2026ko  uztailaren 13a

Proyecto empresa familiar - Orkestra y BBK

BBKk eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak "Familia enpresa Euskal Autonomia Erkidegoan: laguntza ekosistema, erronkak eta lehentasunak” txostena argitaratu dute. Ikerlanean Deusto Business Schoolen eta Antonio Aranzabal Fundazioaren Familia Enpresaren Katedrak ere hartu du parte, eta lurraldeak ekonomiaren funtsezko motor horren jarraitutasuna ziurtatzeko duen gaitasuna aztertu da.

Lana Orkestraren Enpresen Errotzearen ikerketa ildoaren eta BBKren “Printzipiodun Inbertsioa” ereduaren barruan dago. Bi erakundeek helburu komun bat dute: balio ekonomikoaren sorkuntza lurralde errotzearekin eta gizarte eraginarekin uztartuko duen lehiakortasun eredu eraldatzaile bat indartzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko familia enpresaren laguntza ekosistemaren maparen diagnostikoa

Txostenak Euskal Autonomia Erkidegoko familia enpresen laguntza ingurunea osatzen duten eragile, baliabide eta dinamiken azterketa egituratua eta zehatza eskaintzen du. Datuek familia enpresaren ereduak euskal ekonomian duen garrantzi izugarria erakusten dute: 2024an, familia enpresak enpresa guztien % 86,1 ziren, eta enpleguaren % 43,1 eta balio erantsiaren % 45 sortzen zuten.

Egungo ekosistema aztertu ondoren, ikerketak bost erronka nagusi identifikatzen ditu familia enpresaren jarraitutasuna eta errotzea bermatzeko:

  1. Enpresa hazkundea eta lurraldean errotutako jabetza: familia enpresa helduen hazkundeari laguntzeko berariaz diseinatutako finantza eta kudeaketa tresnen falta antzematen da, familia kontrola eta tokiko errotzea gal ez daitezen.
  2. Familia gobernantza aurreratua: laguntza eragileak badauden arren, beharrezkoa da sentsibilizazio hutsetik etengabeko bidelaguntzara igarotzea, familiaren, enpresaren eta ondarearen arteko harremanetan aldaketa sakonak arrakastaz ezartzeko.
  3. Belaunaldi berriak eta talentua erakartzea: gaur egun, estaldura espezifikorik txikiena duen eremua da hau. Erreleboa ez da familia ondorengotzara mugatu behar; aitzitik, berrikuntzaren gidari izango den talentu kualifikatu gaztea eta kanpokoa erakartzeko aukera ere bada.
  4. Balioak, irudia eta ospea: funtsezkoa da familia enpresaren gizarte ekarpena ikusaraztea, talentua erakartzeko gaitasuna hobetzeko eta gizarte zilegitasuna indartzeko.
  5. Lurraldearekiko elkarrizketa eta elkarlana: topagune ugari daude, baina erronka da topagune horiek gaitasunak lotzeko eta erabaki estrategikoetara bideratutako elkarlana sortzeko tresna baliagarri bihurtzea.

Era berean, txostenak Euskal Autonomia Erkidegoan garrantzia hartzen ari den fenomeno bat identifikatu du: familia enpresaburu batzuk enpresen, ondarearen eta inbertsioen konfigurazio konplexuagoetara hurbiltzen ari dira, alegia, “familia galaxiak” sortzen hasi dira. Kontzeptu horrek azaltzen du familiak dagoeneko ez duela enpresa bakarra kudeatzen, baizik eta negozio, inbertsio, fundazio eta ondarea kudeatzeko bulegoen (family offices) sare edo konstelazio oso bat koordinatzen duela. Horrela, ikerketak familia horiek beren eragin ekonomikoa nola antolatzen duten, erabaki estrategikoak nola hartzen dituzten eta beren legatua lurraldean epe luzera nola ziurtatzen duten aztertzen du.

Beste mugarri bat Enpresen Errotzearen ikerketa ildoa sendotzeko

Proiektu hau ez da ahalegin isolatu bat, baizik eta Orkestrak eta BBKk elkarrekin duten beste ekimen batekin lotuta dago eta haren osagarri da: Euskal Autonomia Erkidegoko “Ezkutuko Txapeldunen” Behatokia. Behatokiak nazioarteko merkatu nitxoetako liderrak diren euskal enpresak ikusaraztea eta sustatzea du helburu; aurkeztu berri den txostenak, berriz, familia enpresari, haren jarraitutasunari eta lurralde errotzeari buruzko jakintza aplikatuaren ildo osagarri bat irekitzen du.

Bi proiektuek sendotasuna ematen diote BBKren ikuspegiari, jakintza baliagarria sortzen baitute Printzipiodun Inbertsioaren estrategia indartzeko. Inbertsio arduratsuko eredu horrek gizarte eragina, jasangarritasuna eta lurraldearen garapena sustatzen ditu.