2016 apirilak 25

Susana Franco Orkestrako ikertzailea apirilean Graz-en izan zen, Austrian, Eskualde Ikasketen Elkarteko urteko biltzarrean. Biltzar horretan hartu zuten parte eskualde eta hiriei lotutako gaietako nazioarteko 350 adituk baino gehiagok. Susanak “Public Policies and Cluster Life Cycles: Insights from the Basque Country Experience” hitzaldia egin zuen, Aitziber Elola Orkestrako ikertzailearekin, Jesus Mari Valdaliso EHUko Ekonomia Historiako katedradunarekin eta Santiago Lopez Salamancako Unibertsitateko irakaslearekin batera prestatutakoa.
Ikerlana VRI proiektuaren baitan garatu da, Norvegiako gobernuak finantzatuta, eskualdeen eraldaketa ekonomikoa aztertzeko. Orkestrak bertan parte hartzen du Norvegiako hainbat unibertsitaterekin eta Suediako CIRCLE ikerketa institutuarekin batera. Proiektuaren helburua da berrikuntza politikek ekonomiaren biziberritze prozesuetan duten egitekoa ulertzea. Gainera, lana prestatzeko kontuan hartu da Institutua Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Salamancako Unibertsitatearekin egiten ari den lana Euskal Autonomia Erkidegoko klusterren jatorri historikoen inguruan.
Lanean ondorioztatzen da politikek zeharkako eragina besterik ez dutela izan klusterretan haien bizitza zikloaren barruan. Azterlan horretatik atera dezakegun irakasbide bat da politikak aplikatzerakoan historia eta testuingurua kontuan hartu behar direla, gerta bailiteke iraganean egokiak ziren politikak garrantzitsuak izateari uztea ekonomia ingurunea aldatzen denean. Halaber, azpimarratzen da politikak kluster bakoitzaren egoerara egokitu behar direla: lehenengo urratsetan dauden klusterrek eta heldutasun etapan edo gainbeheran daudenek ez dituzte esku hartze mota berdinak behar.
Lana “European Planning Studies” aldizkari akademikoan argitaratuko da, “Path Dependency and Regional Renewal” izenburuko edizio berezian.
Austriako egonaldian, Susana Franco eta Anastasiia Konstantynova Orkestrako ikertzaileek Nazio Batuen Industria Garapenerako Erakundearen (ONUDI) egoitza nagusia ezagutu zuten, Vienan. Orkestraren lana aurkeztu zieten Merkataritza, Inbertsio eta Berrikuntza Saileko arduradunei eta Institutuaren ikerrildo eta proiektu nagusiak azaldu zizkieten, bi erakundeen arteko elkarlanerako eremuak bilatzeko. Saileko 20 kideren aurrean aurkeztu zuten Orkestrako ikertzaileek Institutua. Alde biko hainbat bilera ere egin zituzten, elkarren interesekoak izan zitezkeen proiektuetako batzuk zehaztasun handiagoz lantzeko.