Euskal Autonomia Erkidegoari buruz aspaldian entzun nuen hitz egiten, 1990eko hamarkadaren erdialdera garapen ekonomikoko arrakasta kasutzat aurkeztu baitziguten. Garai hartan, Warwick-eko Unibertsitatean (Erresuma Batuan) ari nintzen gradua ikasten, eta Keith Cowling irakasle zenak saio bat eskaini zien Euskal Autonomia Erkidegoari eta Mondragon Korporazioari, industria politikari buruzko hirugarren mailako irakasgaian. Urte haietan, industria politikaren kontzeptua bera garapen ekonomikoaren inguruko pentsamolde nagusiaren aurrez aurre jartzen zen. Gaur egun, ordea, egoera asko aldatu da.

Izan ere, gaur argi onartzen da eskualdeek garapen ekonomikorako ikuspegi estrategikoa behar dutela, industria arloko indarguneen gainean eraikiko dena eta industria horien eraldaketa bultzatuko duena. Azken hamarkadan, Europa osoko eskualdeei gomendatu zaie “espezializazio adimenduneko estrategiak” eraikitzea. Estrategia horien bidez, ikerketa eta berrikuntzako inbertsioei lehentasuna eman nahi zaie, norberak industria arloan dituen indarguneak eta bide berrietara dibertsifikatzeko aukerak kontuan hartuta.

Garapen ekonomikoaren ikuspegi estrategiko horren barruan, Euskal Autonomia Erkidegoaren kasua oso erakargarria da oraindik ere, hiru arrazoirengatik: denbora luzean izan du arrakasta, industria du ardatz, eta garapen inklusiboaren inguruko kezka kontuan hartzen du. Euskal Autonomia Erkidegoa, oraindik ere, industria sendoko eskualdea da eta Europako lehenengo 30 eskualdeen artean dago bai biztanleko BPGri begiratuta eta bai pobrezia edo gizarte bazterketa arriskuan dagoen biztanleriaren ehuneko txikiari begiratuta.

grafico post james eusk

1970ko hamarkadaren amaieran Espainian autonomia erkidegoak eratu zirenean, eskualdeko administrazio sortu berriak industria estrategia definitzearen aldeko apustua egin zuen, nahiz eta garai hartan industria politika, orokorrean, gutxietsi egiten zen. 1980ko hamarkadan, krisi ekonomiko sakona bizi izan zuen eskualdeak eta lehenengo urratsetan, egoera gainditzeko industria berregituratze garrantzitsua sustatzea izan zuen helburu industria estrategiak. 1990eko hamarkadan, estrategia industria klusterren inguruan egituratu zen eta efizientzia hobetzera, I+Gn oinarritzen ez zen dibertsifikazioa sustatzera eta nazioartekotzea sustatzera bideratu zen. 2000ko hamarkadan, estrategia berrikuntza eta industria dibertsifikazioan oinarritu zen, zientziak bultzatuta.

Estrategia honen ezaugarri nagusiak sakon aztertu izan dira 2000ko hamarkadaren erdialdera arte. Hala, Harvard Business Schoolen garapen ekonomikorako estrategiari buruzko kasu batean jaso zituzten Michael Porterrek, Christian Ketelsek eta Jesús Mari Valdalisok. Aurreko lan bat oinarri hartuta, Orkestrak berriki egin duen azterketa batek Euskal Autonomia Erkidegoko estrategiaren azterketa eguneratu du, 2008ko finantza krisiaren hasiera eta 2020ko COVID-19aren pandemiaren hasiera arteko tartea hartuta.

Tarte horretan, estrategiak aurreko garaietako oinarriak izan ditu ardatz. Horrela lortu du aurreko hamarkadako lehenengo erdiko finantza krisiari nolabaiteko arrakastaz aurre egitea eta ekonomia eta gizarte emaitzetan etengabeko hobekuntzak eskuratzea. Hauek dira estrategia horren ezaugarri nagusiak:

  1. Lehentasun estrategikoak eta aukera hobiak hautatzea, espezializazio adimenduneko estrategia esplizituaz baliatuta;
  2. Zientzia, teknologia eta berrikuntza sarea berrantolatzea eta gaitasunen ekosistema industriaren beharretara egokitzea;
  3. Teknologikoa ez den berrikuntza indartzea, berrikuntza teknologikoaren osagarri;
  4. Barne eta kanpo gobernantzako mekanismoak indartzea.

Industria estrategia sendo baten azken garai hauek aztertuta ideiak atera ditzakegu bai EAEko estrategiaren hurrengo urratsak erabakitzeko eta bai epe luzeko estrategiak ezarri nahi dituzte beste eskualde batzuetarako.

EAEko estrategiaren etorkizunari dagokionez, estrategia hori hiru trantsizio orokorrek baldintzatuko dute: trantsizio sozio-demografikoak, energia eta ingurumenekoak, eta teknologiko-digitalak. Trantsizio horiei aurre eginez, gizartearen erronka nagusiei erantzun beharko zaie eta, aldi berean, EAEko industriarako lehiatzeko abantailak sortu. Zehazki, horrek eskatuko du jarduera ekonomikoak, zientifikoak eta teknologikoak trantsizio jasangarrietara bideratzea; bitarteko eragileen gaitasunak oraindik gehiago indartzea eta elkarlaneko gobernantza hobetzea; anbidestreza bultzatzea, horien bidez arakatzen baitituzte enpresa txiki eta ertainek bide berriak eta ustiatzen gaur egunekoak; inbertsio eta azpiegitura politiketan eskariaren aldea hobeto integratzea; eta sektore publikoaren eta sozialaren berrikuntza bultzatzea.

Beste lurralde batzuek EAEko esperientziatik ikas dezaketenari dagokionez, Keith Cowling-en eskutk EAEko kasua ezagutu eta hogeita bost urte igaro direnean, esango nuke kasuak balio handikoa izaten jarraitzen duela epe luzeko industria estrategiak ulertzeko eta sustatzeko interesa dutenentzat. Hainbat gairi buruzko irakaspen garrantzitsuak atera ditzakegu:

  • Estrategia lehiakortasun inklusibora bideratzea 
  • Neurriko arriskuak hartzeko orduan proaktibo izatea
  • Lehendik zeuden industria indarguneetan oinarritu eta dibertsifikaziorako bidea egitea
  • Pentsamendu estrategikorako eta pentsamendu hori ezartzeko gaitasun politiko sendoak eraikitzeko kezka
  • Tokiko estrategia eraikitzea, nazioartera irekitzearen garrantzia ere aitortuta


james wilson

James Wilson

James Wilson Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikerketa zuzendaria da eta Deusto Business Schooleko irakaslea.

Bere ikerrildo nagusiak eskualdeko lehiakortasunaren analisia, gizarte eta ekonomiako garapen prozesuak eta politika publikoak dira.

Perfil osoa ikusi