2017 urriak 20

BilbaoNextlab Infocus Zorrotzaurre

“Eremu fisikoak, erabakigarriak ez badira ere, garrantzitsuak dira espezializazio adimenduko estrategiei laguntzeko orduan”, adierazi zuen Xabier Ochandianok, Bilboko Udaleko Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzi ordezkariak. Urbact Local Group taldearen espezializaziorako espazioen inguruko saioan esan zituen hitz horiek, Bilbao Ekintzak InFocus Europako proiektuaren baitan antolatutako ekitaldian, joan den urriaren 20an.

Lantalde horrek eragile publiko eta pribatuak biltzen ditu eta, seigarren bilera horretan, Zorrotzaurreko proiektuak Bilbo hiriaren espezializazio estrategiari laguntzeko eskaintzen dituen aukeren inguruko gogoeta egin zuen. Xabier Ochandianok Zorrotzaurreko proiektua aurkeztu zuen, dagokion faseekin. Eta taldearen aurrean azaldu zituen Bilbok aurrean dituen erronkak. Hain zuzen ere, erronka horien gainean lan egin behar da hurrengo urteetan, hiria, espezializazio estrategiaren bidez, modu jakin batean kokatzeko: "Europan erreferentzia izango den tamaina ertaineko hiria, talentua erakartzeko eta enplegu kualifikatua sortzeko gai izango dena”.

Saioak parke teknologikoen inguruko gogoeta egiteko ere balio izan zuen, zehazki, "orain arte nagusi izan den parke teknologikoen eredu klasikoarekin alderatuta, hirietako parkeek eskaintzen dituzten aukeren" inguruan hitz egiteko, Itziar Epalzak, Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen presidenteak, adierazi zuen bezala. Ildo beretik, espezializazio prozesuei eta ekonomia eta gizarte garapeneko politikei laguntzeko, hirietako parkeen garapenaren aldeko apustua egin duten beste hiri batzuen bilakaera hurbilagotik ezagutzeak duen garrantzia azpimarratu zuten.

Gai horri dagokionez, Miren Estensoro Orkestrako ikertzaileak nabarmendu zuen Europako hainbat hiritan –Nantesen (Frantzian) edo Espoon (Finlandian), besteak beste– eremu jakin batzuk dituztela espezializazio prozesuak bizkortzeko. Adibide horiek erreferentzia garrantzitsuak dira eta Bilbao Next Lab proiektuaren barruan ari dira aztertzen. Eremu horiek garatzen laguntzen duten faktoreen artean, Estensorok azpimarratu zuen garrantzitsua dela hirigintza, ekonomia eta gizarte garapeneko politika eta espazioaren plangintza espezializazio hori sustatzeko bideratzen ari diren prozesuekin artikulatzea.