2016 uztailak 22 

Infocus kickoff

Orkestrak Bilbok ekonomiaren garapenari dagokionez dituen erronken diagnostikoa eta analisia egiteko eta jarduteko arloak erabakitzeko lantalde batean parte hartzen du. Taldean erakunde, enpresa eta jakintza esparruko ordezkariek hartzen dute parte, eta, aldi berean, jarduteko arlo horiek EAEko RIS3 estrategiarekin lotzeko lan egingo dute.

Taldeak Ekintza Plan bat diseinatuko du hiriaren espezializazioko hiru sektoreentzat: industria sortzaileak, ekonomia digitala eta zerbitzu aurreratuak, lurralde osoari (Bizkaia-Euskal Autonomia Erkidegoa) egin diezaiokeen ikuspegitik. Ekintza Plan horrek 3 proiektu traktore definitzea espero da, gero elkarlanean garatzeko.

Lantaldearen lehenengo saioa uztailaren 21ean izan zen, eta deitutako erakunde guztietako ordezkariek hartu zuten parte bertan: Leyre Bilbao (Eusko Jaurlaritza); Ainara Basurko (Bizkaiko Foru Aldundia); Gorka Artola (UPV/EHU); Lander Beloki (http://www.mondragon.edu/eu); Guillermo Dorronsoro (Deustuko Unibertsitatea); Fernando Espiga (Tecnalia); Tomás Iriondo (GAIA); Luis Fernando Martinez (AVIC); Itziar Mena (EIKEN); eta Edurne Magro (Orkestra).

Xabier Otxandiano Bilboko Udaleko Ekonomia Garapen, Merkataritza eta Enplegu zinegotziak ongi etorria eman zien parte hartzaileei eta azpimarratu zuen garrantzitsua zela taldean hiru gobernu mailak, enpresa arloa eta arlo akademikoa ordezkatuta egotea. Bestalde, Nora Sarasola Bilbao Ekintzako zuzendariak agerian utzi zuen proiektuak galdera bati erantzun nahi diola: nola lerrokatu eskualde esparrua eta udal esparrua RIS3 estrategietan eta, testuinguru horretan, zein egiteko duten hiriek.

Gogoetari hasiera emateko, Edurne Magro Orkestrako ikertzaileak hiriaren hiru espezializazio sektoreen hurbilketa kuantitatiboa aurkeztu zuen. Ildo horretatik, azpimarratu zuen industria sortzaileek inguruneko aldaketa azkarretara egokitzeko erronkari egin behar dietela aurre; ekonomia digitalari dagokionez, kontuan hartu behar dela industrien talde heterogeneoa dela, zerbitzuak nagusi izanik; eta, zerbitzu aurreratuetan, berrikuntza ukiezina dela.

Taldearen lana In focus proiektuaren baitan kokatzen da, Europako Batzordearen Urbact programak finantzatua. Bilborekin batera, Europako beste 7 hirik hartzen dute parte: Bielsko-Biala (Polonia), Bukarest (Errumania), Frankfurt (Alemania), Grenoble (Frantzia), Ostrava (Txekiar Errepublika), Plasencia (Espainia) eta Torino (Italia). Hirien sare honen baterako lanetik ateratako emaitzekin, metodologia bat osatuko da hirien eta eskualdeen arteko espezializazio estrategia integratuak garatzeko, eragile esanguratsuenen lerrokatzean oinarrituta.

Proiektua aitzindaria da; izan ere, hiriek eskualde garapenean egiteko estrategikoa badute ere, orain arte ez dira nahikoa kontuan hartu, ez RIS3 estrategien kontzeptualizazioan eta ez praktikan.