2017ko urriak 3 

Ihobe Orkestra firma acuerdo

Eusko Jaurlaritzaren Ihobe Sozietate Publikoak eta Orkestrak lankidetza-hitzarmena sinatu dute jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren esparruan, EAEko enpresen artean lehiakortasuna eta negozio-aukera berrien sorrera sustatzeko.

Jesús Losada Ihobeko zuzendariak eta Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendariak Bilbon izenpetutako hitzarmenaren lehen ondorioetako bat izango da ikerlan bat egitea identifikatzeko euskal enpresek, beren produkzio-prozesuetan lehiakortasun-faktore gisa ekonomia zirkularraren alderdiak txertatuz, aurkitu ditzaketen aukerak.

Azterketa horretan, Orkestrak elkarrizketak egingo dizkie enpresa-elkarteen zuzendaritzetan nahiz EAEko klusterretan ardurak dituzten pertsonei, aktibitate-sektoreetan «ingurumen balioa»ren integrazio-mailak ematen duen posizionamendu estrategikoa zein den eta zer aukera ematen dituen ikusteko.

«Hitzarmena Europar Batasunak bultzatzen duen ekonomia zirkularraren eredu berriaren baitan kokatzen da. Eredu horretan, ingurumena funtsezko lehiakortasun-faktore bilakatzen da, enpresek baliabideetan eta lehengaietan kostuak aurrezteko duten potentzialtasun izugarriaren ondorioz. Erakunde guztiek ikusten dute eredu hori hainbat helburutarako baliogarria den iturri erreal gisa, hala nola enpresa berritzaileak sortzeko, ekintzailetza garatzeko eta enplegu berdea sortzeko» adierazi du Jesús Losadak, Ihobeko zuzendariak.

Orkestrako zuzendari nagusi Mari Jose Arangurenek, berriz, hauxe gaineratu du: “gure enpresa-ekosistemak aukera garbiak ditu ekonomia zirkularraren alorrean garatzeko, eta, hortaz, lagungarria izan daiteke lurraldeko lehiakortasuna hobetzeko. Orkestraren aldetik, gure helburua da pizgarri moduan funtzionatzea, ikerketa eraldatzailearen ikuspegitik, industria eraginkorragoa garatzeko beharrezkoak diren elementuak integratzen laguntzeaz batera, bai produktibitate aldetik eta bai ingurumen aldetik”.

Hitzarmena sei hilabetean behin berrikusiko da, eta helburu nagusia Eusko Jaurlaritzari ingurumen-politikaren helburuak lortzen laguntzea da, ekonomia zirkularreko gaietan eta ekonomia zirkularrak enpresen lehiakortasunarekin duen erlazioan.