Gure parte hartze prozesuetan maiz erabiltzen dugu esaera hau: nire ordez, hau da, ni gabe, erabakitzen baduzu, nire aurka erabakitzen ari zara. Paradoxa badirudi ere, sentimendu hori nagusitzen da, baita erabakitakoa logikoa edo arrazoizkoa bada ere. Esaerak COVID-19aren kudeaketan gobernantza partekatua edo kogobernantza deitu izan denaren inguruan sortu den eztabaida erakusten du, gure ustez.

Gobernantzak, bere interpretazio oinarrizkoenean, erabakiak hartzeko nola antolatzen garen esan nahi du. Gobernantza partekatuaren inguruko eztabaidak erdi-erdian jarri du nola ari diren antolatzen Europako erakundeak, Espainiako gobernua eta autonomia erkidegoetako arduradun nagusiak COVID-19aren krisiaren aurrean erabakiak hartzeko. Eta guk ere gai hori hartuko dugu ardatz gogoeta honetan. Hala ere, garrantzitsua da adieraztea maila askotako gobernantzaren inguruko eztabaida ez dela pandemia honetara mugatzen. Aitzitik, eztabaida hori funtsezkoa izango da trantsizio handiei aurre egiteko (klima aldaketa, trantsizio digitala eta gizarte eta demografia trantsizioa).

Lehiakortasunari buruzko 2011ko Txostenean esaten zen Euskal Autonomia Erkidegoan gobernantza eredu "parte hartzaileagoak eta iragazkorragoak" bilatzeko beharra ikusten zela, eta agindu hori betetzeko egiturak (erakunde formalak) izan bazirela, baina egitura horiei bizitza emango zieten prozesuak garatu behar genituela.

2014an, Orkestran proposamen metodologiko bat egin genuen egitura horiei bizitza emateko. Konplexutasuna eragile asko egotearen ondorio ez ezik, eragile horien arteko interes gatazken ondorio ere badela ikusi genuen. Asko izanik ere, guztiok berdina lortu nahi izango bagenu, ez litzateke zaila izango erabakiak elkarrekin hartzea. Eta nabarmendu genuen lankidetzako gobernantza parte hartzaileek egoera baten inguruan dakitenean oinarritzeaz gainera, gatazka kudeatzeko prozesuetan ere oinarritzen dela. Ikasi genuen:

  1. Lankidetzako gobernantza ez dela bakarrik eraikitzen, eta beharrezkoa dela lurraldeko eragile batzuk prozesuaren bideratzaile izatea.
  2. Ulertu genuen lankidetzako gobernantza eraikitzeak elkarrekin ikasteko eta negoziatzeko berariaz prestatutako espazioak behar dituela.
  3. Ikasketa eta negoziazio prozesu horiek direla elkarrekin erabaki eta ekiteko baldintzak sortzeko modu bakarra.
  4. Ondorioztatu genuen maila askotako gobernantza, hau da, erabakiak hartzeko prozesuan maila desberdinetako gobernuek parte hartzea eskatzen duena, testuinguruaren araberakoa dela, alegia, ez dagoela denontzat baliagarria den eredu idealik.

Ikaskuntza horien begietatik begiratzen diogu orain gobernantza partekatuaren eztabaida indarberritu honi, edo COVID-19aren kudeaketan elkarrekin erabakitzeko beharrari. Hala, Orkestran urte hauetan ikasi dugunean oinarrituta, COVID-19aren kudeaketaren gobernantzaren inguruko gure gogoetak partekatu nahi ditugu.

Krisia modu asimetrikoan ari da eragiten munduko herrialde eta eskualdeetan, egitura ekonomiko eta sozial desberdinak dituztelako. Beraz, krisiaren kudeaketa efizienteak testuinguru bakoitzeko eragin zehatzetara egokituko diren gobernantza moduak eta politikak behar ditu. Eta horrek krisiari aurre egiteko eredurik egokiena zein den eztabaidatzea ekarri du: eredu zentralizatua edo eredu deszentralizatua.

Gobernantzak testuinguruaren araberakoa izan behar duela ikasi dugu dagoeneko eta horretan oinarrituta esango genuke eredu baten ala bestearen artean aukeratu behar izatea artifiziala dela, COVID-19aren gobernantza ez baita burbuila bat eta ezin baitugu nola gobernatuko den hautatu, dagoeneko eskuetan ditugun erabakitzeko mekanismoak kontuan hartu gabe. Ez da gauza bera pandemiaren gobernantza Frantzian, eredu zentralizatua duen herrialdean, edo Alemanian, eredu deszentralizatuagoa duen herrialdean. Birusa bat bera da, baina birusak sortu duen krisiari erantzuteko gobernantza ezin da berdina izan. Horrek nazioartean eskualdeen (gure kasuan, autonomia erkidegoen) garrantziari buruzko eztabaida sortu du, krisiaren eragin asimetrikoei erantzuteko orduan.

Krisi honek hiru ardatz nagusi ditu: osasun arloa, gizarte arloa eta ekonomia arloa. Eta horietan, Espainiari dagokionez, erabakiak hartzeko eta ekiteko ahalmena Espainiako gobernuaren eta autonomia erkidegoen artean banatuta egoteaz gainera, Europako erakundeek eta eskualdeaz azpiko gobernuek ere badute zeresana. Gobernantza efizienteena izango da krisiari emango zaizkion irtenbideak artikulatzeko prestatuen daudenek erabakitzea eta ekitea bermatuko duen hura, beti ere, lankidetzan oinarrituta. Normalean, arazo bati aurre egiteko prestatuen egongo da dagoeneko gaitasun hori (eta, beraz, esperientzia) baduena. Eta, hortaz, gobernantzak lagundu eta koordinatzea izango du helburu eta besteen lekua hartzea saihestuko du. Besteen lekua hartzeak efizientzia eza ekarriko du, testuinguru bakoitzean krisiaren eraginei eta erantzuteko mekanismo posibleei buruz dauzkagun jakiteak eta gaitasunak modurik onenean ez erabiltzea ekarriko duelako. Maila askotako gobernantza eta eskumenak argitzeko eta erakunde arteko eredu bat definitzeko beharra erronka da Europako herrialde eta eskualde guztietan.

Europako erakundeen, gobernu zentralaren eta autonomoa erkidegoen arteko lankidetzaren inguruan azken asteetan agerian gelditu diren zailtasunek eta lankidetzako gobernantzak alde bakarreko beste gobernantza eredu batzuekin alderatuta duen efizientziaren inguruko zalantzek ez dute esan nahi, gure iritziz, lankidetzako eredua efizientea ez denik, baizik eta lankidetzako makineria herdoilduta zegoela. Makineria hori egunean jartzea ez da berehala lortzen, denbora behar baita elkarrengandik ikasteko eta elkarren artean negoziatzeko espazioak sortzeko, gatazkak esplizitu egiteko, negoziatzeko, edo erabakitzeko zilegitasuna elkarri aitortzeko. Eta denbora da, hain zuzen ere, krisiaren aurrean falta zaiguna. Hala ere, horrek ez gaitu eraman behar lankidetzako gobernantza baztertzera, baizik eta azkarrago lan egitera, makineria guztiak prest jartzeko. Horixe izango da, hain zuzen ere, osasun, gizarte eta ekonomia arloak suspertzeko prozesua azkarragoa eta sendoagoa izateko eta gizarteko pertsona bakoitzarentzat krisiaren eraginak arintzeko gakoetako bat.


mari jose aranguren

Mari Jose Aranguren

Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusia eta Ekonomia Katedraduna da Deustuko Unibertsitatean. Lehiakortasunean eta lurralde estrategian, klusterretan eta sareetan, eta politiken analisian eta ebaluazioan aditua da. Gai horien inguruan liburu eta artikulu ugari argitaratu ditu, nazioko eta nazioarteko eragin handiko aldizkari espezializatuetan.

Perfil osoa ikusi


miren larrea

Miren Larrea

Miren Larrea ikerketako laguntzaile gisa hasi zen Deustuko Unibertsitatean. Bertan egin zuen doktorego tesia, Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko ekoizpen sistemei buruz.

Perfil osoa ikusi