Elkarrizketa: Miren Larrea Orkestrako ikertzaile seniorra eta Pablo Costamagna Praxiseko zuzendari eta Orkestrako ikertzaile elkartua.

Entrevista Miren y Pablo Foto Plaza Gipuzkoa

Miren Larrea Orkestrako ikertzaile seniorra berriki izendatu dute Argentinan dagoen PRAXIS-Instituto de Investigaciones Tecnológicas y Sociales erakundeko nazioarteko ikertzaile elkartu. Baina izendapena Orkestraren eta UTN-Rafaelako Eskualdeko Fakultatearen arteko harremanetan beste urrats bat besterik ez da (Unibertsitate horren baitan dago PRAXIS). Bi erakundeak elkarrekin harremanetan jarri ziren 2011. urtearen hasieran, eta Zientzia eta Kultur Lankidetzako Hitzarmen bat sinatu zuten proiektuak elkarlanean egiteko. Iaz beste hitzarmen bat sinatu zuten lurralde garapenari buruzko lanen bilduma bat elkarrekin idazteko.

Joan-etorriko lotura horrek lagundu zuen PRAXIS sortzen, Orkestrak jakintzaren nazioartekotze prozesua nola ulertzen duen erakusten duen adibidea. Mari Jose Aranguren Institutuko zuzendari nagusiak azpimarratzen du Orkestraren helburua dela "Institutuaren esperientzia baliagarri izatea tokiko eragileekin lan egiten duten munduko beste toki batzuetako ikertzaileentzat eta, aldi berean, Orkestrak ere haien esperientzietatik ikastea". Zertan islatzen da hori? Miren Larrearekin eta Pablo Costamagnarekin hitz egin dugu, azken hori PRAXISen zuzendaria, gai horien eta beste askoren inguruan.


Zer da PRAXIS?

Pablo: lurralde garapenerako ikerketako institutu bat da, Nazioko Unibertsitate Teknologikoa-Rafaelako Eskualde Fakultatearen barruan kokatua, Argentinan. PRAXIS Lurralde Garapenerako Masterrari lotuta sortu zen, masterrarekin eta lurraldeko beste eragile batzuekin batera lan egiteko eta elkarrekin bidea egiteko. Urte eta erdiko ibilbidea dugu, lurraldeari lotutako ikerketetan eta prestakuntzan.

Nolako eragina izan du Orkestrak PRAXISen sorreran?

Pablo: Orkestrarekin genuen harremana PRAXIS sortu aurrekoa da, baina, nire ustez, Institutuak prozesu horretan izan duen eraginik handienetakoa da ekintza ikerketa txertatzea ikuspegi pedagogikoan. Gu hezkuntza mundutik gentozen eta ikerketa egiten genuen. Eta Orkestrak ekintza ikerketa eransten digu. Hori ikusita, gure espazio propioa behar genuela iruditu zitzaigun. Beraz, alde batetik guk egindako ibilbidea izango genuke, eta, beste aldetik, egiten ari ginenarekiko gogoeta egitea, Orkestrak lagunduta, eta desberdintasunetatik ikasiz.

"Prozesu horietan, itxuraz, Hego Amerikako hiri bat eta Euskal Autonomia Erkidegoa oso desberdinak dira; horregatik, alde horietatik ikasten ahalegintzen ari gara

Miren: elkarri eragin diogula uste dut. Orkestrak, hasiera-hasieratik, gogoeta prozesu sakona egin zuen ikerketa eraldatzailea egiteko moduari buruz eta unibertsitatea lurraldeko eragileekin lotzeko beharrari buruz. Elkarrizketa eta gogoeta hori partekatzean, Institutuak eragina du PRAXISengan, eta alderantziz. PRAXIS ekintza-ikerketaren hizkuntza barneratzen ari den heinean, guk ere bi lan ildo nagusi indartzeko aukera dugu: lehenengoa, prestakuntzari lotutakoa, prestakuntza eraldaketarako gune garrantzitsua dela uste baitugu; eta, bigarrena, lurralde garapeneko eragileen politikotasunaren eta, oro har, arlo politikoaren inguruko interpretazio jakin bat, ekintza ikerketaren interpretazioan ere eragina duena. Horregatik, niri zaila egiten zait Orkestrak PRAXISen izan duen eraginari buruz bakarrik hitz egitea; uste dut bidea elkarrekin egin dugula eta gune partekatu bat sortu dugula, elkarrenganako eragin handikoa.

Metodologia partekatuari buruz hitz egin duzue. Zertan datza gerturapen pedagogikoa?

Miren: Harreman horretan, ikuspegi pedagogikoa PRAXISen eskutik dator, Hego Ameriketan egiten ari zen gogoeta baten ondorioz.

Pablo: Hego Ameriketako lurraldeetan, gaitasunak eraikitzeko bidean, lurralde garapenari lotutako ikertzaileen, adituen eta espezialisten jarduteko moduari buruzko gogoeta kritiko batetik dator. Ikusten genuen asko aurreratu genuela kontzeptuetan, baina ez ginela koherenteak hainbat ikuspegi definitzerakoan: ikuspegi parte hartzailea, ahalduntzea, lidergoa eraikitzea, ikuspegi bereziak eta partekatuak osatzea. Kezka horrekin, gure jarduna aztertzen hasi ginen eta konturatu ginen lurraldean kokatzeko beste modu bat ere bazela: eragileei berdinen pare begiratzea, prozesuak elkarrekin eraikitzea, jakintza sortzea, inor ez dela jakintzaren jabe ikustea... Hortik abiatuta, gerturapen pedagogikoak proposatzen digu gaitasunak eraikitzeko prozesuei beste modu batera begiratzea.   

Entrevista Miren y Pablo Conversan tras la entrevista mientras pasean

Miren: gu ekintza ikerketaren esparrutik gentozen. Haiek intentsitate txikiagoko ikuspegia zutela konturatu ginen, baina pertsona gehiagorengana iristen zirela. Guk, ordea, talde txikiagoekin egiten genuen lan, baina aldaketa sakonagoak bideratzeko prozesuetan. Zentzua izan dezake zerbait berria eraikitzen hasteak bi hurbilpen horietatik abiatuta. Gerturapen pedagogikoa izenari eustea erabaki genuen, lurralde garapenaren gerturapen pedagogikoan bi ibilbide horiek sar ditzakegulako, baina lurralde garapenerako ekintza ikerketa deitutakoaren elementu asko ari gara txertatzen gerturapen pedagogikoaren barruan.

 

Euskal Autonomia Erkidegoak eta Rafaelak nork bere ezaugarriak eta konplexutasunak dituzte. Nola eraiki daiteke bi esparru horietan erabilgarria den zerbait?

Pablo: zalantzarik gabe, ekoizpena, kultura, erakundeak, lidergoak oso desberdinak dira. Itxuraz, Hego Ameriketako hiri bat eta Euskal Autonomia Erkidegoa oso desberdinak dira, baina, hain zuzen ere, prozesu horietan ahalegintzen ari gara desberdintasun horietatik ikasten. Horrek elkartu gintuen hasiera-hasieratik. Zalantzarik gabe, lurraldeak ez dira berdinak. Oso desberdinak dira. Eta, abiapuntua hori izanik, ikusten dugu zein alderdik laguntzen diguten gure prozesuetan gogoeta egiten: nolako harremana dagoen sektore publikoarekin, nolako harremana dagoen gainerako ikertzaileekin edo unibertsitatearekin, nola eramaten diren aurrera ikerketa prozesuak...

Miren: nire iritziz, harreman horretan, elkarrekin eraikitzen ari garenak metodologia kutsu handia du. Eta hori indargune handia da. Gerturapen pedagogikoa aipatutako bi testuingurutatik sortzen den metodologia bat da eta bi testuinguruetara eraman daitekeena, baita unibertsitatearen eta eragileen arteko loturak indartzeko planteamendu serioa egiten duten beste lurralde askotara ere.

Orain, zein proiektutan ari zarete elkarrekin lanean?

"Elkarrekin ari gara, nagusiki, Gipuzkoa Sarean proiektuan: Pablo lehenengo legegintzalditik ari da proiektuan lanean. Bestalde, masterreko prestakuntza prozesuetan Miren irakasle aritzen da"

Miren: elkarrekin ari gara, nagusiki, Gipuzkoa Sarean proiektuan: Pablo lehenengo legegintzalditik ari da proiektuan lanean eta epe luzeko harremana dugu. Eta, Gipuzkoa Sareanen barruan, fazilitadoreei buruzko liburu bat azpimarratuko nuke nik, oraintxe lantzen ari garena. Liburuak ez dio soilik proiektuaren esperientziari erreferentzia egingo, beste esperientzia asko ere hartuko ditu, Hego Ameriketako beste toki batzuetakoak. Baina ikuspegi pedagogikoan gakoa den figura horren inguruan ikasi duguna laburbiltzen du, nolabait.

Pablo: Bestalde, masterreko prestakuntza prozesuetan Miren irakasle aritzen da. Gainera, PRAXISi dagokionez, hurrengo bidaian egiteko garrantzitsua izango du, beti eskaintzen baitigu laguntza orientatzeko eta gogoeta egiteko. Horrez gain, Hego Ameriketako beste harreman batzuetan ere elkarrekin lan egiten jarraitu dezakegula uste dugu.

Zein proiektu dituzue etorkizunerako?

Pablo: Mirenek ongi esaten zuen bezala, gure lehenengo helburua da fazilitadoreei buruzko liburua bukatzea. Gogoeta horretan, biok asko ari gara ikasten. Etengabeko prestakuntza prozesuetan ere ari gara lanean, haietatik ateratzen dira gero prestakuntza prozesu hobeak eta sofistikatuagoak. Beste lan ildo batzuetan ere sakontzen jarraitu nahi dugu: maila askotako egiturak, gobernantza…

Miren: Nire iritziz, oraintxe dugun helburu argiena edo indar handienez hartu duguna fazilitadoreak prestatzea da, horren bidez lortuko baitugu lurralde garapeneko proiektuen eragina biderkatzea. Lurralde garapena gaitasunak eraikitzeko estrategia moduan ulertzen dugu, eta horixe planteatzen digu ikuspegi pedagogikoak ere.