2023ko urriaren 27a
Lehiakortasunerako Euskal Institutuak lankidetza-hitzarmena sinatu du Harvardeko Unibertsitateko Growth Lab zentroarekin, nazioarteko garapenari eta hazkunde ekonomikoari buruzko ikerketa-zentro errespetatuenetako eta eragingarrienetako bat
Akordioa Bilbon sinatu da eta laborategiko zuzendariak, Ricardo Hausmann ekonomialariak, Orkestraren ikerketa-ildo nagusiak ezagutzeko aukera izan du
Bi erakundeek uste dute lankidetza funtsezkoa dela nazioartean jardunbide onenak ateratzeko eta eskualde-garapena bezalako esparruetan ikaskuntzak partekatzeko
Orkestrak bere ikerketa ildo nagusien inguruko jakintza partekatzen du unibertsitate, elkarte eta erakundeen sare zabalarekin, lankidetza hitzarmenez baliatuz. Modu horretan, nazioarteko beste esperientzia batzuetatik ikasten du eta Euskadi lehiakortasunean eta ongizatean erreferente gisa kokatzen laguntzen du institutuak.
Konpromiso horren ildotik, institutuak lankidetza-hitzarmena sinatu du Harvardeko Unibertsitateko John F. Kennedy Gobernu Eskolako Growth Lab ikerketa-laborategiarekin. Growth Lab nazioarteko garapenari eta hazkunde ekonomikoari buruzko ikerketa-zentro errespetatuenetakoa eta eragin handiena duena munduan. 2006an abiarazi zenetik, laborategiak 50 ikerketa-ekimen baino gehiago egin ditu ia 30 herrialdetan, eta nazio-, eskualde- eta toki-mailako politikak, estrategiak eta agendak definitu ditu.
Akordioa gaur sinatu da Bilbon eta bertan Growth Lab-eko zuzendari Ricardo Hausmannek parte hartu du. Zentroa zuzentzeaz gain, Hausmann Harvardeko Unibertsitateko irakaslea da, eta Europar Batasuneko Joint Research Center-en (JRC) 2023ko Ekonomia Saria jaso berri du, "konplexutasun ekonomikoari egindako ekarpen zientifiko aitzindari eta nabarmenengatik".
Ricardo Hausmann eta Iván Martén Uliarte, Orkestrako presidentea
Hitzarmena sinatu ostean lan-bilera bat egin da, eta bertan Hausmannek Orkestraren ikerketa-ildo nagusiak ezagutu ahal izan ditu institutuko ikertzaileen eskutik.
Orkestrako zuzendari nagusi Mari Jose Arangurenek nabarmendu duenez, bai Growth Labek bai Orkestrak ezagutza sortzeko misioa partekatzen dute, mundu errealeko erronkei helduz eta erabakiak hartzen laguntzeko ikerketak garatuz: "Euskadin aurre egin behar diogun erronka garrantzitsuenetako bat jarduera industrial askoren eraldaketa da, ingurumenaren erronkaren ondorioz. Ildo horretan, erantzun beharreko funtsezko galderetako bat da zein jarduera berrietarantz eboluzionatu dezakegun, ditugun gaitasun industrialak, teknologikoak eta giza gaitasunak kontuan hartuta. Growth Lab-en nazioarteko esperientzia eta Orkestrak Euskadiren lehiakortasunari buruz duen ezagutza aliantza ona izan daitezke galdera horri heltzeko ".
Akordio horren bidez, Orkestrak eta Growth Lab-ek ikerketa-agenda bat definitzen lagunduko dute, eta ezagutzak eta esperientziak partekatuko dituzte eskualde-garapenean, ekonomiaren sofistikazioaren azterketan edo trantsizio handiek dakartzaten erronketan.