2015eko azaroaren 16a

Mari Jose Aranguren eta Mikel Navarro Eusko Legebiltzarreko Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Batzordean izan ziren atzo, eta azpimarratu zuten beharrezkoa dela enpresa txikien lehiakortasunari lagunduko dioten neurriak hartzea, enpresa horiexek baitira krisiak gehien kaltetu dituenak eta ahultasunik handienak dituztenak erreferentziazko beste herrialde batzuetakoekin, esate baterako, Alemaniakoekin, alderatuta. Aurkezpenean, ekoizpena eraldatzeko teknologiaz bestelako berrikuntza prozesuak bideratzeko ad hoc politikak diseinatu beharraz aritu ziren.
Gogoeta horiek “Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2015eko Txostena. Ekoizpenaren Eraldaketa Praktikan” lanaren aurkezpenean egin zituzten, EAJ, Bildu, PSE-PSOE eta PPko legebiltzarkideen aurrean.
Bi ikertzaileek adierazi zuten nazioarteko ekonomian hazkundearen aurreikuspenak oso lausoak direla eta etorkizunari begira ziurtasun eza nabaria dela, baina, hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoa lehiatzeko egoera onean dagoela, hainbat urtez doikuntzak egin ondoren.
Bi orduko agerraldian, Orkestrako ikertzaileek Euskal Autonomia Erkidegoaren gizarte eta ekonomia ingurunearen erradiografia erakutsi zuten. Ekonomia dualaz hitz egin zuten; izan ere, enpresa jardueraren portaeraren eta bilakaeraren adierazleak positiboak badira ere, beste alderdi batzuek oso kezkagarriak izaten jarraitzen dute: enpresa txikien lehiakortasun arazoez gainera, langabezia tasak oraindik oso goian daude, gizarteko desberdintasunak areagotu egin dira, eta gizarte talde jakin batzuk oso egoera txarrean daude.
Bi errealitate horien arteko tartea handitzea eragozteko, Mari Jose Arangurenek eta Mikel Navarrok zenbait gomendio proposatu zituzten, arriskuan dauden talde horiei krisitik ateratzen lagunduko lieketen politikak planteatzeko. Azpimarratu zuten beharrezkoa dela enpresa txikien lehiakortasuna hobetzera bideratutako estrategia bat bultzatzea, baita gizarte berrikuntzan eta sektore publikoarenean aurrera egitea ere.
Mari Jose Arangurenek adierazi zuen Euskal Autonomia Erkidegoak etorkizuneko lehiatzeko estrategia espezializazio adimenduko estrategia berrietan (RIS3) oinarritu duela eta horrek gobernantzako beste eredu batzuk eskatzen dituela. Izan ere, behar-beharrezkoa da administrazioaren eta gainerako eragileen arteko harremanak beste modu batera gauzatzea (gizarte berrikuntza), baita antolaketa egitura egokitzea ere (berrikuntza publikoa). RIS3 prozesuak abian jarri ondoren; Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarea berrantolatuta; eta kluster politikak berrikusita, hori izango litzateke, ziur aski, hurrengo erronka garrantzitsua.
Arangurenek aipatu zuen enpresa txikientzat teknologiaz bestelako berrikuntza bultzatzea ere ezinbestekoa dela eta enpresa mentalitatea aldatzen ahalegintzea, enpresa langileen proiektu kolektibo bat da eta norabide berean aritu behar dira enpresaburua eta langileak.
Bestalde, garrantzitsua da sendotzea enpresa txikiengandik hurbil dauden bitarteko eragileak edo jakintzako eragileak, horien artean, Lanbide Heziketako ikastetxeak. Ikastetxe horiek enpresen lehiakortasunari lagunduko dioten politiken diseinuan eta egituran txertatu behar dira, baita tokiko garapen agentziak eta eskualdeko egiturak ere, guztiek egon behar baitute Euskal Autonomia Erkidegoak behar duen maila askotako gobernantzaren arkitekturan.
Mikel Navarrok politika publikoak ebaluatzeko sistemak erabiltzearen beharraz hitz egin zuen bereziki: I+G+Bko politika publikoak eta azpiegitura fisikoetan egindako inbertsio politikak ebaluatu behar dira, baita zerga pizgarriak ere. Berrikuntzari bultzada emango dioten finantzaketa tresna berriak bilatzea ere garrantzitsua da. Navarro IKTak “bertikalizatzeko” bide berriak bilatzeaz aritu zen, IKTetako enpresa orokorrak eduki beharrean, merkatu jakin batzuetan espezializatutako enpresak edukitzeko, esate baterako, osasunean, hirietan… Hori gakoa izango litzateke euskal enpresek 4.0 industriako elementuak bere egin ditzaten bai prozesuetan eta bai produktuetan.
Legebiltzarkideek interes handiz hartu zuten Orkestrak aurkeztutako lana, hemen kontsulta dezakezu.