2015eko urriak 20

Miren Estensoro eta Larrea BCN

Miren Estensorok eta Miren Larreak lurralde garapeneko eredu berriei buruzko azterlana (soilik katalanez eskuragarri) aurkeztu zuten atzo Bartzelonan. Pacte Industrial de la Regió Metropolitana de Barcelona erakundeak eskatuta, “Hacia un nuevo modelo de desarrollo territorial: el reto de reaprender formas de trabajo” du izenburua, eta gobernantzaren inguruko gogoeta egiten du, RIS3 politiken esparruan. Horretarako, bi ikertzaileek aurrera eramandako proiektuetan ateratako ondorioetatik abiatu dira. Proiektu horien artean daude, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin aurrera eramandakoak (Gipuzkoa Sarean, adibidez) edo Goieki garapen agentziarekin egindakoak.

Azterlanak bi erronka nagusi ikusten ditu espezializazio adimenduko estrategiak ezartzeko orduan: alde batetik, maila askotako gobernantzako formulak hobetzeko beharra, eta, beste aldetik, diseinatzen eta planifikatzen diren estrategiak errealitate bihurtzea lortzea. Testuinguru horretan, sareko gobernantza behar-beharrezkotzat jotzen da, lurralde konplexutasunari egokiago erantzuten diolako, gaur egun nagusi den gobernantza hierarkikoarekin alderatuta.

Egileek hainbat ikaskuntza ere atera dituzte, esate baterako, prozesu horien azpian dauden eztabaida ideologikoei ere heltzeko beharra, edo unibertsitateen rola lurralde estrategiak ezartzeko bideratzaile lanetan.

Azterlanaren aurkezpenari lotuta, Miren Estensorok eta Miren Larreak beste bi ekitalditan hartu dute parte Bartzelonan. Atzo arratsaldez, Escola Industrial zentroko mahai inguru batean hartu zuten parte, Carles Ruiz Industria Ituneko Batzorde Exekutiboko buru eta Viladecanseko alkatearekin eta Josep Mª Vilalta Associació Catalana d'Universitats Públiques-ACUPeko idazkari exekutiboarekin batera. Bestalde, gaur goizean, Pompeu Fabra Unibertsitatean izan dira, “Desarrollo terrritorial: de las teorías a las prácticas” mintegian. Bi ekitaldiok Pacte Industrial de la Regió Metropolitana de Barcelona erakundeak antolatu ditu.