, aurreko urtearekin alderatuta. Datu horiek ikusirik, komeni da IKTetako espezialistak tamaina txikiagoko enpresetan txertatzea bultzatzea, enpresa horien digitalizazioari laguntzeko. Era berean, beharrezkoa da enpresek bere langileei -eta bereziki, arlo horretan espezialistak ez direnei- eskaintzen dieten IKTetako prestakuntzako indartzea. 2020ko lehen hiruhilekoan, enpresen erdiak baino ez zuen horrelakorik egiten.

Emaitza hauen xehetasunak eta beste zenbait kontsulta daitezke hemen. Taula interesgarri bat ere erantsi dugu, sektore ekonomikoen intentsitate digitala eta sektore horietan lan egiten duten lanbide heziketako pertsonen proportzioa harremanetan jartzen dituena.

Azterketa hau, nagusiki, digitalizazioarekin zuzeneko harremana duten lanbide heziketako familien ingurukoa bada ere (“IKT” deitutako familiak), osagai digitalaren presentzia lanbide heziketa osora zabaldu behar da, IKTetako prestakuntza zikloetara mugatu gabe. Aurretik ere esan izan den bezala, eraldaketa digitalak sektore guztietan du eragina. Horregatik, IKTekin zuzeneko loturarik ez duten ekoizpen sektoreetara bideratutako prestakuntzek ere osagai digitala landu behar dute, nork bere esparrura aplikatuta. Lanbide Heziketako azken Plan Estrategikoak xede hori kontuan hartzen du.

Azken batean, gero eta agerikoagoa da ekonomiaren eta gizartearen eraldaketa digitalak aurrean jartzen dizkigun erronkak aukera bihurtu ditzakegula, beti ere tartean dauden eragileek behar besteko arreta eskaintzen badiete. Erronka horien artean nabarmentzekoa da herritarrek eta enpresek gaitasun digitalak eskuratzea eta garatzea, eta, helburu hori lortzeko, garrantzi handikoa da lanbide heziketa. Hala erakusten du Gaitasun Digitalen Espainiako Planak, zenbait neurri proposatzen baititu lanbide heziketako irakaskuntza digitalizatzeko, prestakuntza eskaintza eguneratzeko, espezialitate berriak erantsiz, eta lanean ari direnen kualifikazioak eguneratzeko eta gaitasunak indartzeko (reskilling eta upskilling). Lanbide Heziketari buruzko urriko azterketan horri guztiari helduko zaio, bizitzan zeharreko prestakuntza landuko baitu eta hartan, aipatutako esparruek garrantzi handia hartzen dute.


Carla Peletier

Carla Peletier

Carla Peletier, Orkestrako Ikerketako bideratzailea, Ekonomian lizentziaduna da, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Lizentziaturako azken urtea Pariseko Dauphine Unibertsitatean ikasi ondoren, Ekonomia Aplikatuko titulazio bikoitza eskuratu zuen unibertsitate horretan. Nazioarteko Harremanetako eta Kanpo Merkataritzako Masterra da, ALITER Nazioarteko Negozio Eskolan.

Perfil osoa ikusi


Juan Gamboa

Juan Gamboa

Juan Orkestrako ikertzailea da. Hezkuntzaren eta enpleguaren arteko harremana izan du ikerketan eta irakaskuntzan aztergai nagusi, bereziki enplegagarritasuna, laneratzea, enpleguaren kalitatea, gaitasunak eta lan ibilbidearen garapena.

Psikologian lizentziaduna da eta Erakundeen eta Lanaren Psikologian doktorea. Kontsumitzailearen Psikologian graduondoko ikasketak ere baditu.

Perfil osoa ikusi