2022ko abenduaren 16a

Mari Jose Aranguren durante su presentación en la reunión anual de la red MOC

 Mari Jose Aranguren MOC sarearen urteko bileran 

Harvard Business Schoolek bultzatutako MOC sareak urteko bilera du aste honetan Bostonen, sarearen 20. urteurrenarekin bat. Orkestrak ere parte hartzen du bilera honetan. Hain zuzen ere, Orkestra lehiakortasunaren arloan lan egiten duten mundu osoko erakundeak biltzen dituen sare horretako kide nabarmena da.

2002an, Michael Porter irakasleak eta Harvardeko Unibertsitateko bere lankideek Microeconomics of Competitiveness (MOC) ikastaroa sortu zuten, lehiakortasunaren faktore erabakigarriak aztertzeko. Ikastaroarekin batera, MOC sarea sustatu zuten. Sare hori mundu osoko hezkuntza erakunde ugarik osatzen dute, ikastaroa ematen dutenak eta lehiakortasunaren esparruan ikertzen dutenak.

Deustuko Unibertsitatea 2003an hasi zen MOC Euskal Autonomia Erkidegoan eskaintzen. Hiru urteren ondoren, Orkestra sortzea bultzatu zuen, lehiakortasunarekin lotutako irakaskuntza eta ikerketa jarduerak sendotzeko.

Gaur egun, mundu osoko 120 erakunde baino gehiago biltzen dituen sare horretako kide nabarmena da Orkestra. Gure zuzendariak, Mari Jose Arangurenek, hitzaldia eskaini du aste honetan Bostonen egiten ari den sarearen urteroko topaketan: “MOC sareak lehiakortasunari buruzko hizkera komuna sortzen lagundu digu Euskal Autonomia Erkidegoan. Guztira, arlo horretan 450 pertsona baino gehiagok jaso dute prestakuntza eta sareari esker, mundu osoko lehen mailako erakundeekin ikaskuntzak partekatzeko aukera izan dugu”, ziurtatu du.

Arangurenen arabera, Porter irakaslearen ikerketek eragin argia izan dute Euskal Autonomia Erkidegoko kluster politikan, eta MOCeko ikasleen sarea funtsezkoa izan da lurraldean erakunde horien inguruko jakiteak eta kultura zabaltzeko.

Orkestra, MOC sarearen lehiakortasunerako institutu nagusia

Lehiakortasun institutuak funtsezko plataforma dira MOC sarearentzat, tokian tokiko administrazioko eta enpresa arloko bazkideekin egiten diren eragin handiko proiektuetan parte hartzen dutelako eta lehiakortasunarekin lotutako irakaskuntza eta ikerketa jardueretarako egitura sendoagoa eskaintzen dutelako.

Orkestra sareko institutu nagusietako bat da, egiten dituen proiektuen kopuruagatik edo bere taldearen tamainagatik ez ezik, baita Euskal Autonomia Erkidegoan ongizatea helburu duen lehiakortasunean eragiteko duen gaitasunagatik ere. Horregatik, aurten, leku nabarmena izan du MOC sarearen urteko bileran. Mari Jose Arangurenek hitzaldia eskaini du topaketaren lehen egunean. Bertan, institutuak lurralde lehiakortasunari buruzko jakintza Euskal Autonomia Erkidegoko erronkekin nola lotzen duen azaldu du, ikerketa eraldatzailea eginez.

Orkestra arrakasta kasu gisa azaltzen da MOC sarearen 20. urteurrenaren harira, sarearen ibilbidea eta lehiakortasunari egiten dion ekarpena laburbiltzen duen argitalpen berezian. Txostenak azpimarratzen du institutuak duen gaitasuna Euskal Autonomia Erkidegoaren lehiakortasun egoerari buruzko analisiak sortzeko eta erabakiak hartzen laguntzeko. Horrekin batera, nazioartean ikerketa zentro gisa duen garrantzia eta euskal ekonomiari buruzko jakiteak munduan zehar zabaltzeko duen gaitasuna ere nabarmentzen ditu.

Horren erakusgarri, Harvardeko Unibertsitatean 2016an Orkestra kasua idatzi zuen. Kasu horrek Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren balio berezia nabarmentzen du eta, horrekin batera, ikerketa akademikoa eta prestakuntza lurraldeko beste eragile publiko zein pribatu batzuekin lankidetzan egindako proiektuen garapenarekin uztartzeko gaitasuna. Harvardeko kasuak erreferente dira munduan, eta Orkestrari buruzko ikerketa kasu bat egin izanak ospe handia ematen dio Institutuari eta nazioartean duen kokapena indartzen du.

Sarearen urteurrenaren ospakizuna Euskadin, 2023an

MOC Orkestraren prestakuntza jarduera nagusietako bat izan da sorretatik bertatik, baina ikastaroa 2003az geroztik eskaintzen zuen Deustuko Unibertsitateak. Urte hauetan guztietan, enpresa munduko, erakunde publikoetako eta esparru akademikoko 450 lagun baino gehiagok hartu dute parte Microeconomics of Competitiveness programan. Ikastaroak Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasunaren eta haren erronken inguruan hizkera eta ikuspegi komuna sortzen lagundu du.

Sarearen 20. urteurrena dela eta, 2023an topaketa bat egingo da unibertsitatean, MOCeko ikasle ohiak Euskal Autonomia Erkidegoan elkartzeko, programatik igaro ondoren beren esperientziak eta ikaskuntzak parteka ditzaten. Ekitaldiari buruzko informazioa laster argitaratuko da gure webgunean.