2022ko abenduaren 2a

Informe anual FP Caixabank Dualiza y Orkestra

 Antonio Mondaca, Mónica Moso, Jose Ignacio Goirigolzarri, Paula San Luis, Juan Gamboa eta Mikel Albizu txostenaren aurkezpenean, Bartzelonan | © CaixaBank Dualiza 

Orkestrak eta CaixaBank Dualizak Lanbide Heziketaren Behatokiaren urteko txostena aurkeztu dute. Txostenak lan merkatuko joerak identifikatu eta Lanbide Heziketaren egoera eta bilakaera aztertzen ditu

Merkatuaren eskariei erantzuteko, Lanbide Heziketako profesional kualifikatuak falta dira eta arazoak datozen urteetan ere iraungo duela aurreikusten da. CaixaBank Dualizak eta Orkestrak Lanbide Heziketaren Behatokiaren urteko txostenean egin duten analisiaren arabera, lanbide heziketako tituludunen eskasiak datozen urteetan ia 100.000 enplegu aukera bete gabe uztea ekarriko luke.

Txostenak Lanbide Heziketak Espainian eta bertako erkidego eta hiri autonomoetan duen egoera eta bilakaera aztertu ditu, eta atzo aurkeztu zen, Bartzelonan, CaixaBanken egoitzan. Jose Ignacio Goirigolzarri CaixaBankeko presidenteak eman zion hasiera ekitaldiari eta Orkestrari eskerrak eman zizkion txostena egiten laguntzeagatik. Adierazi zuen lanbide heziketak asko lagundu dezakeela digitalizazioak, ekonomia jasangarrirako eraldaketak edo erronka demografikoak ekarri dizkiguten erronkei aurre egiten, lanbideko profilak lan merkatuak eskatzen dituen ezaugarrietara egokitzeko gaitasun handia duelako.

Azterketaren emaitzak txostenaren bi egilek aurkeztu zituzten: Mónica Moso CaixaBank Dualizako Lanbide Heziketaren inguruko Jakintza eta Berrikuntza Zentroko arduradunak, eta Juan Gamboa Orkestrako ikertzaileak.

Mosok azpimarratu zuen aurtengo txostenean kontuan hartu dela Lanbide Heziketako Lege berria. Hain zuzen ere, legeak eragin zuzena izango du enplegu sorkuntzan, bi arrazoirengatik: batetik, baliabideak ugarituko direlako eta, ondorioz, baita sisteman eskaintzen diren tokiak ere, eta, bestetik, profilak hobeto egokitu ahal izango direlako enpresen beharretara.

Gamboak azpimarratu zuen Espainian Lanbide Heziketako tituludunentzat 2030era arte sortuko diren enplegu aukerak kuantifikatu direla, lehen aldiz: “Zenbatespenen arabera, ekonomia osoan, 2030erako, 8.654.362 aukera berri sortuko dira, eta 4tik 1, Lanbide Heziketarako izango da”. Orkestrako ikertzailearen arabera, datuek adierazten dute merkataritzan eskatuko direla lanbide heziketako profesional gehien eta, horren ondotik, manufakturako industrian eta osasun jardueretan.

Autonomia Erkidegoetako emaitzak

Txosten osoa dagoeneko eskuragarri dago Lanbide Heziketako Behatokian. Autonomia erkidego edo hiri autonomo bakoitzerako fitxa bat ere prestatu da, 14 adierazlez baliatuz, Lanbide Heziketaren egoera eta enplegu aukerak azaltzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, 2020-2021 ikasturtean 984.353 ikasle zeuden Lanbide Heziketan matrikulatuta. Ikasle gehien duten familiak fabrikazio mekanikoa (% 14,8), elektrizitatea eta elektronika (% 10,1) eta osasuna (% 9,5) dira.

Txostenaren arabera, 2022 eta 2030 urteen artean Euskal Autonomia Erkidegoan 12.895 lan aukera sortuko dira Lanbide Heziketako tituludunentzat, horietako % 74,3, zerbitzuen sektorean.

Lanbide Heziketari buruzko 300 adierazle baino gehiago

CaixaBank Dualizak eta Orkestrak plataforma interaktibo bat jarri dute erabiltzaileen eskura, Lanbide Heziketaren ikuspegi orokorra eskuratzeko: Lanbide Heziketaren Behatokia.

Plataforma 2020an jarri zen abian eta estatistika iturri publiko eta pribatuetako datu kuantitatiboak biltzen ditu, eskura dauden azken datuekin eguneratuta. Datu base zabal horrek lanbide heziketaren ikuspegi orokorra eskaintzen du, 370 adierazle bakan eta 2.000 adierazle konbinatu baino gehiagoz baliatuz.

Informazioa eskuratzeko hainbat maila eskaintzen ditu, lurraldeen arabera desagregatuta. Gainera, hilean behin azterketa zehatzagoak egiten ditu, Lanbide Heziketak hainbat sektoretan duen eragina sakonago aztertzeko (esate baterako, logistika eta garraioan edo ostalaritzan) edo Garapen Jasangarrirako Helburuekin duen lotura ikusteko, besteak beste.

Informe de Competitividad
2022ko TXOSTENA

Una nueva Ley de FP para unos nuevos tiempos

Ikerketa taldea: Juan Gamboa Navarro (zuzendaria), Mónica Moso Díez (zuzendaria), Mikel Albizu, Antonio Mondaca, 
Asier Murciego, Mikel Navarro, Etorne Ugalde eta Ayoub Zouairi. 

+ Jaitsi txostena