2025ko martxoaren 27a
Akordioak Eusko Jaurlaritzaren ingurumen eta klima politikaren helburuak lortzen lagundu nahi du
Hitzarmen berria 2028ra arte egongo da indarrean
Ihobe-Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak lankidetza hitzarmen berria sinatu dute. Hitzarmena indarrean egongo da 2028ra arte, eta helburua izango da aurrekontu berdeen, Administrazio Publikoak trantsizio energetiko-klimatikoa bultzatzeko tresna ekonomiko, finantzario eta fiskalak erabiltzeko moduaren eta pareko gaien inguruko ikerketa proiektuak elkarrekin garatzea.
Alexander Boto Ihobeko zuzendari nagusiak eta Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusiak lankidetzarako esparru akordio berria sinatu dute, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko ingurumen eta klima politikaren helburuak lortzen laguntzeko.
Hitzarmena sinatu ondoren, Alexander Botok “erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetza akordioak egitearen garrantzia” adierazi du. Nabarmendu duenez, “Orkestra Institutuak ezagutza eta esperientzia garrantzitsua ematen du ingurumen politika eraginkorrak eta proiektu berritzaileak hobeto inplementatzeko. Lankidetza hau lagungarria izango da ingurumen erronkei ikuspegi integral eta estrategiko batekin aurre egiteko; hala, euskal gizarte osoari mesede egingo dion garapen jasangarria sustatuko dugu."
Horrez gain, Mari Jose Arangurenek adierazi du akordioak indartu egiten duela Orkestrak Euskadin lehiakortasuna eta jasangarritasuna bultzatuko dituen ezagutza sortzeko duen konpromisoa: “Ihoberekin lankidetzan aritzeak aukera emango digu tresna ekonomiko eta finantzarioak trantsizio energetiko-klimatiko eraginkor baterako funtsezko palanka nola izan daitezkeen aztertzen jarraitzeko, trantsizio energetikoa bizkortzen duten tresna berritzaileak diseinatuz, euskal enpresa sarearen lehiakortasuna arriskuan jarri gabe".
Azken batean, Ihobek eta Orkestrak beren estrategiak batzeko erabakia hartu dute, gure herriarentzat eta erakundeentzat lehiakortasun balio jasangarria handitzeko.
Lankidetza sendotua
Orkestra eta Ihobe 2017tik ari dira elkarrekin lanean jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren esparruan. Duela gutxi Euskal industriarako lehengai kritikoak eta funtsezko metalak txostena argitaratu dute, non enpresa sareak, sare zientifiko-teknologikoak eta Administrazio Publikoak elkarrekin hartutako hainbat tresna aurkezten diren, Euskadiko ekonomiarako giltzarri diren lehengai kritikoen eta metalen hornidura faltari lotutako arazoei irtenbideak eskaintzeko.