Energiaren eta ingurumenaren arloko 2030eko helburuak eskakizun handikoak dira. Aurkezten dituzten erronkei aurre egiteko, eragile guztien erantzun aktiboa behar izango da (gobernuak, erakundeak, enpresak, kontsumitzaileak).

Europako ekonomia nagusiek urteak daramatzate “energia trantsizio” deitutako prozesu horretan lanean. Euskal Autonomia Erkidegoan ere urteak daramatzagu lanean, 2030 eta 2050erako estrategiak eta planak oinarri hartuta, hainbat arlotan neurri zehatzak ezartzen, energiaren eta ingurumenaren erronkei aurre egiteko.

2021-2030 aldian, aurrerapauso esanguratsuak eman beharko dira gas igorpenak hainbat sektoretan murrizteko, esate baterako, garraioan edo industrian (eta beste sektore batzuetako igorpenak ere murrizten jarraitu behar da, adibidez, energiaren sorkuntzan, eraikuntzan eta abarretan).

Eraldaketa sakonak ikusiko ditugu, besteak beste, azken erabileretan elektrizitatean duen pisua handitzea. Aldaketa horiek aukerak sortuko dituzte gure ekonomian. 

Eraldaketa sakonak ikusiko ditugu, besteak beste, azken erabileretan elektrizitatean duen pisua handitzea, ibilgailu elektrikoak ugaritzea, bero ponpak, eta energiaren efizientzia hobetzea.

Aldaketa horiek guztiek aukerak sortuko dituzte ekonomian, ingurumenean eta gizartean hurrengo bi hamarkadetan eta, bereziki, hurrengo 10 urteetan.

Atzo, azaroak 14, Europako energia trantsizioen inguruko jardunaldia izan genuen, Energiaren Euskal Erakundearekin batera antolatutakoa.

Beste herrialdeetatik ikastea, herrialde horien egoera hobeto ezagutzea eta karbonorik gabeko ekonomiarako bidean erabiltzen ari diren estrategiak zein diren jakitea zen helburua.

Hurrengo lerroetan laburtuko ditut Alemania, Frantzia, Erresuma Batua eta Norvegiako kasuetatik atera ditzakegun irakaspenak. 

  • Ez da energia trantsiziorako eredu unibertsalik, eredua ekonomia bakoitzaren errealitatera egokitu behar baita. Garrantzitsua da estrategia eta plan egokiak edukitzea, behar diren eraldaketak erraztuko dituztenak eta, aldi berean, aberastasuna sortzen duten sektoreak babestuko dituztenak.
  • Aztertu ditugun herrialdeetako kasuek erakusten dute asmo handiko estrategiak eta planak dituztela, eta ekintza ildo eta neurri zehatzen bidez gauzatzen direla, ekonomiako arlo guztietara iritsiz.
  • Nabarmentzekoa da berotegi efektuko gasen igorpenak gutxitzeko neurrien garrantzia, baina baita klima arriskuetara egokitzeko neurrien garrantzia ere.
  • Funtsezkoa da energia trantsizioko estrategia eta industria eta sektore politikak, ekonomia zirkularrekoak edo berrikuntzakoak lerrokatzea, ekonomia bakoitzeko indarguneetan lehiatzeko abantailak garatzen laguntzeko, besteak beste bide hauek erabiliz: espezializazioa; produktu, zerbitzu eta negozio eredu berrien garapena; sektoreen, balio kateen eta teknologien arteko sinergiak ustiatzea…
  • Aztertu ditugun adibide guztiek agerian uzten dute garrantzi handikoa dela prozesuaren gobernantza egokia (adibidez, klima aldaketaren inguruko adituen batzordeak osatzea, prozesuaren jarraipen etengabea egitea, eta aldiro-aldiro kontuak ematea).
  • Prozesu hori gizarteak onartzea erronka handia da energia trantsizioko prozesu guztietan. Prozesuaren gardentasuna eta estrategien, planen eta neurrien malgutasuna funtsezkoa da enpresen eta herritarren babesari eusteko.
  • Zerga eta ingurumen arloko neurri eta tresna ugari erabili behar dira, nahiz eta, askotan, ez diren ezartzeko errazak: Karbono aurrekontuak; Karbonoaren prezioa; Zerga pizgarriak (diru laguntzak, zerga kenkariak, etab.).
  • Garrantzi berezia dute biztanleriaren sektore ahulenak konpentsatzeko eta ingurumen zerga sistematik datozen sarrerak birziklatzeko neurriek.
  • Mugikortasun eredua aldatzeko apustu sendoa egin behar da eta horren protagonista ibilgailu elektrikoa izango da, baina baita beste energia iturri batzuk ere.
  • Teknologia berrien aldeko apustu sendoa egin behar da: hidrogenoa, itsasoko haize energia, karbonoa eskuratzea eta erabiltzea, “gas berdea”, etab.
  • Horretarako guztirako inbertsio handiak behar dira. Beraz, finantzaketa eskema berriak pentsatu behar dira, lankidetza publiko eta pribatuko ereduetan oinarrituta. Finantza sektorearen laguntza ere behar izango da.
  • Garrantzi ikaragarria du eskualdeei eta hiriei protagonismoa emateak, tokiko ingurunean aldaketak eraginkortasunez ezartzeko.
EKITALDIA

Energia trantsizio ereduak Europan

Energia trantsizioak Europan jardunaldian hitz egin zenaren inguruan gehiago jakin nahi baduzu edo gure lana ezagutu nahi baduzu egin klik HEMEN.

 


Jorge Fernández PEQUEÑA03

Jorge Fernández

Jorge Orkestrako energia arloko ikertzaile seniorra eta koordinatzailea da, 2018ko martxoaz geroztik. Ekonomian doktorea Georgetowngo Unibertsitatean (Washington DC), esperientzia profesional zabala du energia sektorean.

Profila ikusi


Etiketa: Energia lab-a