2015eko azaroaren 19a

Gipuzkoako Foru Aldundiko lurralde garapenerako estrategiaren arduradunak eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko lurralde garapeneko ikertaldea 30 profesional baino gehiagorekin elkartu da gaur, erakunde, garapen agentzia, zentro teknologiko eta unibertsitateetatik etorriak. Saioaren helburua izan da esperientziak eta iritziak partekatzea, eragile horiekin guztiekin gobernantza eredua eraikitzen jarraitzeko eta, horren bidez, Gipuzkoaren etorkizuneko gizarte eta ekonomia ongizatea bermatzeko.
Bilera “Gipuzkoa Sarean, Bidean” liburuaren aurkezpena baliatuz antolatu da. Liburu horrek eskualdeetako eragileen eta berrikuntza eta jakintza sistemako eragileen iritziak biltzen ditu, orain dela hiru legegintzaldi Gipuzkoa Sarean proiektua abian jarri zenez geroztik, proiektu horren diseinuan eta garapenean parte hartzeko aktiboa izan dutenak guztiak. Lana gaur aurkeztu da Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean, eta bidean aurkitu diren erronkak nola gainditu diren utzi nahi du agerian, proiektuaren inguruko gogoeta egitearekin batera. Era berean, erakusten du Orkestrak bultzatutako ikerketa-ekintza metodologiaz baliatuz eta elkarrizketarako guneak sortuz prozesuan parte hartu duten eragileen pentsatzeko modua aldatzea lortu dutela, epe luzera iraunkorra izango den lurralde garapeneko prozesuari ekiteko.
Liburuaren aurkezpenean honakoek hartu dute parte: Xabier Barandiaran, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiaren Kabineteko burua eta proiektuaren arduraduna 2009tik 2011ra; Iñaki Errazkin, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiaren Kabineteko burua eta Gipuzkoa Sareanen arduraduna 2011tik 2013ra; Pedro Iturbe, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Garapenerako Zuzendaritzako zuzendari ohia eta Gipuzkoa Sareanen arduraduna 2013tik 2015era; Sebastian Zurutuza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kudeaketa Estrategiako zuzendaria eta Gipuzkoa Sareanen gaur egungo arduraduna; eta Miren Larrea, Orkestrako ikertzailea eta Zubigintza-Gipuzkoa Sareaneko ikerketa-ekintzarako laborategiko koordinatzailea 2009tik gaur egun arte.
Guztiek azpimarratu dute lurralde garapeneko eredu bat eraikitzerakoan, garrantzitsua dela eskualdeko eragileen, udalen, erakundeen, enpresen eta gizartearen jakiteak eta ahotsa kontuan hartzea, adostasunez, norabide berean, aurrera egiteko eta, horrela, elkarren gaitasunak eta ahaleginak osatzeko, krisitik indartuta atera nahi badugu.
Xabier Barandiaranek, esker oneko hitzak izan ditu Miren Larrea, Mari Jose Aranguren, Orkestrako zuzendari nagusia, eta Ander Arzelusentzat, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kabineteko zerbitzu burua, esan duenez, egitasmoari hasiera eta jarraipena eman dioten eragileak. Barandiaranen hitzetan, proiektua erakundeak gizarte antolatura hurbildu eta krisi politiko orokorrari erantzuna emateko beharrak eragin zuen. Hirugarren arrazoia, gehitu duenez, eragile politiko ezberdinen arteko gune komunak irekitzea zen. “Liskar politikotik proiektu asko trabatu ditu Gipuzkoan eta akordioa posible den erabaki gune berriak irekitzeko beharra zegoen”, adierazi du. Zentzu honetan, erakundetan izandako gobernu aldaketen gainetik proiektuak bizirik dirauela nabarmendu du eta guztien ekarpena, partaidetza eta eskuzabaltasuna eskertu ditu.
Iñaki Errazkinek, proiektuaren ardura 2011n hartu zuenak, adierazi du Gipuzkoa Sareanen ereduaren aldeko apustua egitea eta epe luzeko ikuspegiz jokatzea "gure Aldundiaren erabaki egokia izan zela, horrek aukera eman baitzigun eskualdeetako eragileengana modu kualitatiboan iristeko: lehenengo aldiz izan zuten aukera elkarrizketarako guneetan elkarrekin esertzeko, eskualde bakoitzeko errealitatea eta erronkak mahai gainean jarri eta lurraldearen garapena, osotasunean, bermatzeko estrategiak eta apustuak proposatzeko". Era berean, Errazkinen azpimarratu du Gipuzkoa Sareanek aukera eman ziela eskualdeko eragileekin zuzenean hitz egiteko, haien ideiak eta kezkak jaso ahal izateko.
Pedro Iturbe proiektuaren arduraduna izan zen 2013tik 2015era eta ildo beretik mintzo da: “Gipuzkoako Foru Aldundiak gizartearen zerbitzura egon behar du, erakunde publikoen eta pribatuen parte hartzea ahalbidetu eta mugiarazi behar du, guztiok norabide berean aurrera egiteko, lurraldearen jakintza eta baliabideak optimizatuz, jakintza sarea antolatuz, eta norabidea eta estrategiak definituz, horrela eskualdeen beharrak lehenetsi daitezen Gipuzkoako lurraldea eraikitzeko prozesuan”.
Liburuaren aurkezpenean, Miren larrea Orkestrako ikertzaile eta Gipuzkoa Sareaneko ikerketa laborategiko koordinatzaileak ikerketa-ekintza metodologiak proiektuaren garapenari egin dion ekarpena azpimarratu du, proiektua hasi zenetik metodologia hori erabili baita. “Eredu horrek gogoeta eta ekintza uztartzen ditu, etengabe. Horrela, ebaluazio jarraitua ahalbidetzen du eta ekintza gogoetara bideratzen du eta bidean azaldu diren arazoei irtenbideak emateko lan egiten da”. Metodologia hori lurralde garapeneko partaidetzazko eraikuntza prozesuetan erabiltzen bada, gobernantza partekatzeko, “prozesuak koherentzia handiagoa izango du, metodologia horrek aukera ematen baitu eragile desberdinen interesak orekatzeko eta diskurtsoa eta ekintzak etengabe doitzeko”.
Miren Larreak erantsi du Gipuzkoa Sarean garapen eredua nazioan eta nazioartean aintzatetsi dela eta azterketa kasu ere bihurtu dela, gai izan delako politikarien eta lurraldeko eragileen interesak batzeko, gune bakarrean, denbora luzean.
Orainaldira etorrita, Sebastian Zurutuzak proiektua Foru Aldundiaren gobernantza ereduan “erabat” txertatzen dela esan du. Aurrera begira, egitasmoari jarraipena emateko asmoa agertu du baina hobekuntza barruk iragarri ditu. Adibidez, egungo foru Gobernuak helburu estrategikotzat jarri duen ekonomia sustapenarekin uztartzea. Eusko Jaurlaritza ekimenera gehitu, tokiko eragileekin harremanak sendotu eta hirugarren lan espazio bat sortzea, lurralde ikuspegi batetik lan egingo duena, dira Zurutuzak aipatu dituen beste hobekuntzak.