Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta eta garapen agentziekin lankidetzan, Lurralde Garapeneko Laborategian Gipuzkoako ETEen eraldaketa digitala bultzatu nahi dugu. Agentziek 'familia-mediku' rola hartzen dute enpresa txiki eta ertainekin. Teknologia edo digitalizazio-prozesuei ekiteko baldintzei buruzko ezagutza aditua duten eragileen laguntzaz, agentziek eraldaketa digitaleko prozesuak fazilitatzen dituzte enpresetan. Enpresa gehienekin konfiantzazko harremanak dituzte garapen agentziak aurretik edota hauek eraikitzeko parada dute prozesu honekin.

Ikerketa-ekintza prozesu horren abiapuntua Industria 4.0 kontzeptua izan zen. Hasieratik ohartu ginen kontzeptuaren definizioa adostu beharraz eta gure gerturapena definitzeko premiaz. Honako definizioa hartu genuen abiapuntutzat: Industria 4.0k manufaktura prozesu adimentsu, autonomo eta interkonektatuak garatzea ahalbidetzen duten sistema ziber-fisikoak garatzea dakar (Kagermann et al., 2013; Lasi et al., 2014; Liao et al., 2017, Xu et al., 2018). Baina gure enpresa-sarearen errealitatea errespetatu nahi bagenuen, definizio horretatik haratago, beharrezkoa zen enpresaren baldintza ez-teknologikoak kontuan hartzea (plan estrategikoak definitzea, antolaketa eredua berdefinitzea edo enpresa lehiatzen den merkatuari buruzko ezagutza handiagoa izatea). Izan ere, arlo horietan hobekuntzarako marjina handia antzematen genuen. Bestetik, ezinbestekoa zen, adibidez, ERPen integrazioa 4.0 trantsizioa hasteko lehen urrats gisa errekonozitzea (Sisti, 2019; Larrea et al., 2019). Beraz, kontzeptuaren hurbilketa teknologikoari eutsi zitzaion arren, ikuspegi hori 'irekitzea' adostu zen, errealitatea errespetatzeko eta gure misioa betetzeko: ETEetan eraldaketa integrala bultzatzea, lehiakorragoak izan daitezen.

2020. urtearen amaieran, prozesua beste sektore batzuetara zabaldu genuen, eta eraldaketa digitalaren kontzeptuak indarra irabazi du. Gainera, COVID-19k eragindako krisiak eraldaketa digitalaren aldeko apustua bizkortu du. Kontzeptu hori oinarritik ikuspegi zabalago batetik abiatzen da. Eraldaketa digitalak negozio-eredu berriak garatu nahi ditu datua eta teknologia digitala erabiliz (Buer et al., 2018). Horrek esan nahi du enpresaren definizio estrategikoa bere gain hartzen duela eta antolaketa ereduaren moldaketa edo kanpoko eragileekin lankidetzan aritzeko kultura bultzatzea ere kontuan hartzen direla. Digitalizazioa eraldaketa digital horren (beharrezko) zati bat da; izan ere, IKT teknologiak integratuz eta prozesuen tratamendu eta optimizaziorako datua erabiltzeko asmoz, formatu analogikotik digitalera bihurtzeko prozesua da digitalizazioa (Scholz et al., 2018; Sugiyama et al., 2017).

Agentzietako teknikariez osaturiko fazilitadoreen gunean duela egun batzuk egindako tailerrean, agentzietako pertsona batek adierazi zuen eraldaketa digitalaren eta Industria 4.0 delakoaren arteko eztabaidak kontuan hartu behar zuela enpresetan erraztu nahi dugun eraldaketa-prozesuaren abiapuntua. Industria 4.0a, ziurrenik, 4.0 teknologien integraziotik abiatzen da, enpresaren negozio-eredua birdefinitzera irits daitekeen enpresa-eraldaketa katalizatzaile gisa. Eraldaketa digitalak, ordea, bere baitan teknologia digital sorta handia du eta produkzio-prozesuak eraldatzea bilatzen du hasieratik, honekin enpresa-eredua aldatuz.

Izan ere, ez da lehen aldia ekonomiaren eta lurraldearen garapenaren esparruan errealitatea edo policy making-ak arlo horietan dituen asmoak deskribatzeko kontzeptuen arteko zehaztasun faltarekin topo egiten dugula. Bere garaian, klusterrak, berrikuntza-distritoak edo aglomerazio-ekonomiak bezalako kontzeptuek eztabaidak sortu zituzten ere.

Gauza bera gertatzen zaigu gaur egun Industria 4.0 edo digitalizazioa eta eraldaketa digitala bezalako kontzeptuekin. Ez dago definizio onartu eta orokorturik hiru kontzeptu horientzat. Eta trantsizio digitalaren trenera igotzeko apustuak eta honi loturiko programa eta ekimenen hedapenak beharrezko egiten du. Horra hor akademiak policy making prozesuetan egin dezakeen ekarpen nagusietako bat: kontzeptualizatzeko ariketa. Kontzeptualizatzeak errealitateari 'izena jartzea' esan nahi du. Hainbat eragile inplikatzen dituzten prozesuetarako oinarriak ezartzea ahalbidetzen du, erronka partekatu baten aurrean irtenbide partekatu bat eraikitzeko. Elkarrekin lan egin nahi badugu, lehenik eta behin zertaz ari garen argitu beharra dugu. Horretan datza sinpletasun eta konplexutasuna konbinatzeak.


miren estensoro

Miren Estensoro

Miren Estensoro Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzailea da eta Deusto Business Schooleko irakaslea. Ekonomian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Bere aztergai nagusiak tokiko garapen ekonomikoa, lurraldeko gobernantza eta lehiakortasunerako politiken maila askotako artikulazioa dira. 

Perfil osoa ikusi


miren larrea

Amaia Zumeaga

Amaia Zumeaga, Orkestrako Doktoretza aurreko ikertzailea, Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntzan graduduna da. Amaiak Deustuko Unibertsitateko Lehiakortasunari eta Berrikuntzari buruzko Masterra egin du.

Perfil osoa ikusi