Miren Estensoro, Miren Larrea eta Edu Sistik idatzitako post-a.
Prozesu parte hartzaileak eraginkorrak izan daitezke eta eraginkortasuna bilatzeak ez du esan nahi parte hartzea eta demokratizazioa alde batera utzi behar dugunik. Hori da Etorkizuna Eraikizeko Lurralde Garapeneko Laborategiaren baitan frogatu berri duguna.
2017. urte hasieran, Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko Saileko kideek Industria 4.0 arloan bultzatzen ari ziren programekin enpresa txiki eta ertainetara iristeko zituzten zailtasunak jarri zituzten mahai gainean. Eskualdeetako garapen agentziek, bestalde, enpresa talde horiekin ‘familia mediku’ moduan lan egiteko izan zezaketen rola aldarrikatzen zuten. Alegia, beraien eskualdeetako enpresetan Industria 4.0ari buruz sentsibilizazioa bultzatzeaz gain, enpresetan eraldaketa prozesuak hasi eta eragile adituetara bideratu ondoren, prozesu horien jarraipena egiteko gai direla. Posible ote zen Orkestra fazilitaturiko ikerketa-ekintza prozesua medio Aldundiak mahai gainean ipinitako zailtasunari erantzun eta agentziek beren rola erakustea?
Martxoaren 15ean aurkeztutako “4.0 Industria Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainetan” txostenak posible dela erakusten du. Txosten horretan, Gipuzkoako 20 eta 99 langile arteko 404 enpresa txiki eta ertainen (ETE) ‘4.0 diagnostikoa’ jasotzen da. Beraz, enpresa talde osoaren % 70 jaso dugu bertan, orain arte zedarri bat dena. Teknologia digitalen integrazioaren harira bultzatutako trantsizio horretan inplementazio maila ezberdinak daudela erakusten du analisiak. Enpresen % 54k modu formal edo informalean Industria 4.0an ari dela dio eta badira inplementazio mailan eragin nabarmena duten faktore batzuk, enpresaren tamaina edo aritzen den sektorearen teknologia maila kasu.
Post honetan, aldiz, txosten horren atzean dagoen ikerketa-ekintza prozesuari egin nahi diogu erreparo. Fazilitadoreen espazioko tailerretan ‘4.0 diagnostikoak’ egiteko oinarriak elkarrekin eraiki ditugu garapen agentzia, Aldundikide eta ikertzaileok (4.0 Industriaren esanahia, diagnostikoak egiteko metodologia edota informazioa bildu eta aztertzeko irizpideak, besteak beste). Gure enpresetara modu efizienteagoan iristeko gaitasunak eraiki ditugu eta bidean, elkarrekin lan egiten ikasi dugu. Etorkizuna Eraikizeko Lurralde Garapenerako Laborategiaren baitan eraikitako gobernantza eredua bera, fazilitadoreen prozesuaren eta beste zenbait prozesuren markoa zehazten duena, ezinbesteko osagaia izan da, ordea. Kontua da, prozesu honen ondorio modura, lurraldeko eragileak (enpresa txiki eta ertainak kasu) lurraldearen etorkizunari buruz erabakitzeko eragile aktibo bilakatzen ari direla. Hortxe efizientziaren eta demokratizazioaren arteko erakarpena.
Gipuzkoan landu denaren moduko gobernantza batek pazientzia eskatzen du, urte askoan ukiezinak lantzea eskatzen duelako, emaitza konkretuak etorkizunean etorriko diren esperantzan. Azken urtean 404 enpresa txikietara iristeko modua emaitza bat da politiken eremuan, baina ez dezagun ahaztu azken 10 urteetako lanik gabe orain emaitza hauek ez liratekeela posible izango.

Timon Urs Knapp
Timon Urs Knappek Salmenten Ingeniaritzako masterra du eta ikertzaile elkartua da Alemaniako Bochum-eko Ruhr Unibertsitateko Salmenta eta Zerbitzu Industrialen Ingeniaritzako Katedran. Bere ikerketan, metodo kualitatiboak erabiltzen ditu eta nazioarteko zerbitizazioaren fenomeno estrategikoan eta erakunde arteko eta erakunde barruko lankidetzan dituen inplikazioetan zentratzen da.

Miren Estensoro
Miren Estensoro ikertzaile seniorra. Miren Ekonomian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta ikertzaile seniorra. Horrez gain, 2012az geroztik irakaslea da Deustuko Unibertsitatean. 15 urte baino gehiagoko esperientzia du lurralde garapeneko politiken esparruan, ikertzaile, irakasle eta policy maker gisa egindako ibilbidea uztartuz. Ekintza-ikerketa da bere lanaren hurbilketa nagusia.

Miren Larrea
Miren ikertzaile seniorra da Orkestran eta irakaslea Deusto International Research School-en (DIRS). Lurralde Garapenerako Ekintza Ikerketaren bultzatzaileetako bat da. Berau lurraldeko aktoreekin jakintza ko-sortzen laguntzen duen ikerketarako metodologia bat da, eta arazo konkretuen inguruan prozesu parte-hartzaileak bultzatzen ditu. Gobernu maila desberdinekin elkarlanean arituz sakondu du metodologia honetan eta horrela landu ditu, lankidetzazko gobernantzaren bidez, enpresen lehiakortasunari, pertsonek lanean duten ongizateari edo kultura politiko berri bati loturiko politikak. Ekintza-ikertzaile moduan ekarpena egin dio Gipuzkoan garatu den lurralde garapenerako gobernantza berriari.

Eduardo Sisti
Eduardo Sisti, Orkestrako Ikertzailea, Ekonomian lizentziaduna da, Salvadorreko Unibertsitatean (Buenos Aires, Argentina); Ekonomian Masterra (MSc In Economics), Warwickeko Unibertsitatean (Erresuma Batua); eta Enpresa Lehiakortasunean eta Ekonomia Garapenean doktorea, Deustuko Unibertsitatean (Donostia, Euskal Autonomia Erkidegoa).