2018ko martxoaren 5a

MIREN AGDER

Agder-eko Unibertsitateko Berrikuntza eta Jakintzaren Kudeaketako Masterra Norvegiako ikasleen asebetetzearen rankingeko lehenengo tokian azaltzen da, 4,8 punturekin, haurtzaindegiko irakasleentzako master batekin batera. Hain zuzen ere, Orkestrak Master horretan parte hartzen du. Sailkapenaren buruan dauden bi programetan azpimarratzen den alderdietako bat teoriaren eta praktikaren arteko lotura estua da. Gainera, nabarmentzen dute, besteak beste, Administrazio Publikoko Berrikuntza irakasgaiaren balioa. Orkestrak irakasgai horretan parte hartzen du, ekintza ikerketako metodologiak azaltzeko. Institutuak Master horretan duen papera ezagutzeko, Miren Larrea ikertzailea elkarrizketatu dugu.

Nolatan parte hartzen du Orkestrak Norvegiako Masterrean?

Orain dela ia hamarkada bat, Agderreko Unibertsitatearekin lankidetzan aritzeari ekin genion, Orkestran ekintza ikerketaren gure hurbilpena eraikitzeko, lurralde garapenari begira. Lankidetza horren ardatz nagusia James Karlsen izan da. Eta Jamesek Agderreko Unibertsitatean irakasgai esperimental bat garatzeko aukera izan zuenean, ekintza ikerketaren gure hurbilketa aplikatu nahi izan zuen.

Zertan datza Orkestrak parte hartzen duen irakasgaia?

Irakasgaiko ikasleek politika publikoetako berrikuntzen ingurukoak ikasten dituzte, ekintza ikerketako prozesu baten bidez. Prozesu horretan, Agderreko eskualdeko eragile politikoekin eta enpresekin lan egiten dute, bereziki, Grimstad-eko udalarekin, bi helburu lortzeko. Lehenengoa, eragile horiei laguntzea arazo bati irtenbide bat bilatzen. Arazoa unibertsitateak eta udalak adosten dute. Bigarrena, jakintza berria sortzea, seihilekoaren amaieran, paper akademiko bat idatzi ahal izateko.

Zer egiten du Orkestrak?

Ikasleei ekintza ikerketako prestakuntza trinkoa eskaintzen diet seihilekoaren hasieran, lurraldeko eragileekin ekintzara bideratutako elkarrizketa prozesua aurrera eramateko gai izan daitezen.

Zer esan nahi dugu, zehazki, ekintza ikerketari buruz hitz egiten dugunean?

Ekintza ikerketaren gure hurbilpenaren oinarrian jakintza elkarrekin sortzeko eredu dago. Lehenengo, ikertzaileek (kasu honetan, irakasgaiko irakasle eta ikasleek eta lurraldeko beste eragileek) elkarrekin zein arazo landu nahi duten erabakitzen dute. Gero, gogoeta eta ekintza prozesuak eramaten dira aurrera: gogoeta prozesuetan, ikasleek lurraldeko eragileei arazoaren inguruan gogoeta egiten lagunduko dieten esparruak eta kontzeptuak azaltzen dizkiete; ekintza prozesuetan, eragileek gogoetaren ondorio diren erabakiak praktikara eramaten dituzte. Prozesu jarraitu horien eraginez, gaitasun kolektibo bat sortzea espero da, norvegieraz Samskaping deitu duguna (elkarrekin sortzea): elkarrekin lan egiteko gaitasuna, lurraldeko arazoei irtenbidea bilatzeko.

Antzekorik ba al dugu hemen?

Ez, oraindik ez. Berrikuntza metodologikoko prozesuetan laguntzen ari gara atzerriko bi masterretan: Agderreko Unibertsitatean (Norvegian) eta Rafaelako Argentinako Unibertsitate Teknologiko Nazionalean (Santa Fe, Argentina). Gainera, gurekin doktore tesia egin zuen ikertzaile argentinar bat orain ikerketa ekintzako ikaskuntzak txertatzen ari da Suaren Lurraldeko Unibertsitate Nazionalean (Argentina). Baina gure unibertsitatean ez dugu metodologia horiek aplikatzeko aukera ematen digun espaziorik. Nire ustez, erronka horri erantzun behar diogu eta Orkestran talde txiki bat osatu dugu gure ikasketa planetan horretarako tokia bilatzen hasteko.